Bakarrik dauden etorkin adingabeak. Testigantzak

Deserrian hazitako kimuak

Ez dago adingabe migratzaileen soslai bakar bat. Askotarikoak dira Euskal Herrira etorkizun hobe baten bila datozenen esperientziak eta istorioak. Hala ere, badute ezaugarri komun bat: asmo handiak zituzten sorterria uztean, eta, Europara iritsita, mila pusketatan birrindu zitzaien ilusioa.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre-Koskarat
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

Aissa Menzou

«43 pertsona gindoazen txalupan; ito egingo ginela uste nuen»

Gidatzeko adinik ez du oraindik, baina, duela bi urte, Mediterraneo itsasoa zeharkatu zuen txalupa hauskor batean, etorkizun baten bila. 17 urteko gaztea da Aissa Menzou. Marokon jaio zen, eta Europara alde egitea erabaki zuen 2018ko udaberrian, artean 15 urte besterik ez zituela. «Lagunek Espainiara joan nahi zuten, eta nik baimena eskatu nien gurasoei, alde egin ahal izateko». Euskal Herrian bizi da haren anaietako bat, eta hark pagatu zion bidaia: «Tangerren bizpahiru aste eman genituen, ez dakit noren etxean, Europara eramanen gintuen txalupa fabrikatzen zuten bitartean».

Familiari agur esatea «oso zaila» izan zela azaldu du Menzouk, baina hori baino «are okerragoa» izan zen Mediterraneoa zeharkatzea: «Gauez atera ginen Tangerretik. Ez dakit zer ordutan, zehazki, eta denbora luzea eman genuen itsasoan galduta. 43 lagun ginen, txalupa txiki hartan pilatuta. Batek eramandako ogi barra jan genuen denon artean, baina edateko urik ere ez genuen. Ez genekien zenbat denbora generaman noraezean, ezta zenbat falta zen ere. Beldur ginen, eta bustita geunden. Asko sufritu nuen: ez dakit igerian, eta ito egingo ginela uste nuen». Hainbat orduz itsasoan galduta ibili ostean, Guardia Zibilaren helikoptero batek atzeman zituen migratzaileak kostaldean, Barbate herritik gertu (Espainia). «Lehenbizi, Gurutze Gorriak artatu gintuen: jateko zerbait eman, arropa bustia kendu eta polizia etxe batera bidali gintuzten, hatz markak hartu eta argazkiak egiteko». Komisaria hartan, hamaika bihurguneko bidaia luzea hasi zen Menzourentzat: Jerez de la Frontera (Espainia), Bartzelona, Bilbo, Donostia... «Noraezean» ibili zen hainbat hilabetez.

Iruñera joateko aholkatu zion lagun batek, eta han bizi da orain, tutoretzapeko etxebizitza partekatu batean. «Gobernuaren begirale bat etortzen zaigu bi edo hiru egunean behin, nola konpontzen garen ikusteko». Ikasketak burutzea eta lana aurkitzea, horiek ditu helburu orain: «Fabrikazioa eta Muntaketa ikasten ari naiz orain, eta, hori bukatuta, gustatuko litzaidake lan bat aurkitzea eta paperak lortzea. Egonkortzea. Eta noizbait, Marokora bisitan itzuli eta urte hauetan ikusi ez dudan familiarekin berriz egotea; horrekin amesten dut».

Lahcen Benabdeslam

«Familiari ezer esan gabe joan nintzen Marokotik»

Duela hiru urte, motxila prestatu zuen Lahcen Benabdeslam marokoar gazteak. Ez zien ezer esan ez anai-arrebei, ezta gurasoei ere. Behar-beharrezkoak ziren gauzak hartu, eta etxetik alde egin zuen, isilka, Europara iristeko asmoz. 14 urte zituen orduan. «Lagun kuadrillan atera zen gaia», gogoratu du: «Batek esan zuen Europara joateko asmoa zuela, han lana zegoela, eta dirua eginen zuela». Lagunei segika erabaki zuen hark ere Marokotik alde egitea, sorterrian etorkizunik ez zuelakoan. Ordutik, ez ditu gurasoak ikusi.

Hiru urte luze igarota ere, Benabdeslamek gogoan du bidaia «amaigabea» iruditu zitzaiola: «Bi egun eman genituen itsasoan. Euria ari zuen etengabe, bustita geunden, eta bi egun horietan ez genuen ezer jan». Andaluziako kostaldera iritsita, txalupan zihoazenak banandu egin zituen Guardia Zibilak. Benabdeslam eta gainerako adingabeak Jerez de la Fronterara eraman zituzten (Espainia): «Bi egun eman genituen han; gero, Granadako gune batean beste astebete, eta, handik, Almeriara». Europara iritsi osteko lehen urtebetean, alde batetik bestera ibili zuten Benabdeslam. Egun horietan, Bartzelonako adingabeen zentro bat izan zuen bizitokirik egonkorrena: hilabetez egon zen han. «Ez nuen gustuko toki hura», gogoratu du. Zergatiaz galdetuta, burua makurtu eta ezezko keinua egin du, azalpenik eman gabe: «Ez nuen maite, ez».

Almerian bizi zen lehengusu batek lagundu zion zentro hartatik alde egiten, eta, harekin hilabetez bizi ostean, Bilbora mugitu zen. Euskal Herrian, baina, ez ziren arazoak bukatu: Benabdeslamek kale gorrian bizi behar izan zuen sei hilabetez, kartoi artean. «Jendeak gaizki begiratzen zidan, eta irainak ere entzun behar izan nituen behin baino gehiagotan». 15 urte zituen. Lur jota zegoela, Iruñera joateko aholkatu zion lagun batek, eta han eman ditu azkeneko bi urteak. Oinarrizko Lanbide Heziketako modulu bat ari da ikasten orain. Igeltsero izan nahi du, baina, 18 urte betetzear dela, hasia da atzerako kontaketaren presioa nabaritzen: «Paperen auzia konpondu nahi dut, baina, pasaporterik ez dudanez, mantso doa prozesua». Ez du esperantza galdu, ezta irribarrea ere.

Rida Ait Bouzid

«Migratzea, hein batean, bigarrenez jaiotzea da»

Hiru urte egin berri ditu Rida Ait Bouzid gazteak Euskal Herrian. 2017ko azken hilabeteetan iritsi zen Marokotik, 16 urterekin. Bakarrik. Asmo handiak zituen: Europara iritsi, lana topatu eta irabazitako diruaren zati bat familiari bidali, etorkizun hobe bat izan zezaten. «Marokon, amets politak ditugu gazte askok, baina ez dugu errealitatea ezagutzen. Europa ezagun dugu argazkiengatik soilik».

Bidearen hasieran aurkitu zuen lehen oztopoa: Melilla (Espainia) eta Maroko banatzen dituen hesia. Mapa batean ikusita, marratxo eten bat besterik ez da; muga hori gainditzeko, baina, hiru orduz egin behar izan zuen igeri Rida Ait Bouzidek. Beste bi lagunekin batera egin zuen jauzi Nadorko portuko uretara, arropa plastikozko poltsatan sartu eta gerrian lotuta. Melillan, zortzi hilabete egin zituen Ait Bouzidek kalean bizitzen, kamioi baten motorrean ezkutatuta penintsulara iristea lortu zuen arte.

Adingabea zenez, administrazioaren babespean bizitzeko eta ikasteko eskubideak onartu zizkioten. Luzeago joko zuen lan mundurako sarbidea lortzeak: «Hiru urte eman behar dituzu egonean, lanerako baimena lortu aurretik». Linbo administratibo batean harrapatuta ikusi zuen bere burua Rida Ait Bouzid gazteak, eta behea jo zuen: «Harrera gune batera eraman ninduten, eta depresioak jota eman nituen lehen hilabeteak. Triste nengoen une oro. Kalera ateratzeko baimena nuen, eta ateratzera animatzen gintuzten, baina, leihotik begiratu, eta nik ez nuen gogorik ezer egiteko edo inora joateko. Barruan gelditu nahi nuen». Kulturen arteko talkak ere eragina izan zuen egokitze prozesuan. «Dena zen ezberdin niretzat: ez nuen inor ezagutzen, ez nuen ulertzen jendeak esaten zuena, ezta bide seinaleetan edo afixetan idatzita zegoena ere». Orduan konturatu zen beste herri batera migratzea, hein batean, «berriz jaiotzea» dela.

DBHko ikasketak burututa, elektromekanika ikasten ari da orain, eta oinarrizko errenta jasotzen du. Haren lehentasuna ez da aldatu: Marokon duen familiari laguntzea. «Hori bermatzean, gustatuko litzaidake bizitza normal bat izatea: etxe bat, lan egonkor bat, beharrik ez izatea... Baina, oraingoz, ezin dut horretan pentsatu».

Iqbal Hakkouk

«Zaila dela esan didate, baina irakasle izan nahi dut»

Iqbal Hakkouken historia ez dago ahoskatzen dituen hitzetan, isiltzen dituenetan baizik. Tantaka askatzen ditu erantzunak, gehiegi kontatu nahi ez balu bezala, baina, isiltasun errezel horren atzean, orbainez harriztatutako bide luzea igartzen da. Hakkouk adinduna da orain, baina 16 urterekin heldu zen Euskal Herrira. Familiarekin hitz eginda egin zuen bidaia: «Gurasoek bazekiten, ados zeuden, eta eurek ordaindu zidaten bidaia». Marokoko familia askorentzat, seme-alabaren bat Europara joatea familia osoaren bizi-proiektu bat da, eta urteetan aurreztutakoa inbertitzen dute horretan.

Beste gazte asko bezala, Hakkouk itsasoz heldu zen Espainiara. Lau neska gazte ziren, jendez beteriko txalupa batean. «Gogorra» izan zela dio, eta «beldurra» sentitu zuela: «Gau osoa eman genuen itsasoan». Espainiako kostaldera iritsi eta Guardia Zibilak atzeman zituenean, Algecirasko harrera gune batera eraman zituzten. Gurutze Gorriko boluntarioek artatu eta, zuzenean, Villamartingo adingabeentzako zentrora eraman zituzten taldeko neskak (Andaluzia, Espainia). Han egin zituen hiru hilabete. «Oroitzapen polita dut, neskentzako zentro bat zelako eta tratua ona zelako».

Izan ere, bakarrik dauden haur eta gazte migratzaileen artean, mutilak dira gehien-gehienak. Desoreka hori Euskal Herrian «nabariagoa» dela uste du Hakkoukek. Andaluziatik Donostiara lekualdatu zutenean konturatu zen: «Zentro misto batera eraman gintuzten, eta denak mutilak ziren. Lehengusina eta biok ginen hango neska bakarrak». Iaz, Martzillako (Nafarroa) adingabeentzako gunera eraman zuten, eta, hango egonaldia amaituta, Barañaingo tutoretzapeko etxebizitza batean bizi da orain, ikasketetan murgilduta: lanbide heziketako modulu bat goizez, eta DBH arratsaldez. «Etorkizunean irakasle izan nahi nuke; askok esan didate oso zaila dela, baina nik saiatu nahi dut».

Demba Barry

«Negarrez sartu nintzen etxean, esperantzarik gabe»

Hemeretzi urte ditu Demba Barry ginearrak —ez du hori benetako izena—. 2018. urteko udan iritsi zen Baionako Euskaldunen plazara. Han, lehen arta emateko zeuden laguntzaileak ezagutu zituen. Horietako baten zenbakia errepertorioan gorde, eta hurrengo egunean Parisera joateko autobusean sartu zen. «Zenbait lagun banituen Parisen. Hilabete batez egon nintzen han, adingabe gisa ezagutua izateko prozedura egin bitartean». 30 egunez Frantziako hiriburuko hotel batean aterpetu zuten gizarte zerbitzuek, baina adingabetasuna ukatu zioten, eta kanpora igorri zuten.

«Erabat bakarrik utzi ninduten, eta ez nekien zer egin. Baionan ezagutu nuen laguntzailea deitzea deliberatu nuen, eta Baionara itzuli nintzen berriz». Laguntza sareko harrera familia batean aterpetu zuten —bertan jarraitzen du—. Hasi zituen berriz adingabe gisa ezagutua izateko prozedurak. «Baionako epailearengana jo genuen. Enegarren aldiz nire ibilbidea kontatu behar izan nuen». Baina, berriro ere, ukatu egin zioten adingabetasuna.

Denbora berean Ipar Euskal Herriko kolegio batean eman zuen izena, eta frantseseko diploma lortu zuen. «Anartean, nire adina aurrera zihoan. Laster 18 urte beteko nituen». Azken galdea Paueko auzitegian (Biarno) egin zuen. Ukatu egin zioten berriz. «Negarrez sartu nintzen etxean, esperantzarik gabe». Handik egun batzuetara, Baionako suprefeturan lurraldean egoteko baimena eskatu zuen. Ikasle baimena lortu zuen. «Orain lizeoan naiz, eta denbora erdiz egiten dut lan». Ez da, ordea, etorri zeneko ametsa betetzen ari: «Informatikaria izan nahi nuen. Baina ikasketak luzeak dira, eta lehenbailehen lortu nahi nuen autonomia. Horretan ari naiz».

Ohiko zirkuituetatik kanpo egin du bidea Barryk, Euskaldunen plazan muntatu zen laguntzaile sarean barna. Eta orain, laguntzaile gisa ari da, harrera zentroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.