Gipuzkoan %6,7 hondakin gehiago sortzen ari dira itxialdia hasi zenetik

Errefusa %11 ugaritu da, babes materialen ondorioz. Larreko Mahaiak salatu du errauste plantaren probetan kutsadura gehiegizkoa dela

Proba fasean da Zubietako errauste planta. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi du «normaltasun osoz» ari dela hondakinak kudeatzen. Itxialdia hasi zenetik, gainera, zabor gehiago sortzen ari da: hiri hondakinak %6,7 handitu dira, eta, horien barruan, errefusaren kopurua igo da batez ere: %11. Hala, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren arabera, «azpiegitura berriek» modua eman dute premia handiago horri erantzuteko.

Urtarrilean 15.293 tona hiri hondakin sortu zen Gipuzkoan; apirilean, berriz, 16.328 tonara iritsiko direla aurreikusi du patzuergoak. Errefus gehiago sortzeak eragin du hondakinen hazkundea: % 11,3 handitu da mota hori —urtarrilean 10.446 tona sortu ziren, eta apirilerako 11.626 espero dituzte. Ontzi arinek ere %7,4 egin dute gora, baina hondakin organikoek kontrako joera hartu dute: % 5 gutxitu dira.

GHK-k hainbat aldagairi egotzi die bilakaera hori. Batetik, etxeetako kontsumoa hazteak eta ostalaritzakoa desagertzeak ekarri du zabor mota batzuk gutxitzea. Eta, bestetik, koronabirusaren aurkako babes neurriek eragin dute errefusa handitzea, eskularruak, maskarak eta halako materialak ez birziklatzeko agindu baitute. Errefus hori Zubietako TMB eta errauste plantetan tratatzen ari direla berretsi du Asensiok, proba fasean egon arren.

Ildo horretan, Larreko Mahaia taldeak salatu du erraustegiaren probetan ez dutela lortu «kutsadura beharrezko neurrietatik behera» mantentzea. «Europako Batasunak adierazia du errausketa eta klima aldaketaren aurkako borroka ez direla bateragarriak», erantsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.