begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Animaziozko zomorro zuloan sartuz gero...

2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Objektu hegalari ezezagun bitxi hainbatek hartu dute lur gure etxe ondoko / urrutiko / barruko pantailetan azken egunotan.

Egiarekin leialak izan nahi izanez gero, zera aitortu behar: inor gutxi konturatu da, oraindik bagabiltzalako Barbie, Oppenheimer, Las chicas están bien, Walk Up, Godland, Blue Beetle, Anatomie d'une chute, Cerrar los ojos eta antzekoek eraginiko biharamunarekin, bestondopean, zepelinaren erraietan. Ez aztoratu, ez arduratu, ez bota malkorik. Hemen baikaude gu. Expendables deituko ziguten ingelesez, dudarik ez izan. Nolabait, bat-bateko itzulpen erdipurdiko batean, expendables horrek baztertzeko, zokoratzeko, ahazteko, ordezkatzeko errazak direnak azaltzen ditu. Balio gutxiko jendaila, hondakinetako gai birziklatu ezina.

Hala eta guztiz, ez pentsa, Expendables hitzak ibilbide polita izan du zineman. John Fordek They Were Expendables izenburuko filma sinatu zuen 1945ean, Aliatuek Filipinetan sakrifikatu zuten eskuadroi baten omenez. Bertan aktore, John Wayne, Robert Montgomery eta beste. Ez da bi John horien onena, baina badu bastante indar zuri-beltzekoa.

Hamarkadak joan, hamarkadak etorri, eta, derrepentean, 2010ean beste expendable-zokoratzeko moduko-birziklatu ezinezko saldoa agertu zen gurean. Ederki zekiten talde hartako denek izan zirena ez zirela. Edo igual bai, nork daki. Beren buruari ez zioten inolako errukirik, baina animoso egiten zuten zuetako inork dastatzen ez duzuen zinema mota hori: Sylvester Stallone, Arnold Schwarzenegger, Dolph Lundgren, Bruce Willis. Erretiroa hartu beharrean, Hegoaldean Los mercenarios izena hartu izan zuten horiek mundua salbatzeari ekin zioten berriro. Zioten? Oker naiz: Diote, laster demonio estreinatuko baita gurean laugarren atala.

Harira, guk, pantaila txiki, handi, luxuzko eta arruntetako izkinetan, bazterretan edo espazioko zulo beltzetan, baita zomorroarenetan ere, eroria den zeluloidearen zaindari hala moduzkook, hiru film guapo-guapo erreskatatzen ditugu zuentzat. Hemen bertan: Teenage Mutant Ninja Turtles: Mutant Mayhem, Abentura erraldoia eta HeadSpace.

Hirurak dira animaziozkoak eta hirurek beste zinema bat existitzen dela aldarrikatzen dute. Bakoitzak bere erara, bakoitzak bere baliabideekin. Bakoitzak bere flakeziekin, jakina.

Handiena, areto pila setiatu / okupatu duena (merezimendu osoz) dordoka nerabe / NewYorkeko/ mutanteena da. Izugarriak eta arrisku handikoak dira bere sortzaileek hartutako erabakiak eta onartutako erronkak. Marrazki bat ere, lerro bat ere, puntu bat ere, zirkulu bat ere ez da ondo egina, ondo trazaturik. Marrazketa / pintura / animazio akademia / unibertsitate / txapelketa batek ere ez luke onartuko estilo aberats eta harrigarri batez, mila eta bat artistek burutu duten Spider-Man azkenari aurre egin diezaiokeen mirari bakarra. Zinez diotsuet, mirari fresko eta ganberroa.

Gurean euskaraz entzuten den Abentura erraldoia-ren nondik norakoa arras bestelakoa da. Latinoamerikan ditu bere sustraiak. Bagenuen Kuban egindako animazioaren berri zehatza, bai. Gutako askok altxor gisa gordetzen baititugu Juan Padronek sortutako Elpidio Valdesen abenturak eta Vampiros en La Habana ikaragarri hura biltzen zituzten antigoaleko bideokasete horiek. Bestalde, urteak dira Huitzilopochtli bezalako jainko mexikarrek babesturiko animazioa begi-bistatik galdu genuela. Txikitan bai, txikitan gustura dastatzen genituen El Chapulin Colorado-ren ilustrazio bizidunak. Eta Editorial Novarok plazaraturiko La pequeña Lulú eta antzeko tebeoak. Ostera, Perun animaziorik egiten denik ez genekien, eta boteprontoan, Liman jaiotako Eduardo Schuldt zinegileak eta bere kideek Antoine de Saint Exuperyk berak maitatuko zukeen film deliziosa eskaintzen digute. Eta bertan, Nasca basamortuan auskalo nork, auskalo zeinek, auskalo zertarako fin-fin trazaturiko lerro misteriotsu haiek omentzen dituzte. Eta maitarazi bertako sekretuak gordetzen dituzten izakiak.

Ustekabez ustekabe ibili gara azken pelikuletan. Gaur Hegoaldean estreinatuko den HeadSpaceMe he tragado un extraterreste jarri diote izenburu (Estralurtar bat irentsi dut)— Hegoafrikatik dator, eta beste gutizia bitxi-bitxia da, denok ezaguturiko eremuetan jolas, joko eta tranpa egiten duena...

Bai, bada beste zinema bat ohiko aretoetako izkinetan ezkutatzen den/zaigun/digutena. Zuek aurkitu beharrekoa... Guk, expendable-ok abisua pasatu dizuegu. Ez horregatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.