Kobaneren borroka, Afrinentzat eredu

Siriaren barneko Kurdistango beste eremuetako ehunka boluntariok Afrinera iristea lortu dute azken egunotan. Atzo hilabete egin zuen Turkiaren erasoaldiak, eta gabezia larriak pairatzen ari dira herritarrak.

Herritarrak bilduta, odola emateko, Afrin hirian. Odol falta larria dela adierazi dute ospitaleek. EDNAN HESSEN.
Jose Miguel Arrugaeta. Orsola Casagrande
2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ednan Hessen Siria barneko Kurdistango Kobane hirikoa da. Haren familiako 11 kide hil dira EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan. Siriako alde askotariko gerraren aldeetako bat. Duela egun batzuk, Hessenek, Kobaneko eta ekialderago dagoen Serekaniyeko (Ras al-Ayn, arabieraz) ehunka herritarrekin batera, elkartasun karabana batean bidaiatu zuen Afrinera. «Odola falta da», kontatu du telefonotik. «Zaurituak ehunka dira, gehienbat zibilak, eta ospitalea jendez beterik dago: emakumeak, haurrak... Eta ez dago ezer». Kurduentzat, Afrin hartzen ari da Kobanek 2014an EIren erasopean hartu zuen erresistentzia sinbolismoa bera.

Barruti bat izateaz gain, hiri nukleo bat ere bada Afrin. Alepotik 40 kilometro eskasera dago (ipar-mendebaldera), eta gerraren aurretik Afrin hiriak eta haren inguruko 380 herriek milioi erdi biztanle inguru zituzten. Aleporen inguruan gertatu ziren borroka askoren ondoren, herritar askok Afrin babes eremutzat hartu zuten, haien jatorri etnikoa eta erlijiosoa edozein zela ere. Horregatik, joan den hilaren 20an Turkiak erasoaldia hasi zuenean, kalkulatzen da 800.000 biztanle inguru zeudela Afrinen; hau da, Siriako beste lurraldeetako 300.000 desplazatu bizi zirela Kurdistango barruti autonomoan.

Hildako eta zauritu zibilak ehunka dira jadanik. Emakumeak eta haurrak herrien inguruetan dauden haitzuloetan eta etxeen sotoetan babestu dira, eta giza egoera hondamenezkoa da. «Ospitalean denetarik falta dugu», kontatu du Halilek, Kurdistango Ilargi Gorriaren (Heyva-Sor) boluntarioak. «Ez dugu botikarik, ebakuntzak egiteko tresnak behar ditugu, haurrentzako esnea, garbiketarako kitak... Odola ere falta dugu». Medikuntzako gaiez gain, esan du «eguneroko arropa», mantak, janaria eta ura behar dutela. Turkiako armadak ahalegin berezia egin du ur hornidurarako sistema suntsitzeko.

Cindirese, Dikmetas, Erebweran eta Til Mediq herriak egunetan bonbardatu dituzte. Eraikinak eta etxebizitzak suntsitu dituzte, eta giza galera handia eragin. «Ospitalean topatu ditut familia batean bizirik iraun duten bi kide bakarrak», kontatu du Hessenek. «Haien lau anaia-arrebak, 1 eta 14 urte artekoak, eta gurasoak bonbardaketetan hil dira».

Odola ematen duen bitartean, Hessenek oroitu du galera bera sufritu zuela Kobanen, eta ezin izan du eragotzi bi hirietako egoera konparatzea. «Psikologikoki,oso zaila izan da niretzat eta nire kideentzat Afrineraino iristea. Baina duela lau urte gu Kobanen erasopean egon ginenez gero, gizon eta emakume hauen erresistentziari ekarpenen bat egin behar genion».

Kobaneko borrokan EIren gainbehera hasi zen. «Turkiarrek ez dute ikusi ere egin nahi kurduen autonomia bat», esan du Delalek, Ilargi Gorriko beste boluntario batek. «Hemen ikusten dugu, Ipar Kurdistanen [Turkiaren menpekoan] ikusten dugun bezala. Hala ere, guk borrokan jarraituko dugu, nola bizi nahi dugun eta nola gobernatu nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.