UEUk jende aurrean egingo ditu udako ikastaroak aurten ere

Eibar, Usurbil, Donostia, Baiona eta Iruñea izango dira egoitzak. Ikerketa eta euskara jorratuko dituzte hasierako ekitaldi telematikoan

UEUk antolatutako ikastaro bat, iaz, Eibarren. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Pandemiak ekarritako egoera ez zen samurra, eta zalantzak ugariak ziren, baina, azkenean, UEU Udako Euskal Unibertsitateko kideek «ausartak eta sortzaileak» izatea erabaki dute, eta aurten ere udako ikastaroak antolatuko dituzte, 48. aldiz, aurrez aurreko saioekin eta beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartuz.

UEUko zuzendari Kepa Sarasolak eta udako ikastaroen arduradun Irati Iciarrek azaldu dutenez, aurtengo ikastaroek berritasun ugari izango dituzte, egoerak behartuta.

Lurraldetasunari eutsiko diote, eta, betiko legez, Eibarren (Gipuzkoa), Baionan eta Iruñean antolatuko dituzte saioak, baina Eibarkoak uztailaren 13tik 17raegingo dituzte Donostian eta Usurbilen ere egingo dituzte saioak aste horretan, eta Baionakoak eta Iruñekoak, berriz, abuztuaren 31tik irailaren 4ra.

Orotara, hamazazpi jarduera, hamabi ikastaro eta bost jardunaldi antolatuko dituzte. Taldeak txikiagoak izango dira, segurtasun neurriei eutsi ahal izateko, eta ikastaro bakoitzari 10 euroko prezio sinbolikoa ezarri diote.

Garrantzi berezia eman nahi izan diote hasiera ekitaldiari. Bi urte barru, UEUk 50 urte beteko ditu, eta, urteurrenari begira, UEUrentzat «estrategikoak» diren zenbait arlo jorratu nahi dituzte. Aurtengo udako ikastaroen hasiera ekitaldiak, Bilbon egitekoa zenak, izaera hori zuen, eta euskaraz egiten den ikerketaren nondik norakoak aztertzea zuen xede. Horri eutsi egingo diote, baina jardunaldi birtuala izango da; ekainaren 18an egingo dute, eta Zientziak eta euskara: esperientzietatik etorkizunera izango du goiburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.