Albistea entzun

IRITZIA

Finishgoien

Juan Luis Zabala - Idazlea

2023ko maiatzak 18

Joan Mari Irigoien Joan Mari Finishgoien izatera iritsi da, berak bere ohiko umore zabalez aurreikusi zuen bezala. Hori idatzi zuenean gaitzak harrapatuta zegoen, bazekien ez zuela luze iraungo bizirik, baina orduan ere indarra izan zuen minen, ezinen eta beldurren gainetik pasarazteko, estraperlista abil baten antzera, irribarrea.

Joan Mari Irigoien hil dela jakitean, pertsona etorri zait gogora idazlea baino lehenago eta indar handiagoz. Eta esaldi tipiko itsusi samar hori: idazle bikaina eta are pertsona hobea. Ez da esaldi egokia, ez da esaldi bidezkoa, oso dimentsio desberdinak jartzen baititu ezertarako balio ez duen balantza batean. Baina ezin da ukatu: Joan Mari ezagutzea Joan Mari maitatzea zen.

Joan Mari Irigoienekin zeundenean, bakarka, lagunartean zein ekitaldi publiko edo ofizialean, beti sentitzen zenuen egon behar zenuen lekuan zeundela, eta horrek ondo sentiarazten zizun.

Leku ilunetan ilun ilunik den ilunenean bazeunden, haren bibote zuri dotoreak argituko zizkizun inguruko bazterrak oro; motibo triste edo mingarri batek eragindako bilkura batean bazeunden —Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, adibidez—, haren umore zabalak alaitu eta bizipoztuko zizkizun, ukendu goxo baten antzera, barruko zokondorik minduenak; idazle ospetsu baten aurrean zeundelako kikilduta sentitzen bazinen, irribarre batez eta txantxa txoro batez enpaztuko zituen bion mailak, graduak eta kategoriak.

Baina hau egunkari bat da, eta Joan Mari Irigoienen heriotza idazle izan zelako da aipagai, euskal literaturaren historian arrastoa utzi duen idazlea. Arrastoa, adibidez, bere bihotzeko Altza omenduz Oilarraren promesa nobelan, gaurkotasunik galdu ez duen salaketa soziala eginez; Aurrerago, Poliedroaren hostoak mugarri bat izan zen bere garaiko euskal literaturan, gure barruko zein kanpoko Elizalde eta Ibargoyen guztiak hobeto ezagutzeko eta ulertzeko bide landu eta gozagarria. Arrakastarik handiena, hala ere, Babilonia eta Lur bat haratago-rekin lortu zituen, irakurle askoren gozagarri, oso fikziozale ez direnak ere makina bat horien artean.

Beste topiko batek dioenari eutsita, izan ez balitz asmatu beharko zatekeen idazlea izan zen bere aurreneko garaian Irigoien, euskal literaturak orduan zituen premiei bete-betean egokitzen zitzaiona: modernoa —hitzaren zentzu literarioan—, mundura irekia —bereziki, baina ez bakarrik, Hego Amerikako errealismo magiko zeritzonari— baina ez horregatik lakarra eta konplikatua, isuri errazekoa baizik, orain flow esango geniokeenaren jabe, irakurlea hasieratik amaierara arte bizi eta goxo eramateko gaitua.

Tristea da batzuetan idaztea, honelako kasuetan adibidez. Ez da kontsolagarri gertatzen —barka beste topiko bat aipatzea, artikuluko hirugarrena gutxienez— liburuak geratzen zaizkizula esatea, eta omenaldirik onena horiek irakurtzea dela. Baina behin Finishgoien honetara iritsita, horixe da egia.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, atzo iluntzean, 71. Zinemaldiko hasierako galan, Audience musika taldea atzean duela. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Animaziozko aldi baten hasiera

Miren Mujika Telleria

Animaziozko zineman ardaztu dute Donostiako 71. Zinemaldiaren hasierako gala. Hayao Miyazakik jaso du Donostia saria, eta zinegileak bideo bidez bidali ditu hura eman izanaren esker on hitzak
<em>Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron</em> filmaren irudi bat; lan horrek inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia, lehiaz kanpo. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Miyazakiren irudizko munduekin hasi dira Sail Ofizialeko emanaldiak

Ainhoa Sarasola

'The Boy and the Heron' animaziozko filmak inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia. Lehiatik kanpo eman dute zinemagile japoniarraren azken lana. Donostia saria hari eman dio jaialdiak
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Eguneroko gaiak lantzen dituen pelikula familiar bat da»

Jone Bastida Alzuru

Euskal Herri post-apokaliptiko batean kokatu du Vallmajorrek bere lehen film luzea: 'Misión a Marte'. Kamera analogikoarekin filmatu du, eta zuri-beltzean. Besteak beste, heriotzaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.