Indarkeria matxista jasan dutenentzat bertze espazio bat ireki dute Nafarroan

Bikoiztu eginen dute orain arteko harrera etxeen lekua. Konfinamendua hasi zenetik, Foruzaingoak 22 salaketa erregistratu ditu indarkeriagatik

Indarkeria matxista salatzeko banderola bat balkoi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiaren ondorioz gerta daitezkeen egoerei aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak bikoiztu eginen ditu indarkeria matxista jasan duten emakume eta adingabeei harrera egiteko orain arte zeuden lekuak. Javier Remirez presidenteordeak atzo jakinarazi zuenez, bertze harrera gune bat ireki dute asteon horretarako, eta indarkeria jasan dutenak hara joaten ahalko dira, konfinamenduak irauten duen artean, epe mugarik gabe.

Lehendik ere baziren halako zerbitzuak, eta, Remirezek azaldu duenez, gaur-gaurkoz hogei emakume eta 22 adingabe ari dira espazio horiek erabiltzen. Lau emakume eta lau adingabe espazio berrian dira jada astelehenetik. Jakinarazi dutenez, gaian aditua den langile talde bat ari da espazio berria kudeatzen, orain arteko harrera zentroetako langileekin elkarlanean, eta 24 orduz ematen dute arreta. Zerbitzu berriarekin, indarkeria matxistaren alorrean gerta daitezkeen larrialdiei erantzun nahi diete, betiere COVID-19aren ondoriozko segurtasun neurriei eutsita.

22 salaketa indarkeriagatik

Konfinamendua hasi zenetik, foruzainek genero indarkeriagatiko 22 salaketa erregistratu dituzte, atzo jakinarazi zutenez. Salaketa horiek direla eta, hamar gizonezko atxilotu dituzte. Foruzaingoak ohartarazi du kasu gehienak zailak direla identifikatzen, eta senideen eta bizilagunen laguntzari esker jakinarazi direla. Beraz, inguruan indarkeria zantzuren bat sumatuz gero salatzeko deia egin dute: «Herritarren parte hartzea funtsezkoa da halako kasuetan». Gogoratu dute errespetatu eginen dutela abisua ematen duen pertsonaren konfidentzialtasuna.

Mugimendu feministak iragarri bezala, Foruzaingoak ere onartu du konfinamendu garaian etxeko indarkeria areagotu daitekeela. Tuterakoa da azken kasua: gizon batek ama jo du, eta atxilotu egin dute gizonezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.