Salima Mazari gobernadorea atxilotu duten susmoa, geroz eta zabalduago

Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
«Batzuetan bulegoan egoten naiz, eta, beste batzuetan, pistola hartu beharra izaten dut, borrokara joateko». Salima Mazariren hitzak dira: talibanak iritsi arte Txarkint barrutiko gobernadore izan zen, eta dagoeneko integristen kontrako borrokaren ikono bihurtu da. Izan ere, herrialdeko barrutietako hirutan soilik izan dute emakumezko gobernadore bat, eta Mazari izan da haietako bat , 2018tik. Horretarako hautatua izan zenetik, milizia indartsu bat osatzea izan du xede, talibanei aurre egiteko. AFP berri agentziaren arabera, 600 lagun errekrutatzea ere lortu zuten; horietako asko, nekazariak. Mazarik sarritan hitz egin du nazioarteko hedabideetan azkenaldian, talibanak Afganistanen hedatzen ari ziren bitartean, baina haren berri ziurrik ez da matxinoak boterera iritsi zirenetik. Joan den asteazkenean, The Times of India hedabideak zabaldu zuen talibanek atzeman egin zutela. Ordutik, haren askatasuna eskatzen dutenen larrialdi deia hedatzen ari da, nahiz eta, hedabideetan agertu denetatik kanpo, inork ez duen baieztatu atxilotuta dagoela.

Emakumeen eskubideen aldeko aldarriarekin lotu izan da Mazariren irudia, eta alor horretan izango diren atzerapausoez argi hitz egin zuen Associated Press berri agentziari berriki emandako elkarrizketa batean: «Talibanek kontrolatutako probintzietan jada ez dago emakumerik kalean; ezta hirietan ere. Denak euren etxeetan gakotuta daude».

Talibanen kontrako borrokara lotzeko erakutsi izan duen konbentzimenduak ere egin du ezagun Mazari, hein handi batean, haren suhartasunak talka egiten baitu gobernuaren aldeko segurtasun indarren barruan aritutako beste askoren jokabidearekin: «Ez badugu muturreko ideologien eta haiek inposatzen dituztenen kontra egiten, horiek garaitzeko aukera galduko dugu. Irabazi egingo dute, eta gizarteari garuna garbituko diote, euren agenda onar dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.