21. Korrika

Ia 40 urteko lasterketa oparoa

1980an, Oñatin egin zituen lehen metroak, eta 2017ko apirilaren 9an, Iruñean, azkenak. Ia 40 urte pasatu dira AEK-k lehen aldiz Korrika antolatu zuela, eta euskararen lasterketa urtez urte indartuz joan da.

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Korrikak 21. ekitaldia du aurten, baina, aurrekoetan eginiko bideari erreparatu gabe, nekez uler daiteke Korrikak ia 40 urtean lortu duen guztia. Hona, ekitaldiz ekitaldi, errepaso azkar bat.

1. KORRIKA (1980)

Oñatin (Gipuzkoa) hasi zen, 1980ko azaroaren 29an, Korrika Euskal Herria! lelopean, eta Bil- bon bukatu zen, abenduaren 7an, 1.820 kilometro egin ostean. Lekukoa Bilbora iritsi zenean, barruko mezua falta zen: Rikardo Arregik Euskaltzaindiari idatzitako eskutitza. Arregiren mezua ez irakurri izanak eta AEKren diskurtsoak gaiztotu egin zituen AEK-k Euskaltzaindiarekin eta EAJrekin zituen harremanak.Xabier Peña idazle eta irakaslea izan zen omendua.

2. KORRIKA (1982)

Irun?etik Donostiara, 1.822 kilometro egin zituzten, maiatzaren 22tik 30era. AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde izan zen orduko leloa. Lehenengo Korrikako okerra konpontzeko, Rikardo Arregi omendu zuten, eta bigarrenean iritsi zen haren mezua amaierara. Lasterketa arriskuan izan zen, Nafarroako Gobernadore Zibilak herrialdea zeharkatzeko baimena ukatu ziolako Korrikari. Amore eman zuen, azkenean. Bestalde, EAJren zuzendaritzak Korrika diruz ez laguntzeko eskatu zuen.

3. KORRIKA (1983)

Euskaraz eta kitto! izan zen au- keratutako leloa. Baionan hasita, 1.960 kilometro egin zituen, abenduaren 3tik 11ra. Bilbon amaitu zen, eta Gabriel Aresti omendu zuten.

4. KORRIKA (1985)

Atharratzetik (Zuberoa) Irun?era, 1.927 kilometro egin zituen euskararen aldeko lasterketak, martxoaren 31tik apirilaren 9ra. Leloa: Herri bat, hizkuntza bat lelotzat hartuta. Piarres Lafitte euskaltzaina omendu zuten, hura hil eta hilabetera.

5. KORRIKA (1987)

Hendaiatik (Lapurdi) Bilbora, 2.085 kilometro egin zituen Korrikak, apirilaren 3tik 12ra. Leloa: Euskara zeurea. Balendin Enbeita omendu zuten, eta haren seme Jonek abestu zuen aitak idatzitako mezua, amaierako ekitaldian.

6. KORRIKA (1989)

Euskara Korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK lelopean, 2.100 kilometroko bidea egin zuen Korrikak, Irun?ea eta Donostia artean. Apirilaren 14tik 23ra izan zen. Jose Migel Barandiaran antropologo eta euskaltzalea omendu zuten, hura oraindik bizirik zela.

7. KORRIKA (1991)

Gasteizek hartu zuen lehenengoz Korrikaren hasiera, martxoaren 15ean, eta lehenengoz egin zituen azken metroak Bidasotik iparraldera. 2.100 kilometroko bidea Baionan amaitu zen, martxoaren 24an. Remigio Mendiburu Korrikaren lekukoaren sortzailea omendu zuten, hura hil eta hurrengo urtean.

8. KORRIKA (1993)

Irun?ean hasi zen, eta Bilbon amaitu zen. 2.120 kilometroko ibilbidea egin zuten, martxoaren 26tik apirilaren 4ra bitartean. Denok maite dugu gure herria euskaraz izan zen leloa. Martin Ugalde kazetari, historialari eta idazlea omendu zuten, Euskaldunon Egunkaria sortu zuen taldearekin batera. Mezua, berriz, Joxemi Zumalabek idatzi zuen. Korrika Kulturala sortu zen.

9. KORRIKA (1995)

Donibane Garazin abiatu zen, martxoaren 17an, eta hilaren 26an iritsi zen Gasteizera; Jalgi hadi euskaraz lelopean egin zituen 2.150 kilometro. Mikel Laboa omendu zuten aldi hartan. Laboak berak eraman zuen lekukoa azken metroetan, eta harena izan zen lekukoaren barruko mezua.

10. KORRIKA (1997)

Lehenengo Korrika gogora ekarri, eta ibilbide eta lelo bertsuak aukeratu zituzten. Arantzazuko santutegitik (On?ati, Gipuzkoa) Bilbora egin zuen bidea, 1997ko martxoaren 14tik 23ra. Euskal Herria Korrika! izan zen leloa. Euskaltzaindia hemezortzi urtez gidatu zuen Luis Villasante omendu zuten, eta hark egin zituen lehen metroak. Azkenak, berriz, Joan Mari Torrealdaik egin zituen, AEK-ko kideekin batera. Torrealdairena izan zen lekukoaren barruko mezua.

