Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Etxeak etxegabetasunaren aurka

2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Urteetan zehar, etxegabekoen arazoa marjinazio eta inadaptazio pertsonalaren ondorio bezala ulertu eta artatu izan da: droga erabileraren, buru gaixotasunen, laguntza-sare gabeziaren edota beste ezaugarri eta arazo pertsonalen ondorio gisa eta, horrenbestez, osasun edota gizarte zerbitzuen erantzukizun bezala ikusi ohi izan dira. Gizarte zerbitzuetan eman zaien erantzuna, gainera, nahiko makala izan da orokorrean: oso epe motzeko egonaldiak baldintzarik betetzen ez dituzten aterpetxetan alde batetik, eta, bestetik, baldintzapeko esku hartze errehabilitatzaileak, aldaketa pertsonal sakonak egiteko prest dauden (eta gai diren) pertsonei bakarrik zuzenduak.

Azken urteetan, ordea, beste ikuspegi bat nagusitu da erakunde eta herrialde askotan, gureak barne. Izan ere, euskal erakundeek onartu zuten Etxerik Gabeko Euskal Estrategiaren arabera, etxegabetasuna etxebizitza bat eskuratzeko ezintasunaren ondorioz sortzen den egoera bat da. Nahiz eta beste arazo asko eduki, etxerik gabeko pertsona guztiek duten ezaugarri komun bakarra da etxerik ez dutela. Estrategia horren arabera, etxegabetasunari erantzuteko estrategia ororen funtsezko helburua, bakarra ez bada ere, pertsona horiei behin betiko etxe bat eskuratzeko aukera ematea izan beharko luke, ahalik eta bizkorren. Ikuspegi horiek etxebizitza funtsezko eskubide gisa hartzen dute, baita gizarteko, laneko edo osasunaren arloko beste arazo batzuk konpontzeko aurrebaldintza gisa ere. Ez dago gizarteratzerik etxebizitzarik gabe: gizarteratzea ez da etxebizitza lortzeko aurrebaldintza; alderantziz, etxebizitza da gizarteratzerako lehen pausoa.

Etxebizitza ardatz duen ikuspegi horren adierazpen argi eta arrakastatsuenetariko bat Housing First izeneko metodologian txertatutako programak dira. Eredu hori etxebizitzan esku-hartze goiztiar bat egitean datza; hala, behin betiko etxebizitza merkeak eskaintzen zaizkie kalean edo larrialdiko zerbitzuetan bizi diren pertsonei, aterpez aterpe ibiltzera derrigortu gabe, eta, horrekin batera, baldintzarik gabeko esku hartze edo laguntza profesionala eskaintzen zaie.

Esku-hartze eredu honek oso emaitza interesgarriak eman omen ditu, bai Europan eta bai Estatu Batuetan, non gero eta erabiliagoa den. Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzak benetan esanguratsuak dira zentzu horretan: ohiko aterpetxeen erabiltzaileekin alderatuz, programa horietan parte hartu zutenek aukera gutxiago dituzte kalean berriz bizitzeko, larrialdiko osasun zerbitzuak erabiltzeko, buru gaixotasunak edukitzeko, diru laguntzak jasotzeko edota espetxeratuak izateko. Alderantziz, aukera handiagoa erakutsi zuten lan bat aurkitzeko eta diru iturri propioak lortzeko. Ikerlarien arabera, programa hauek ez dira, gainera, ohikoak baino garastiagoak: horrelako programa batean urte eta erdi igaro ondoren, pertsona hauen egoera hobetzeak dakarren diru aurreztea programaren % 80 ordaintzeko nahikoa da.

Argi omen dago, beraz, horrelako egitasmoek emaitza onak eman dituztela eta gero eta hedapen handiagoa dutela, Euskal Herrian ere. COVID-19ak, gainera, berriz jarri du mahai gainean etxegabetasunaren arazoa: konfinamendu garaian egin ziren neurketek agerian jarri zuten Euskadiko kaleetan lo egiten duten pertsonen kopurua uste baino handiagoa dela, eta pentsatzekoa da, epe ertainean, etxegabetasun egoerak ugaritu egingo direla krisi ekonomikoaren eraginez. Beharrezkoa da, beraz, aipaturiko estrategiak dioen bezala, etxegabetasunaren prebentziora bideratutako politikak indartzea eta etxerik gabeko pertsonentzako egungo arreta eredua birbideratzea, batik bat etxebizitza gabeziari eta etxebizitza politikei erreparatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.