ARRAIN HANDIEN ISURI ETENGABEA

Itsas garraioa da kostaldeko aireak duen kutsaduraren erantzule handienetako bat. Nazioarteko Itsas Erakundeak lege berria ezarriko du emisioak murrizteko asmoarekin, eta horrek eragin handia izango du sektorean. Etengabe handitzen ari da merkataritzako ontzien trafikoa itsasoan.

Ever Glory edukiontziak garraiatzeko barkua Rotterdamera iristen (Herbehereak), joan den ekainean. JERRY LAMPEN / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Munduko hamabost itsasontzirik handienek 760 milioi autok adina kutsatzen dute atmosfera; bakar batek, 50 milioi autok adina. Ez dira horiek itsas garraioaren zenbaki beltz bakarrak: munduan isurtzen den nitrogeno oxidoaren (NOx) %15 eta sufre oxidoaren (SOx) %13 kargaontzien tximinietatik ateratzen da.

Ikusi ez arren, itsasoan sortzen dena kutsadura iturri handia da kostaldeko herrientzat. Europako Batzordearen azterketa baten arabera, Europako Batasunean 50.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtean itsasontzien kutsadurak, eta 60.000 milioi euroren osasun gastuak. Erabiltzen dituzten erregaiek arnasketan eta sistema kardiobaskularrean eragin dezakete, baita minbizia sortu ere.

Egoerari aurre egiteko, Nazioarteko Itsas Erakundeak (NIE) martxan jarriko du lege berria 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera: itsasontziek erabili beharreko erregaia ezingo da %0,5 baino sufre kantitate handiagoa izan. Gaur egun, %3,5 da muga, errepideetako ibilgailuen muga baino 3.500 aldiz handiagoa, eta neurri horren bidez %80 jaitsi nahi dute itsas garraioak sortzen duen kutsadura. Adierazi dutenez, orain arte itsas garraioan ahalegin txikia egin da kutsadura jaisteko beste sektore batzuekin konparatuta, eta legearen bidez zuzendu nahi du egoera NIEk.

Ez da iritzi berekoa Santiago Bilbao, Anavas Euskal Ontzi Jabeen Erakundeko idazkari nagusia. Haren ustez, itsas garraioak «merezi gabeko ospe txarra du», etengabe ari baitira ahalegina egiten NIEren araudi eguneratuak betetzeko eta kutsadura mota guztiak erregulatzeko.

Kontuan izan behar da itsasontziek hondakin solidoen eta lastarako darabilten uraren bidez ere egiten diotela kalte ingurumenari, baina Bilbaok argi utzi du hondakin solidoak sailkatu eta portuetara ekartzen dituztela. Gas isuriari dagokionez, adierazi du «garraiatzen duen tona eta milia bakoitzeko gutxien kutsatzen duen garraioa» dela itsasokoa. Iritzi publikoan duen irudi zikina aldian-aldian gertatzen diren hondamendiei egotzi die: hidrokarburoen isuriei. Gainera, munduko salgaien %85 itsasoz garraiatzen direla kontuan izanik, Bilbaok aldarrikatu du «erlatibizatu» egin behar direla gertakari horiek ere.

NIEren araudiari buruz galdetuta, esan du ingurumenaren inguruko sentsibilitatea gero eta handiagoa dela, «zorionez». Argi utzi du hartzen diren neurriak «naturaltasunez» onartu behar dituztela, eta hala egiten ari dela itsas komunitatea. «Esparru guztietan zorroztasun berarekin ezartzea espero dugu».

Goranzko joera

Datozen urteetan itsas garraioa are gehiago handituko dela diote iragarpenek. Eta itsasoetan zehar dabiltzan 55.600 kargaontzi handiei beste batzuk batzen bazaizkie, nahitaezkoa dirudi isuriek ere gora egitea.

Euskal Herrian ere handitzen ari da sektorea. Bilbon 35,6 milioi tona merkantzia mugitu ziren 2018an, eta 2022rako 37,5 milioira igotzea espero dute. Gurutzaontzien trafikoa ere jarduera garrantzitsua da portu horretan.

Pasaian (Gipuzkoa), berriz, 3,1 milioi tona mugitu ziren 2018an, eta 2019ko lehen hiruhilekoan %12,8 handitu da portuko trafikoa. Baiona 2,35 milioi tonara iritsi zen iaz. Bilbaok dioenez, positiboak dira datuak: «Portuak euren inguruko jarduera ekonomikoaren termometroak dira». NIEren araudi berriak portuetako ingurumenari egingo dio mesede nagusiki, haren arabera.

Kutsadura datuek Euskal Herrian baino kezka handiagoa sortzen dute Mediterraneo itsasoaren kostaldean; herrialderik kaltetuenak Espainia, Italia, Grezia eta Frantzia dira. Mediterraneoko kostaldean dauden hirietako kutsaduraren %40 itsasotik dator, eta bi arrazoik eragiten dute hori nagusiki: batetik, herrialde horiek milioika bisitari erakartzen dituztela; bestetik, erregaien sufre maila kontrolatzeko dagoen lege ahula. Talde ekologistek mahai gainean jarri nahi dute gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.