Azken uda dantza (I)

Kennedytarrekiko begirada aldatuta

Erlak bikoteak Alegian kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean 'Kennedy' kanta, 1968an. Berehalako emanaldi soka luzea ekarri zien. Bost urte iraun zuen ibilbide baten hastapena izan zen hura. Kritikoki begiratzen diote orain abesti arrakastatsu hari.

Benantxi Eizagirre eta Lourdes Agirregomezkorta —gitarrarekin—, 1968an Alegian irabazi zuten kanta sariketan.
Benantxi Eizagirre eta Lourdes Agirregomezkorta —gitarrarekin—, 1968an Alegian irabazi zuten kanta sariketan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2020ko ekainak 30

Beltz espiritual bat». Joxe Anjel Legorburuk hartua eta hitzez jantzia. 1968an. Robert F. Kennedy politikari estatubatuarra tiroz hil berri zutelako; eta haren anaia John ere tiroz hila zutelako 1963an, AEBetako presidente zela. Horixe da Lourdes Agirregomezkortak (gitarra eta ahotsa) eta Benantxi Eizagirrek (ahotsa) duela 52 urte ezagun egin zuten Kennedy kantaren abiaburua. Uztail erdialdean kantatu zuten lehen aldiz jendaurrean, Eizagirrek gogorarazi duenez: «Alegiako [Gipuzkoa] festak ziren, eta kantu txapelketa bat zegoen han. Hara joateko hartu genuen Erlak izena. Kuadrillan joan ginen, egun-pasa, eta irabazi! Beste abesti batekin irabazi genuen, baina garaikurra ematean Kennedy kantatu genuen. Jendea berehala hasi zen deika, eta herriz herri ibili ginen kantuan».

Bikotea elkartu eta berehala izan zen hura. Denbora oso gutxi zen Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) parrokiaren lokalean elkartzen ziren gazteetako batzuek festa bat antolatzea erabaki, eta Lourdes Agirregomezkortak bere burua kanturako eskaini zuela. «Lourdes gitarrarekin-eta ibiltzen zen. Nire ahizpa haren laguna zen, eta nik ere ondo kantatzen nuela esan zuen. Hala sartu ninduten kontu horretan, neuk jakin gabe», aipatu du Eizagirrek. Eibarko lehiaketa batera aurkeztu zirenekoaz akordatzen da Agirregomezkorta: «Estitxu Robles Arangiz ere han zen, eta hark irabazi zuen. Alegiara joan ginen gero». Hastapen haietan, asko entzuten ziren doinu modernoak hartu, hitza jarri, eta kantatu egiten zituzten. Doinuak ere eurek sortzea erabaki zuten arte. «Joxe Anjel Legorburuk egiten zituen hitzak, eta denen artean asmatzen genituen doinuak, gero. Emanaldi pila egiten genuen. Udan, batez ere. Abuztuan, igandero bagenuen bat; bi ere bai, zenbaitetan». 100 edo 110 emanaldi bai lehen urtebetean, guztira. «Protesta kantak egiten genituen», Agirregomezkortaren esanetan. Hainbeste ospe eman zien Kennedy ez du oso gogoko, nabarmendu duenez: «Kanta hori da gutxien gustatzen zaidana. Ez dakit ba ote genekien zer ari ginen kantatzen». Eizagirre ados da bikotekide ohiarekin: «Oso protestanteak ginen, baina gero kennedytarrei kantatzen ibili ginen». Kubako Cochinos badia inbaditu zutenean Etxe Zurian zegoenari kantatzen, noiz eta kapitalismoaren eta komunismoaren arteko talka agerikoen zen garaian; euskal herritarrak mundu osoko dekolonizazio prozesuei, Vietnamgo gerrari, AEBetako eskubide zibilen aldeko mugimenduari, 68ko Maiatzari eta beste hamaika borrokari so zeudenean. Negu Gorriak taldeak, 1993an, kantaren testuingurua ekarri zuen gogora, begirada kritikoz, Borreroak baditu milaka aurpegi diskoko JFK kantan: «Erlak ahizpekin kantatzen genuen/ baina Kennedy hilak hobeto zeuden./ Salbatzailerik gabe gelditu gara,/ agur dezagun lagun amerikarra:/ Ernesto Guevara 'Che'/ gure laguna da!/ Malcolm X/ gure laguna da! Angela Davis/ gure laguna da!/ Emiliano Zapata/ gure laguna da!/ Augusto Sandino/ gure laguna da!...». Begirada bera ageri dute Erlak-ekoek ere. Eizagirrek hala azaldu du egungo irakurketa: «Orain ez nuke kantatuko, baina hortxe dago. Ez zen herri bat egon hori kantatu gabe atera ginenik. Izugarri gustatzen zitzaion jendeari. Irratian asko entzuten zen. Baita Amonatxo ere».

