Inaki Galdos
ARKUPEAN

Etsipena

2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Beroan idazteak baditu bere arriskuak, besteak beste gehiegi hausnartu gabeko gogoetak barrutik ateratzearena. Baina baditu bere abantailak ere, sarri askoz ere zintzoagoak izaten baitira boteprontoan botatakoak, benetan pentsatzen dena hobeto islatzen dutenak, hozten uztearen uztez gehiegi janzten ditugun gogoeten alboan. Gaurko arkuperako prestatua neukana alde batera utzi eta supituan erabaki dut Kataluniakoa hizpide hartzea, egunkari hau gaur gai horrekin bete samarra etorriko den susmo eta arriskuari aurre eginez.

Gauzak dauden bezala daudela, onartu beharrean nago baikorregia izan naizela urte luzez, Espainian egin zitekeenaren inguruan. Alde batetik, ETAk egiten zituenetatik aldentzeko, bestetik, intsumisioaren borrokaren garaipena memorian nuelako eta, azkenik, benetan pentsatzen nuelako aukera hori posible zela, sarri defendatu izan dut iritsiko zirela garai berriak eta poliki-poliki sortuko zela Estatuan giroa, Katalunia eta Euskadi penintsularreko herritarrei hitza eman eta hauek etorkizuna erabaki ahal izateko. Baina ez horretarako eta ez beste ezertarako. Asko jota hegoaldeko bi erkidegoetan apurrak banatzeko prest agertzen da Estatua noizbehinka, unean uneko beharren arabera. Bitartean, gainera, hemengo legeak auzitara eramanda eta hango legeekin gureak diren eskumenak zapalduta, sekulako sarraskia egiten ari dira gure autonomian.

Etsipenaren kronika da hau. Beti pentsatu izan dut —eta orain ere horrela pentsatzen dut— asmatu egin zuela herri honek duela hamarkada batzuk hartutako bidearekin. Are gehiago, 1980ko hamarkadan Madriletik gure autonomia lotsagabeki elkortzeari ekin ziotenean ere gure aurrekoek egin behar zutena egin zutela aldarrikatu izan dut beti. Eta ez dut inoiz bateraezintzat jo horren guztiaren defentsa independentziaren aldeko jarrerarekin, alderantziz baizik.

Baina paradigmaren aldaketa baterako garaia iritsi dela pentsatzen dut. Eta paradigma aldaketa horrek zintzotasuna eskatzen du batez ere. Zintzotasuna geure buruarekiko eta zintzotasuna gizarteari esaten diogunarekin. Eta zintzotasuna eskatzean eskatzen ari naiz onar dezagula Kataluniarekin Espainiak garbi erakutsi digula ez dagoela biderik, ez dela posible oraindik ere hemen batzuek aldarrikatzen duten bidea. Zeren Katalunian saiatu den bidea ez da 2017ko urriaren 1ean hasitakoa, askoz ere lehenagokoa da, hemen zenbaitzuk oraindik ere posibletzat ematen dituzten urrats guzti-guztiak eman zituena. Izan gaitezen zintzoak: Katalunian iritsi diren egoerara iritsi badira, izan da porrot egin zuelako hemen hango proces-aren alternatiba gisa planteatzen denak. Eta porrot ez zuen egin Kataluniako gizartearen gehiengoagatik, badakigu nortzuk bota zuten zaborretara ahalegin hura.

Nahiago dut orain eta hemen entzutea ez dela garaia, euskal gizartea ez dagoela klabe horretan edota oraindik ere egiteko asko daukagula esku artean daukaguna eta falta diren eskuduntzak kudeatzen, ezinezkoa den bide baten proposamena berriz entzutea baino. Eta agian asmatu egingo du diagnostiko hori egiten duenak, agian arrazoi osoa izango du irakurketa hori mahaigaineratzen duenak, eta agian konbentzitu ere egingo gaitu garai berrien zain egon gaitezen. Baina jakin beza jendeak, ez dagoela hemen proposatzen zaigun ezer dagoeneko Katalunian saiatu ez dena, eskatu ez dena, erregutu ez dena 2003tik aurrera egon den ibilbide luzean. Ez gaitezen hain inozoak izan.

Eta garai berri horiek noizbait iristen badira, izan dezagun garbi iraganean zeintzuk suertatu diren bide antzuak. Izan dezagun garbi herritarren gehiengo baten babesa ezinbestekoa dela eta izan dezagun garbi burujabetzaren bidea norberaren konpromiso baketsu eta demokratikotik hasten dela. Horrela bakarrik eman ahal izango diogu batzuk etsipen handi honi buelta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.