begona del teso
IRITZIA

Cronenbergez harago, bada

2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Zinemazaleok, zinemajaleok, zinema tratulariak, zinema saltzaile-erosleak, zinema mezenasak, zinema bilatzaileak, zinema egileak, zinema ikasle-irakasleak, zinema maitaleak, zinema bortxatzaileak, zinema programatzaileak, zinema hautatzaileak, zinema banatzaileak, zinema areto jabeak, helikopteroz edo jet pribatuz bidaiatzen duten izarrak, eta autobus txiki bat hartuta Bilbotik etorri zen emakume sorta polita, Urrezko Palma irabazi duena eta Urrezko Erraila jaso duena; zinema baino gehiago Monako ametsezko-amesgaiztoko printzerriko F1-eko zirkuitua nahiago dutenak—han, pasa den igandean Mexikoko Cheto Perezek gainditu zuen (gora!) bertakoen begi kuttuna den Leclerc—, zinema gustuko ez dutenak, eta F1 begiko ez izan baina Frantziaren eta Italiaren arteko mugan den Ventimigliako merkatuan ibiltzea maitatzen dutenak,oraindik Nizako zinema aretoetara bueltatu ez den jendetza (eta agian itzuliko ez dena)...

Denak (edo ia denak) hemen gara berriro, bueltatuak gara Cannesetik, 75. ediziotik itzuliak. Cannesen non dena baita posible. Non ezina beti gainditu ohi baita. Cannes. Non oraintxe arte izan dugun zinema dastatzeko modua malamentean zauritua dagoela antzeman dugun. Ez bakarrik guk. Baita zinema azokan, industrian eta sorkuntzan dabiltzanek ere, baita oraindik egin gabeko pelikula baterako aurrekontratua ahozapi batean sinatu ohi zuten horiek ere.

Zinemak bizirik dirau. Zinemak. Euskarriak ez hainbeste.

Beti esan digute areto baten magia jendeak inguratua bizi dituzun emozioetan datzala. Baina egun Iparraldean ikusgai diren Michel Hazanaviciusen Coupez! eta David Cronenbergen Crimes of the Future filmak (biak estreinatu berriak Cannesen bertan) programaturik ziren saloietan zortzi lagun baino gehiago ez ginen bildu Niza ondoan. Beraz... hausnartu, pentsatu eta zeozer asmatu beharko dugu hasierako lerroetan aipaturiko denok. Euskarri aldetik, ez arte aldetik.

Ez. Zinema sasoian dago. Sasoi betean izan ere, nahiz eta, agian, Vincent Lindon buru zela epaimahaiak erabakitako sari zerrendak hain argi ez adierazi.

Ez izan, baina, ardura handirik. Sariak beti sari. Zerrenda guztien izkinetan, txokoetan, kantoietan, muturretan aurkitzen genuen, ostera, irudi arakatzaileok sasoi horren seinale markakoa.

Urrezko Palma jaso zuen Ruben Ostlunden Triangle of Sadness-ek, kasurako, badu azken eszena ikaragarria, non luxua baino ezagutzen ez duten itsasaldi bateko bidaiariek elkarri botaka egiten dioten. Bai, burgoia txundituta uzteko modukoa dirudi... Albert Serrak bere Pacifiction horretan proposaturikoarekin alderatzen ez duzun bitartean. Bertan, badaezpadako paradisu batean euren bizitzaren zentzua bilatu nahi (edo) duten izaki galdu batzuen melopeia hurbiltzen digu Louis XIV. aren heriotzaren kiratsa usaintzera behartu gintuen egileak berak.

Zinema sasoi-sasoian da. Ez baduzue sinesten, galde iezaiezue Zinemagileen Hamabostaldiaren emanaldietan kanpatu duten guztiei. Burmuina eta begi-niniak pantaila-argazkiz gainezka dituztelarik bueltatu dira etxera. Bi adibide, nahiko; lehenbizikoa: Joao Pedro Rodriguesen Fogo-Fatuo atrebentzia. Musikala da. Pornoa da. Politikoa da. Sutan da. Eta ez bakarrik tronura sekula iritsiko ez den printze baten eta sugarrek hartutako Portugalen eginbeharrean dabilen Afrikako koloniak izandako lurretatik etorritako suhiltzaile baten arteko amodio-ipuina baita, baizik eta Cannesen igualik izan ez duen umore maleziatsua dariolako.

Bigarrena, Alex Garlanden Men. Beldur britaniarra. Azken momentuan gehiegikerian erortzen den ipuin lazgarria, non soinu bandak kontakizunak baino sakonago izutzen zaituen...

Hirugarren bat nahi? Plazer handiz: Ikusiko balu, Crimes of the Future burutu duen David Cronenberg bera zur eta lur utziko lukeen filma, De Humani Corporis Fabrica. Bai, antropologoak diren Verena Parabelen eta Lucien Castain-Taylorren zinema puskak minez utziko luke aspaldi zaharretik haragi berriaren mezularia (sortzailea ere) izan den kanadarra. Ospitale zenbaitzuetan plano hurbil-hurbiletan filmaturiko ebakuntzak azaltzen ditu filmak. Apika ez didazue ontzat emango, baina zinez diotsuet poesia baduela. Eta zinema fantastikoaren ezaugarriak. Baita suspensea ere. Zer aurkituko ote zirujauak gorputz bat irekitzerakoan…?

Bueltan gara. Ia denak. Baita Urrezko Erraila lortu zuen Estibaliz Urresola Solaguren ere. Bai, Cuerdas laburrak urrea lortu zuen Cannesen. Non Zinemak bizirik dirauen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.