Soraluzeko emakumearen «hilketa matxista» salatu du mugimendu feministak

Lapiko jotzeak egin dituzte balkoietan. Emakundek gogorarazi du egungo baldintzetan ere biktimen arretarako zerbitzuak indarrean direla

Azken eraiketa salatzeko protesta egin zuten atzo hainbat herritan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
joxerra senar
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
COVID-19 eritasunak eragindako konfinamenduak ez du indarkeria matxistaren aurkako protesta geraraziko. Euskal Herriko hainbat herritan, Soraluzen (Gipuzkoa) herenegun izandako «azken hilketa matxista» salatu zuten makina bat herritarrek, mugimendu feministak balkoietara ateratzeko egindako deialdiarekin bat eginez. Herritarrek euren etxeko balkoitik lapikoa jo zuten 21:00etan. Soraluzen hasita, makina bat herritan entzun zen protesta: Elorrion, Lezon, Astigarragan, Donostian, Basaurin...

Herenegun goizaldean izan zen hilketa, Soraluzen. Ertzaintzak hilik topatu zuen bere etxean 73 urteko emakumea, buruan kolpe handia zuela. Haren 33 urteko semea atxilotu zuten ertzainek, eta Eibarko auzitegiko epaileak atzo bertan agindu zuen Martuteneko espetxean sartzeko. Elorrion egiten du lan, udaltzain gisa.

Neurriak konfinamendurako

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak gogora ekarri du indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzat egungo konfinamendu baldintzak «arrisku bat gehiago» direla, eta neurriak hartzeko eskatu zuten.

Emakundek, berriz, funtsezkotzat jo du gizartearen jarrera aktiboa, eta gogora ekarri zuen egungo baldintza zailetan ere genero indarkeriaren biktimen berehalako arreta eta baliabide zerbitzuak indarrean jarraitzen dutela. Diferentzia nagusi bakarra da zenbait kasutan arreta presentzialaren ordez harremana telematikoa izango dela.

Arartekoak krimen matxista gaitzetsi du irmo:«Arartekoak publikoki salatu nahi du familia barruko emakumeen aurkako indarkeria-kasu hau joera matxista hutseko krimen gaitzesgarria dela; ustez, udaltzaina den semeak, ama zaintzeko eta babesteko betebeharra zuenak, hil du, ustez, emakumea».

Atzo, Ertzaintzak Arrasaten 60 urtetik gorako gizonezko bat atxilotu zuen emazteari eraso egiteagatik. Biktima ospitalera eraman zuten lesioak zituelako. Irungo Udalak, berriz, 17 urteko neska batek tren geltokian sexu abusua jasan izana gaitzetsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.