Elkarretaratzea egingo dute gaur Iruñean, Martin Villaren galdeketaren harira

Protestarekin bat egin dute 78ko Sanferminak Gogoan eta Martxoak 3 elkarteek. Hainbat europarlamentarik salatu dute Borrellen jokabidea

Villa epaitzeko kanpaina. E.P / FOKU.
Erredakzioa
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Epailearen aurrean izango da, azkenean, Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankista. 2014an abiarazi zuen prozesua Maria Servini Argentinako epaileak, baina bide judizialean hainbat oztopo eta gorabehera izan ostean, gaur izango du Martin Villak Servini parez pare. Ez dira presentzialki elkartuko, ordea. Lehenik, estradizio eskaeraren ukatzea; ondoren, galdeketa Espainian egitearen debekua, eta, azkenik, koronabirusaren krisiak eraginda, bideo deiez hartuko dio deklarazioa epaileak, Argentinak Madrilen duen enbaxadan. Eta kanpoan —Madrilen, Asturiasen eta Euskal Herrian, besteak beste—, elkarretaratzeak egingo dituzte, ministro ohiaren gehiegikeriak salatzeko. Iruñekoa eguerdian izango da, epaitegi aurrean.

Argentinako justiziak gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkio, tartean 1976ko Gasteizko martxoaren 3koa, 1977ko Amnistiaren Astekoa eta 1978ko sanferminetakoa. Guztira, bera karguan zela, 90 pertsona hil zituzten. Horregatik, elkarretaratze bateratura deitu dute Ceaqua Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordina- kundeeko kideek, eta Iruñekoan parte hartuko dute Martin Villa persona non grata izendatu duten euskal udalerrietako ordezkariek —Lizarra, Zizur, Iruñea, Irun, Gasteiz, Errenteria, Arrasate, Bergara, Elgeta...—.

Inpunitatea eta babesa

Ceaquak salatu du Martin Villa «inpunitate osoz» aritu zela, eta, egun, Espainiak oztopatzen segitzen duela ministro ohi frankistaren delituak argitzeko bidea. Hain justu, Espainiako lau presidente ohiek —Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Zapatero eta Mariano Rajoyk— babesa adierazi diote ministroari. Hainbat europarlamentarik —Izaskun Bilbaok, Pernando Barrenak, Carles Puigdemontek eta beste zenbaitek—, gainera, salatu dute Josep Borrell Europako Batasunaren diplomaziaburuak ere babesa eman diola, eta esan dute EBren legediaren aurkakoa dela. Bruselak ukatu egin du akusazioa.

LABek, berriz, gogora ekarri du Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren atzean Martin Villa zegoela, eta gaitzetsi du UGT eta CCOOko hainbat kidek ere babesa ematea ministro ohiari. «Ordain dezan borrokan segituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.