Mendebaldeko Saharan sartzea debekatu diete lau parlamentariri

Astebeteko lan bisita bat egitera joanak ziren Eusko Legebiltzarreko kideak. Fronte Polisarioko eta giza eskubideen aldeko aktibistekin bildu nahi zuten

Estarrona eta Barrio. ELVIRA URQUIJO / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko lau legebiltzarkideri Mendebaldeko Saharan sartzea debekatu zien Marokok herenegun. Astebeteko lan bisita bat egitera zihoazen Carmelo Barrio (PP), Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos), Eva Juez (EAJ) eta Josu Estarrona (EH Bildu), baina, hegazkina Aaiungo aireportuan lurreratu orduko, Marokoko Gobernuko kide batek esan zien ezin zirela hegazkinetik jaitsi. Ez da halako bisita batean lurralde okupatuan sartzen uzten ez dieten lehen aldia. Hegazkinak Las Palmasera (Kanaria Handikoa) itzuli behar izan zuen, eta ordezkaritza Euskal Herrira itzuli zen atzo.

Legebiltzarreko Bakea eta Askatasuna lantaldeko kideen asmoa zen Fronte Polisarioko ordezkariekin eta giza eskubideen aldeko elkarteetako kideekin hitz egitea. Talde horrek 1991. urtetik du harremana SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko ordezkariekin. Egonaldia lau politikariekin batera egitekoa zen Nezha Khalidi kazetari eta aktibista sahararra; aurten Marokok haren aurka egina duen epaiketa batek oihartzun handia izan du nazioartean.

Herenegun zabaldutako ohar batean, EAJk salatu egin zuen Marokok «herri sahararraren errealitatea bahitzeko egindako saialdia». Jeltzaleek «gardentasun falta» egotzi zioten Marokoko Gobernuaren jarrerari. Espedizioko koordinatzaileak, PPko Carmelo Barriok, esan zuen bere alderdian gai horren inguruan «jarrera oso pluralak» daudela, bai eta «Euskadin» Mendebaldeko Sahararekiko elkartasuna «oso indartsua» dela ere. Espainiak afera horretan duen jarrera da Saharako ekintzaileen salaketa nagusietako bat. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko kideak ardura hori euren gain hartzeko eskatu zien Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi espainiarrei: «Eskaera bat PSOE, PP eta Podemosi: bideratu ezazue behingoz deskolonizazioa Saharan; zuen ardura da».

Bidaiak zeresana eman du aurten, Fronte Polisarioak Aljerian dituen kanpamentuetara bidaiatzea «arriskutsua» dela ohartarazi baitzuen Espainiako Gobernuak joan den astean. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Fronte Polisarioak, ordea, gezurtatu egin zuten Madrilek esandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.