Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Bakardadearen alaba

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'La hija de un ladrĂ³n'



Zuzendaria: Belen Funes. Aktoreak: Greta Fernandez, Eduard Fernandez, Alex Monner, Tomas Martin. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 102 minutu.

Egunerokotasuna gertatzen da, besterik ez; egunak bata bestearen ondotik iragan, batu, eta denborak aurrera egiten du. Nork bere egunerokotasuna du, nork bere mundua, bere kosmosa, bere deabruak. Normalean bakoitza bere gertaeretan murgildua bizi da, eta ez du albokoari gertatzen zaionaren ideiarik; autobus gidariarena, dendako saltzailearena, tabernariarena... Ezagunak zaizkigun aurpegien istorioak arrotzak zaizkigu, ezezagunak.

Belen Funesek Sararen bizitzaren pasarte bat erakutsiko digu, eta bere intimitatea zelatatzen arituko gara: lortu berri duen lantxoa nolakoa den, kartzelatik atera berri den aitarekin duen harremana, bere umetxoarekin duena, eta ustez haren aita denarekin nola konpontzen den.

Lapur baten alaba omen da Sara; hori dio filmak, eta horrela izango da, baina argi daukadana da Sara bakardadearen alaba dela. Horrela sentituko dugu pertsonaia, bakarrik bere egunerokoan, galdurik, eginkizunetan murgilduta, betebeharretan, jendez inguratuta, baina bakarrik, noranzko argirik gabe. Inguruan dituenak hurbil nahi izango ditu, baina batzuetan gauzak ez dira norberak nahi bezala suertatzen. Besarkatuko ditu, baina ez du behar duen maitasuna ordainean jasoko. Agortua dago Sara, eta ia antzematen ez den itolarri batean ikusiko dugu filmak aurrera egin ahala, azkenean, hautsi egingo den arte.

Zuzendariaren lehenengo film luzea dugu, eta modu aski dotorean pantailaratuko du klase ertain-baxuko ama gurasobakarraren nondik norakoa, latza, estua eta bakartia. Greta Fernandez Sararen rolean ezin hobe ikusiko dugu, sorgor, bizitzak hasieratik lezio gogorrenak irakatsi balizkio bezala, hondarrezko erloju bat bezala, kolpeak aleka metatzen.

Berezia da aktorea egiazko bizitzan filmean aitaren rola antzezten duen Eduard Fernandezen alaba izatea. Bien arteko harremana errealismo gordinetik bideratuta dago; Gainsbourgen abestiak zioen bezala, maite zaitut, nik zu ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.