Beste preso bat hil da Zaballako espetxean, aurtengo hirugarrena

Larunbatean agertu zen, urkatuta, 4. moduluko bere ziegan; 32 urte zituen. Salhaketak deitoratu du «ekidin zitekeen tragedia bat» izan dela

Salhaketak iaz deitutako elkarretaratzea, Zaballako espetxean izandako heriotza bat salatzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Zaballako (Araba) espetxeko hildakoen zerrendak maila bat egin du gora: joan den larunbateanpreso bat hilotz topatu zuten bere ziegan, urkatuta. 32 urteko gizonezko bat zen, eta kartzelako 4. moduluko kideek topatu zuten hilik. Zaballako espetxean aurten izandako hirugarren heriotza da. Joan den uztailaren 17an 23 urteko gizonezko bat hilik agertu zen bere ziegan, eta aurretik, apirilaren 7an, espetxe bereko beste preso bat zendu zen ospitalean, Gasteizen .

Azken heriotzaren berri Salhaketak eman du, ohar baten bidez. Elkarteak jakinarazi du Zaballako espetxeko 4. moduluko kideek urkatuta aurkitu zutela presoa bere ziegan, goiz partean, eta jaitsi egin zutela eta suspertzen saiatu zirela zerbitzu medikoa iritsi arte; ez zuten lortu, ordea. Presoa Iruñetik Zaballara iritsi zen abuztuaren 4an, eta bertako erizaindegian zegoen ordutik. Arreta psikologikoa behar zuen, Salhaketak jakinarazi duenez. Alta, Zaballara ailegatu zenean gizarte-langileak baino ez zuen ikusi, presoak bi aldiz eskatu zuen arren psikologo batek artatzea.

Azken heriotza hori salatzeko, elkarretaratzera deitu du Salhaketak hurrengo astelehenean, 12:00etan, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean, Gasteizen. Izan ere, aurtenZaballako presondegian hildako hirugarren presoa da, eta, beste kasuetan bezala, «ekidin zitekeen tragedia bat» izan da, elkarteak deitoratu duenez. «Espainiako kartzeletan hildako pertsonen zifra makabroa loditu duen iragarritako heriotzen kronika berri bat baino ez da». Hildako gehienak «arrazoi ez-naturalengatik» hilda agertzen diren gazteak direla ohartarazi du elkarteak. Izan ere, azken urteotan zendutako preso gehienak ez ziren 30 urtera heltzen.

Arabako kartzelan hiltzen ari diren presoen kopuruak sortzen du, bereziki, kezka. Iaz, beste bost preso hil ziren Zaballan. Bi kasutan, droga gaindosiei egotzi zieten gertatutakoa, eta beste bi kasutan, presoek beren buruaz beste egin zutela esan zuten. Bosgarren kasuaren inguruan ez zen informaziorik eman.

Heriotzak «ezkutatzen»

Kartzelako heriotzen inguruko argibideen falta salatu du elkarteak, eta horiek «ezkutatzea» egotzi die administrazioei. Kritikatu du ez dutela inolako informaziorik ematen, eta «zigorgabetasun estrategia» baten parte izatea egotzi die. Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzari, Barne Ministerioari eta gobernuari galdegin die ea nola amaituko den egoera «beldurgarri» hori. Besteak beste, elkarteak jakin nahi du ea zenbat heriotza ezkutatu diren, nortzuk diren hildakoak, zeintzuk izan diren arrazoiak, eta gaixotasun aurreraturen bat dutenak zergatik ez diren espetxetik ateratzen.

Elkartearen aburuz, heriotza horietako gehienak eragotzi litezke, «besterik gabe, indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuko balitz». Besteak beste, Espainiako Fiskaltzari heriotza horiek ofizioz ikertzea galdegin dio, eta espetxeetako zuzendaritzei, berriz, «inpartzialtasunez» familiak informatzea eta beharrezko laguntza guztia ematea.

Presoen egoera ere izan du gogoan Salhaketak, eta gaixotasun larriak dituzten presoak «berehala» askatzeko eskatu du, bereziki bizitzaren amaieran daudenak eta buruko gaixotasunak dituztenak, kasu askotan suizidioa baitakarte. Areago joateko ere galdegin du elkarteak, eta zigor eta espetxe arloko legedia berehala erreformatzeko eskatu du.

EH Bilduk ere salatu du presoaren heriotza, sare sozialetan: «Errealitate hau onartezina da gizarte demokratiko batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.