ZER DA SWIFT?

2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Europako Batasunak Errusiaren aurkako neurri ekonomiko bat errekamaran dauka oraindik: Errusia SWIFT sistematik kanporatzea.

Zer da SWIFT?
Nazioarteko ordainketak egiteko sistema bat da SWIFT (Society for Worldwide Interbank Financial Telecommunications). Belgikan du egoitza, eta haren bitartez konektatzen dira mundu osoko 11.000 finantza erakunde. Egunero, bankuen arteko 40 milioi operazio inguru ziurtatzen dira SWIFT erabiliz: diru igorpenak, ordainketa berrespenak, dibisa trukeak, salerosketak... Banku sistemaren Whatsapp deitu izan diote. Errusiako Gobernuak Luhanskeko eta Donetskeko errepublika matxinoak ofizialki onartu zituen egunean bertan, Mendebaldeko enpresek 700 milioi euroren erosketak egin zituzten Errusian, hidrokarburoak, metalak, elikagaiak eta beste lehengaiak.

Zer ondorio luke Errusia SWIFtetik ateratzeak?
Asko zailduko lituzke Errusiaren eta munduko beste herrialdeen arteko harreman ekonomikoak. Han dauden enpresek zailago izango lukete beren produktuak besteherrialdeetan saltzea, eta hara egindako esportazioak zailduko lituzke.

Gasari ere eragingo lioke?
Bai, noski. SWIFT erabiltzeko aukerarik gabe geldituz gero. Europako gas eta petrolio enpresek ezingo lukete hidrokarburorik ekarri Errusiatik, ez luketelako ordaintzeko modurik izango.Hain zuzen ere, aste honetan petroliontzi batzuk erregaia kargatu gabe geratu dira, ordainketa ixteko zailtasunak espero dituztelako. Hori da Errusia oraindik SWIFTen egotearen arrazoinagusietako bat: Errusiako gasa eta petrolioa behar ditu. Horrek azal dezake Alemania eta Italia izatea zigor horren aurka ozen mintzatu direnak, Errusiakogasaren eta petrolioaren inportatzailerik handienak direlako. Are gehiago, Errusiako tankeak ez ezik, Errusiako gasa ere sartuda azken egunotan Ukraina zeharkatzen duen gasbidetik, aurreko asteetan baino biziago. Errusiak ez du interesik fluxu hori eteteko.

Alternatibarik ba al dago?
2014. urtean, Errusiak Krimeabereganatu zuenean, jada aipatu zen SWIFT sistematik kentzeko aukera, eta horrek eraman zuen Errusiako Bankua bere sistema sortzera. Baina erabiltzaile gutxi ditu (400 inguru), eta gehienak Errusiakoak bertakoak edo haren inguruko herrialdeetakoak.Txina ere ari da bere sistema lantzen. Hain zuzen ere, bi sistema alternatibo horiek ez bultzatzea da Errusia SWIFTetik ez ateratzeko eman duten argudioetakobat.

Beste inoiz egin da halakorik?
Bai. 2012an, Irango bankuek SWIFTerako sarrera galdu zuten, Europako Batasunak programa nuklearrarengatik jarritako zigorrak direla eta. Dirutza galdu zuen Iranek. 2016an altxa zen debekua, baina 2018an berriro ezarri zen, AEBek Iranen petrolio esportazioak trabatu nahi izan zituenean.

Nork kontrolatzen du?
Belgikako kooperatiba batek sortu zuen, eta hura da oraindik jabea. Belgikako Banku Nazionalak gainbegiratzen du, Europako Banku Zentralaren, AEBetako Erreserba Federalaren, Japoniako Bankuaren eta beste banku zentral handi batzuen laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.