11. KORRIKA (1999)

1+1=hamaika. Zu eta ni euskaraz hautatu zuten lelotzat, eta 11 omendu izan zituen: besteak beste, Pedro Miguel Etxenike, Joxe Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Argin?e Iturregi, Euskalerria Irratia eta Maiatz editoriala. Martxoaren 19tik 28ra, Irun?etik Donostiara joan zen. Jaurlaritzak lehen aldiz parte hartu zuen modu ofizialean Korrikan. Azken metroak Ramon Labaien euskaltzale eta Donostiako alkate izandakoak egin zituen. Hark idatzi zuen mezua bera ere.

12. KORRIKA (2001)

Mundu bat euskarara bildu izan zen leloa. Gasteiztik Baionara joan zen, martxoaren 29tik apirilaren 8ra bitartean. Juan Jose Ibarretxe izan zen lekukoa eraman zuen lehen lehendakaria. Andoni Egan?ak egin zuen azken kilometroa, eta berak idatzitako mezua kantatu zuen. Omendua Euskal Herriko Bertsozale Elkartea izan zen.

13. KORRIKA (2003)

Maulen hasi eta Irun?ean bukatu zen, eta 2.150 kilometro egin zituen, apirilaren 4tik 13ra. Leloa: AEKrekin herri bat geroa lantzen. Euskaldunon Egunkariarenitxierak eragina izan zuen Korrikan, eta Martxelo Otamendik idatzi zuen lekukoaren barruko mezua. Korrikak Ez Dok Hamahiru mugimendua omendu zuen, eta, harekin batera, euskal kulturaren pizkundea bultzatu zuen belau- naldi oso bat.

14. KORRIKA (2005)

Beren burua euskalduntzeko era- bakia hartu zuten pertsonak omendu zituen Korrikak. Leloa: Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! Haiekin batera, hilabete batzuk lehenago hil zen Andolin Eguzkitza euskaltzaina ere omendu zuen. Tere Irastortza Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak irakurri zuen mezua. Orreagatik (Nafarroa) Bilbora, 2.350 kilometro egin zituen, martxoaren 10 eta 20 artean.

15. KORRIKA (2007)

Heldu! zioen leloak, eta hainbat mezutarako eman zuen: heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari... Karrantzatik (Bizkaia) Irun?era, 2.360 kilometro egin zituen, martxoaren 22tik apirilaren 1era. Euskal emakumeak omendu zituen Korrikak, euskararen transmisioan izaniko garrantziarengatik. Xabier Amuriza eta Miren Amuriza izan ziren mezuaren egileak.

16. KORRIKA (2009)

Ordura arteko Korrikarik luzeena izan zen: Tuteratik (Nafarroa) Gasteizera, 2.503 kilometro. Martxoaren 26tik apirilaren 5era iraun zuen. Leloa: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. AEK-k euskara ikasi eta gero ondorengo belaunaldiei transmititu dietenen ahalegina omendu zuen. Pirritx eta Porrotx pailazoek egin zuten aldi hartarako mezua, eta haiek irakurri zuten Gasteizko amaiera ekitaldian.

17. KORRIKA (2011)

Euskalakarien Korrika izan zen; euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen dutenena. Maitatu, ikasi, ari... Euskalakariizan zen leloa. Trebin?utik (Araba) Donostiara egin zuen bidea, apirilaren 7tik 17ra. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz telebistako aurkezleek idatzi zuten mezua. Euskaltzaindia izan zen omendua.

18. KORRIKA (2013)

Euskara batasunerako elementu gisa aurkeztu zuen Korrikak, Eman euskara elkarri leloarekin. Andoainen (Gipuzkoa) abiatu zen, eta Baionarainoko bidea egin zuen, martxoaren 14tik 24ra. AEk-k euskara ikasten ari zirenak omendu zituen.

19. KORRIKA (2015)

Matxoaren 19an hasi zen, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta Bilbon amaitu zen, hilaren 29an, 2.500 kilometro egin ostean. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak idatzi zuen amaierako mezua. Euskara erabiltzearen garrantzia nabarmendu zuen. Hain zuzen, Euskahaldun izan zen leloa. Durangoko Azoka omendu zuen AEK-k.

20. KORRIKA (2017)

Otxandiotik (Bizkaia) abiatuta, 2.355 kilometro eginda iritsi zen Korrika Iruñera, apirilaren 9an. Leloa: Batzuk; bat eta zuk uztartzen dituen hitz jolasa. Bakoitzak ale bat jarriz gero denenak elkartuta asko izan daitezkeelako mezua, alegia. Lehen Korrika antolatu zutenak omendu zituzten, eta talde horretan zen Joseba Kanpo, lau urte lehenago zendua. Haren senideek eraman zuten lekukoa lehen metroetan. Lekukoaren barruko mezua Joseba Sarrionandiak idatzi zuen, eta audio baten bidez entzun ziren Sarasate pasealekuan haren hitzak.

Apirilaren 4an, euskalgintzako ordezkariek eta Euskal Herri osoko instituzioetakoek kilometro bateratua egin zuten, Santiago zubian, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Euskara biziberritzeko bidean elkarlanak duen garrantzia irudikatu nahi izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.