KRITIKA. Dantza

Pobreak garaile

Agus Perez.
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun

'Dyptich'

Konpainia: Peeping Tom. Kontzeptua, zuzendaritza eta diseinu eszenikoa: Gabriela Carrizo, Franck Chartier.Soinu dramaturgia: Raphaelle Latine.Argiak: Tom Visser.Jantziak: Seoljin Kim, Yi-Chun Liu, Louis-Clement da Costa.Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: Martxoak 12.

Aurtengo dFeriaren atariko egunetan Peeping Tom konpainiak Dyptich izeneko egitarau bikoitza ekarri digu, bikote sortzailearen ideia jario agorrezinaren bidetik eta zortzi dantzariren maila bikainean bermatuta. Izenburuari men eginez, elkarrekin argumentuzko loturarik ez duten bi pieza ekarri dizkigute, baina argi dago harreman kontzeptual eta estetiko sakonak dituztela, seguruenik sortzaileen estilo ondo finkatuaren ondorioz.

The Missing Door (Ate galdua) izan da diptikoaren lehen atala. Erronbo eran jarritako dekorazioak atzeko bi hormak baino ez ditu erakutsi, eta haietan bost ate eta leiho itsu bat izan dira protagonista. Horrela izanik, baliteke garai bateko zinemaskopearen efektua bilatu izana. Gainera, filmaketetan erabiltzen dituzten bi foku handi eta ateen arteko aplikeak izan dira argiztapenaren elementu ia bakarrak.

Hormen arteko bazterrean trapuzkoa zirudien gizon bat ikusi dugu, eta hortik aurrera mundu oniriko eta surrealista batean sartu gara, dantzarien gaitasun akrobatiko itzelaren bidez, efektu eszeniko harrigarriak lagun eta era guztietako soinu eta hotsen giroan murgilduta. Alde horretatik, interesgarria iruditu zait fitxa teknikoan agertzen den soinu-dramaturgia arloa eta, bestetik, aipamen berezia egingo diot sekuentzia laburretan mugimendua atzera eta aurrera ibili den eszenari CD bateko musika trabatuta geratzen denekoa gogoratuz. Bestalde, agerikoa izan da emanaldi osoan zehar Philippe Gentyren ildo poetiko-ameslariari jarraipen aurreratua eman izana.

Lehen pieza amaitutakoan, eta denon harridurarako, dekoratua batzeari ekin diote teknikariek, baina bitartean dantzari batzuek —neskameak bereziki— jardunean jarraitzen zuten, eta filmetako hotel ziztrin bateko dekoratua zirudienak luxuzko kamarote bateko itxura hartu du gure begien aurrean, betiere aurreko erronbo-disposizio berean.

Bigarren atalean —The Lost Room (Gela galdua)— ohe handi batek presiditu du guztia, eta kristalezko ate bikoitzak kareleko baranda erakutsi du —handik bota dute beren burua zazpi dantzarik emanaldiaren une batean—. Aurreko atalean bezala, arima gaixoaren pasarte ilunak, eldarniozko irudiak, amesgaizto egoerak eta edozein irudimen gainditzeko moduko ekintzak gauzatu dira, umore eta ironia fineko eszena ugariak tarteko eta, berriz ere, dantzari guztien dohain ikaragarriak nagusi.

Eta amaieran dator lerro hauen izenburuaren azalpena: emanaldia amaitutakoan ikusle batek azaldu dit goiko galerian kokatzen diren pobreek zorte handia izan dutela, handik eszenako panelen atzean gertatzen zena ikusi dutelako. Adi egon, gero: artistek dantzan jarraitzen zuten ate batetik irten eta bestetik sartu arte, eta teknikariek ere modu koreografiatuan jarduten zuten panelak eta dekoratuak lekuan jarri bitartean. Behingoagatik, pobreak garaile!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.