urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Washingtondik begira

2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Afganistanen talibanak Kabul hartzen ari ziren unean, New Yorken ginen, Manhattan hegoaldean World Trade Center-en inguruan paseatzen, Dorre Bikiak egon ziren lekuan. Biharamunean, Penn Station-en trena hartu eta Washingtonera iritsi ginen. Union Station-eko geltoki ezin dotoreagoreagotik irtetean Kapitolioa genuen parean; handik gutxira, alokatutako autoaren bila Potomac ibaiaz bestaldera joanda, Pentagonoa inguratzen ari ginen, Ronald Reagan aireportura bidean. XX. mendeko botere politiko eta militarren sinboloetatik igaro ginen 24 orduan; XXI. mendearen abiapuntua markatu zuten irailaren 11ko erasoen jomuga ere izan ziren guneak, hain zuzen ere.

Afganistanen, talibanen babesean aterpe hartutako jihadistek prestatutako eraso haiek duela hogei urteko shocka, testosteronazko berehalako erantzuna eta bi hamarkadaren bueltan umiliaziorik handienetakoa ekarri diote herrialdeari. «Analogia historikoak egitea ariketa hutsala izan liteke, baina Afganistanek beste gatazka batzuekin baino antz handiagoa dauka Vietnamekin. Han, AEBen dilema nagusia erretirada zen, bakea baino gehiago. Bosnian ez bezala —non nazioarteko indarrek segurtasun berme bat ezarri zuten bake akordio ezegonkor bati eusteko— Afganistango bake eztabaidak AEBko tropa guztientzako irteera estrategiarekin daude lotuta, eta horrek ezinbesten indarkeria hauspotuko du». Duela lau hilabete idatzi zuen horren oker ez zegoen analogia Sahar Halaimzai afganiar idazle eta giza-eskubideen ekintzaileak. PEN Internationaleko bilera eta kongresuetan ezagutu nuen, eta duela zazpi urte Kirgizistanen antolatu zenaren harira, hark xaxatuta egin nuen Afganistanera sartu-irten labur bat, Kirgizistanen bisatua lortu eta Asia Erdialdeko ibilbidean Ali Mazarren meskita urdina ere gehituta, Mazar-i-Sharif hiri multietnikoan. Duela astebete jausi zen hiria talibanen esku, Kabulekin batera, baina gaitza lehendik zetorren: tenplu historikorik ederrenetik urrundutakoan, analfabetismoa, bazterkeria eta Estatuko ustelkeriaren txokoa zen; kontrastea are handiagoa zen errepidez ordu gutxira Samarkadaren liluran zinela kontuan izanda, eta Talgo trena hartuta Taxkent Uzbekistango hiriburu modernoraino irits zintezkeela.

Ezer ez da duela 20 urte bezala, horratik. Ezintasunen, ustelkerien, langileei ordaintzeko iristen ez ziren sosen ibilbidean, gizarte zibil antolatu eta ahaldundua ere badago herrialdean, baldintzarik gogorrenetan izan arren. Iazko udazkenean PEN Internationaleko Hizkuntza Eskubideen eta Itzulpengintza Batzordearen ardura hartu nuenetik, nazioarteko erakundeetatik iritsitako hiru gutun sinatzea egokitu zait: Kanadako Gobernuari lehendabizikoa, eta Estatu Batuetakoari eta Australiakoari hurrengoak. Kabulen hondamendia gertatu ez balitz ere, itzultzaileen —eta beste hainbat eta hainbat langileren— ebakuazioa ezinbestekoa zela aspaldi zegoen argi, eta aspaldi ari ginen antzeko eskaerak egiten, nork bere esparrutik. Sinetsezina dena, egunotako irudia da.

20 urtean taliban buruzagitzak asmatu du aldaketa kosmetikoren bat egiten kanpora begira, eta lehen harreman diplomatikoen artean Txinari emandako garrantzia nabarmendu behar da. Urteetan uigur militanteei Afganistan eta Pakistanen trebatutako «terroristak» direla leporatu die Beijingek (ia armarik sekula atzeman ez bazaie ere), eta gerra irabazitakoan, lehen keinua Txinari egin. Mendebaldeari ere bai, noski, «ez ditugu lehengo akatsak errepikatuko» eta hori guztia, baina Al Qaedarekiko harreman estuak ez dira berehalakoan etengo. Uigurrei, berriz, inguruko estatu guztiekeman diete bizkar. Bihar-etzi zehatzago jakiten denean Xinjiangen gertatzen ari dena, kontuan izan beharko da nor non egon zen hori gertatu zenean.

Bai, harreman publikoen ikastaro eta guzti sartu da jihadismoa Kabulen. Azken batean, behin honaino helduta, nork ez daki zelan goxatu estatubatuarren belarria, irribarre luze eta memoria labur horrekin? Oroitarriak eta plastikozko monumentuak eta solemnitatea eta, inoiz, Hollywooden hauspoa ere izango du irailaren 11k, zelan ez, baina inor ez da geratuko atzera begira. Eta realpolitik hark aspaldi agindu bazuen ere, zinismorik argienarekin ageri da «terrorista» zeinen hitz malgua den, daukazun indarraren eta boterearen arabera.

Orain eta hemen, herrialde honetan dabiltzan armek eta gizartean dagoen polarizazio politikoa oso urrun dago duela 20 urteko shocketik. Edozein erasok berriz pizteko gaitasuna luke, egia da, baina beste orrialde batean dabil herrialdea uneotan. Guk oraingoz, alabak eskola sarreran armen detektagailutik igaro beharko duela ikasi dugu. A, eta matrikularako orrian gurasoei egiten zaizkien galderen artean (alergiarik? Argazkirik egiteko baimenik bai?), eskolak gogorarazi digu armadarako erreklutatzaileek hala eskatuz gero, hamaika urtetik aurrerako umeen informazioa eman behar dietela, gurasook kontrakorik esan ezean. Dirutza kosta da Afganistan, baina asmatuko dute gero ere errekluta gaztea beste norabait bidaltzen. Inoiz ez da gatazkarik faltako, azken baten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.