Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Deus ex favela

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Pacificado'



Zuzendaria: Paxton Winters. Aktoreak: Bukassa Kabengele, Cassia Nascimento, Jose Loreto, Debora Nascimento. Herrialdea: Brasil. Iraupena: 120 minutu.

Brasilen gaude, Rio de Janeiroko favela batean. Kale malkartsuetan ikusiko ditugu etxeak, multzokatuta, bata bestearen gainean pilatuta, inprobisatutako ezinezko arkitekturetan. Horrelakoa da favela, inprobisatua, legez kanpokoa, ustekabekoa.

2016ko Olinpiar Jokoen ondorioz, faveletan gauzak asko aldatu ziren: Pazifikazioa izeneko bake antzeko egoera hauskorrari bide eman zitzaion. Biztanleak, mafiak eta poliziak hari fin batean jardun ziren, itxurazko bake tenkatu batetik zintzilik.

Tati 13 urteko neskatoaren istorioa azalduko digu filmak. Txirotasunak, droga mendekotasunak, prostituzioak, mafiak osatuko dute bere egunerokoa. Favelan mafiaren buruzagiak agintzen baitu. Denak bere eskuetan daude, begia begi truk lelopean; hala, krudeltasunaren eta gordintasunaren ikusle izango gara.

Pelikulak argazki izugarri landua izango du, irudi eta plano ezin ederragoak eskainiz. Gidoiari dagokionez, ordea, azaltzen duena interesgarria bada ere, eta errealitate gordinean oinarritua badago ere, azkenerako telesail amaiezinaren tankera hartzeko arriskura hurbiltzen da.

Hori gutxi balitz, bukaera aldera zuzendariak modu guztiz tupustekoan deus ex machina nabarmen batekin argituko du istorioaren trama. Nolabait jarraitzen ari garen tramek istant batean konpontzeko beharra izango balute bezala.

Filma ederra da neurri batean, salaketa bide interesgarria, eta dokumentu gisa baliogarria oso, horretaz ez daukat zalantzarik. Baina amaieran zabaltzen duen istorioaren ondorioetan galdu egin naiz, ez baitakit sintesiarekin ados nagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.