Disko bakarra

Amonatxo, Erlak-en beste kanta arrakastatsua. Kennedy bera bezainbeste, ia-ia. Biak eman zituzten disko laburrean, 1969an, Bilboko Cinsa etxearekin. Hoietakoak eta Bakardadea abestiekin osatu zuten diskoa. Azken hori, Mary Hopkinsen Those were the days arrakastatsuaren doinuarekin. Manolo Urbietak egin zizkien diskorako harmonizazio guztiak. Harekin eta haren Naya orkestrarekin joan ziren Madrilera diskoa grabatzera Erlak bikotea eta Joxe Anjel Legorburu. Bigarren disko bat ere prestatu zuten, baina ez ziren grabatzera iritsi. Irratian haien kantarik ez zen falta izan sekula, hala ere. Diskoko aleak entzunarazteaz gain, Joxemari Iriondok behin baino gehiagotan gonbidatu baitzituen Loiola Irratian eta Donostiako Herri Irratian zuen irratsaiora.

«1973ra arte aritu ginen elkarrekin», dio Eizagirrek; «bost bat urte bai», Agirregomezkortak. Ezkontzak apartatu zituen Erlak bikoteko kideak. Eizagirre beste herri batera ezkondu zelako, eta, ez zeukatenez autorik, entseguak egiteko «oso gaizki» ibiltzen zirelako. «Garai eder bat izan zen», bien hitzetan. Garai hartan, herri kontzientzia hazten ari zen Euskal Herrian, eta kulturak izugarrizko eragina izan zuen horretan. Ez Dok Amairuren urteak ziren; baita euskal letren eta arteen modernizazioarenak ere; eta euskara batuaren eta ikastolen sorrerarenak. Francoren diktadurak indarrean segitzen zuen; ETA indarra hartzen ari zen. Testuinguru horretan, hamaika emanaldi eman zituzten musu truk, herri egitasmo desberdinen alde. Ez Dok Amairuko hainbat kiderekin ere aritu ziren kantaldietan. Baita Imanol Lartzabalekin ere, 1969tik 1971ra bitartean, Agirregomezkortak gogoratu duenez: «Taldetxo bat osatu nahian aritu ginen. Entsegu eta emanaldi batzuk ere egin genituen, baina bertan behera gelditu zen».

Aljeriara ere joan ziren, Zizurkilgo (Gipuzkoa) fraide baten bitartez, 1970ean. Hiruzpalau tokitan kantatu zuten han, baita telebista plato batean ere, hamar eguneko egonaldian. Eizagirrek gogoan ditu Durangoko Azokaren hastapen urteetako emanaldiak, elizako arkupeetan, Maite Idirinekin-eta. Bat datoz biak: Kennedy-z haratagoko arrastoa utzi zuen bost urteko ibilbideak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Osasun langile bat pertsona bati PCR proba egiten, herenegun, Ordizian. ©Jon Urbe / Foku

58 dira Ordiziako agerraldiarekin lotutako kasuak

Iosu Alberdi - Irati Urdalleta Lete

Positibo emandakoek ezingo dute bozkatu Ordizian. Bai, ordea, haien kontaktu zuzenek. Araban beste foku bat izan den ikertzen ari da Osasun Saila, azken orduetan bederatzi kasu atzeman ostean.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurain. ©Jesus Diges / Efe

23 positibo detektatu dituzte Tuterako agerraldian

Igor Susaeta

Beste agerraldi bat gertatu da Iruñean, eta bost pertsona kutsatuta daudela baieztatu dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Amagoia Gurrutxaga Uranga

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna