Legebiltzarrak urrats bat egin du inbestidura irail hasieran izan dadin

Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Irailaren hasieran lehendakariaren izendapenarekin jarraitu ahal izateko, Eusko Legebiltzarrak beste pauso bat eman zuen atzo. Parlamentarien bateraezintasunak aztertu behar dituzte inbestidura saioa hasteko, eta erabaki zuten zer kidek egingo duten azterketa hori.

Hilaren 13an osoko bilkuraegiteko asmoa dute. Datorren osteguneko bilkura horretan parlamentarien ondasun eta jarduerak bateragarriak direla onartuz gero, Bakartxo Tejeria parlamentuko presidenteak lehendakaria izendatzeko hasiera eguna zehaztuko du. Aurreikuspenen arabera, litekeena da irailaren 3an hastea inbestidura saioa.

Ezetza Voxentzat

Bestalde, legebiltzarrak bertan behera utzi du Voxeko diputatuak egindako eskaria. Amaia Martinezek, Voxeko diputatu bakarrak, idatzi baten bitartez eskatu zuen osoko bilkura berriz egiteko, parlamentari guztiek Espainiako Konstituzioari men egin ziezaietela eskatzeko.

Martinezek adierazi zuen Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren arabera parlamentariek baldintza jakin batzuk bete behar dituztela, eta horietako bat 108.8 artikulua dela. Artikulu horrek dio autonomia erkidegoetako parlamentariak Espainiako Konstituzioari «men egingo diotelazin egitera behartuta» daudela, eta «kargua hartzen den momentuan egin behar dela hori». Voxen eskaria ez da berria. PP+Cs koalizioak astelehenean bertan aurkeztu zuen idatzia, baina ezeztatu egin zuten, forma akatsengatik. Hori ikusita, Martinez legebiltzarkideak, eskaria egokitu, eta berriro aurkeztu du.

Eusko Legebiltzarreko araudiaren arabera, eta aurreko legealdiak osatzeko prozesuak aintzat hartuta, ordea, ez da beharrezkoa konstituzioari men egitea. Akreditazioak jasotzea eta ondasunen aitorpena egitea nahikoa da legebiltzarkide kargua hartu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.