Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Amak

2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gure amak beti nahi izan du etxe handiago bat. Gurean, sei senide gara, eta, beraz, azalpen gutxi behar du haren ametsak. Bi anaiek gela berean egiten zuten lo, eta, lau ahizpok, nola edo hala, gela bakarrean hezi gara. Konpainiarik ez zait sekula falta izan. Egunez ikasteko mahaiak zirenak ohe bihurtzen ziren gauez, eta litera tolesgarriak ateratzen ziren ate biko armairua zirudien zulo batetik. Transformismo hori nire alabei azaltzen saiatu izan naiz maiz, baina ez dut uste egiazki jabe daitezkeenik horrek berekin zekarren guztiaz. Telebistan etxe handi bat agertzen zen aldiro, huraxe guretzat primerakoa zatekeela esaten nion nik amari, baina nire harridurarako, ezetz esaten zuen hark, gehitxo zela, eta etxetzar hura garbitzen egun osoa behar izango zuela esaten zuen hasperen eginez.

Artean gaztetxoegia nintzen jakiteko hasperen egiteko modu horrek geure bizimoduaren silueta adierazten zuela, eta hantxe kontzentratu egiten zirela pasatu ezin ziren muga guztiak: haren ezezko horretaraino irudika genezakeela balizko bizimodu hobe bat, baina handik aurrerakorik imajinatu ere ez egitea, hobe.

Hasperen egiteko modu bera entzun dut aste honetan, Dalila Pojoy izeneko emakume txikiaren ahotan. Guatemalarra da, eta kamerari begira mintzatu zaio: lan egiteko baimena ematearekin konformatzen dela erantzun du galdetu diotenean Estatu Batuetako hiritar oso bilakatzeko asmoa ote duen. 33 urte ditu, eta Mexikoko mugaren ertzera iritsi da etxean jasandako biolentzia gupidagabetik ihes eginda, karabanako beste hamaika ama, seme-alaba eta gurasoekin batera. Dalilak 6 hilabeteko bere alabari bularra ez ematea erabaki duelako agertu da hedabideetan, eta hitz soilez azaldu du beldur dela umea osasuntsu ikusiz gero mugazainek eramango ote duten. Bernadette du grazia haren haurrak, eta, egunkariko kronikak kontatzen duenez, amaren bularrik gabe hiru egun jarraian negar baten eman omen ditu, eta, gero, apurka-apurka, isiltzen ikasi du.

Gurean, duela hamabost egun izan zen, eta Ameriketako Estatu Batuetan maiatzeko bigarren igandean ospatu dute Amaren Eguna. Tarte honetan, bada, argazkiak eta esaldi ustez inspiratzaileez zamatu zaizkit sare sozialak, eta ohartu naiz ama izateko modu asko daudela, amets egiteko manera ugari dagoen bezalaxe. Instagramen Hollywood, Netflix eta ospearen Olinpo berrietako jainkosa ama ia guztien seme-alaba are ospetsuagoek beren amengandik jasotako dohainak goraipatu dituzte, arrosa, bonboi eta irribarre eztitsuen artean. Bernadetti ez diote deus galdetu.

Tokian tokiko tradizioetara lotuta dago Amaren Eguneko ospakizuna, gurean erlijio kristauaren soka luzearekin. Jakin dut, ordea, beste zenbait tokitan bestelakoak ere izan zirela noizbait, eta, adibidez, AEBetan Anna Maria Jarvis ekintzaileari zor zaiola egun hori ofizialki ezarri izana, haren amak eta beste emakume adiskide batzuek Gerra Zibilaren garaian izan zuten konpromiso bakezalea ohoratzeko asmoarekin bultzatu zena hasieran baten. Haren asmo onak gutxi iraun zuen, eta merkatua aseezintasunak erraz garaitu zuen partida: berez zuen esanguraz husten ari zela oharturik, Jarvis atzera egiten saiatu zen, baina alferrik izan zen.

Amak erakutsi zidan garenaren neurrira egokitzen ditugula ametsak. Zerbait ikasia izango da, eskarmentuak ematen dizun zerbait, gaur egun horren modan dagoen «nahi-duzun-guztia-lor-dezakezu» mantra nonahiko hori gezurtatu egiten duena. Gutxi batzuen esku dago gaur egun ere amets handiak izateko askatasuna: batzuetan, gela bat nahikoa da, edo lan egiteko baimena aitortzen duen paper-zati txiki bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.