Ismael Manterola
BEGIZ

Ulibarrena

2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Sartagudako Memoriaren parkean izan nintzen azken udan, eta, Joxe Ulibarrenaren Gurutzada Santuak fusilaturik izeneko eskulturaren aurrean nintzela, eskultorea eta bere museo etnografikoa ezagutu behar nituela erabaki nuen. Banekien pattal xamar zebilela, eta premia horrek asmoa azkar bete beharko nuela pentsarazi zidan. Ez dut nire asmoa lortu. Aurreko astean joan zitzaigun egile nafarra, eta horrek bete gabeko beste ilusio bat utziko dit.

Ezagunak egiten zaizkigu Euskal Eskolen Mugimenduan ibilitako Gipuzkoako eta Bizkaiko artistak. Gaur eta Emen taldean bildutako Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu, Zumeta, Sistiaga eta Ibarrola gutxi gorabehera aipatu ditzakegun euskal artisten zerrendan daude. Ez da gauza bera gertatzen Arabako Orain taldeko kideekin, eta, zer esanik ez, osatu gabe geratu zen Nafarroako Denok taldearekin.

Isabel Bakedanorekin batera, Ulibarrena Iruñeko artisten artean zebilen Oteizak Euskal Eskola taldeak antolatzeko deialdia egin zuenean. Popearekin gorabeherak izan arren, Oteizaren hainbat ideia bereganatu zituen Ulibarrenak, betiere era heterodoxo samarrean. Ulibarrenaren artea bitxia zen, bere izaera bezala. Hala ere, asmoetan ez zegoen Oteizarengandik hain urruti.

1995. urtean Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatu zuen 1960ko euskal artearen eta artisten erakusketan ikusi nituen Ulibarrenaren lehendabiziko eskulturak: euskal gizonen buruak ziren. Serie harrigarri hartan, zaila egin zitzaidan jakitea zein zen eskultore hark adierazi nahi zuena. Figurazio sintetizatuaren bidez eta material ezohiko baten bidez (eskaiola), XX. mende hasierako euskal eskultoreekin harremanetan jartzen gintuen. Tipoen gaineko ikerketak genealogia batean sartzeko gaitasuna ematen zigun, betiere 1960ko hamarkadako testuinguruan: gizontasunak zuen nagusitasuna, eta euskaltasunaren iraupena aldarrikatzeak frankismoarentzat zuen probokazioa. Baina hain leun, hain lasai, hain fin eta hain umil ikusten genituen aurpegi haiek ez zuten adierazten garai hartan izan zezaketen indarra. 30 urte pasatu ondoren, asmo batzuen fosilak ematen zuten, nahiz eta artelan askok izan ohi duten berrikusteko edo erakartzeko ahalmena izan. Ezin genuen denboratik kanpo ziruditen zahar itxurako pertsonaia haiengandik ihes egin. Iraganarekin harremana sortzeko indarra zutela esango nuke.

Oteizak berak sarritan aipatzen zuen Neolitoko euskal gizaki haiekin begi harremana sortzeko gaitasuna zutela iruditu zitzaidan. Azkenean, Oteizaren gizaki hari aurpegia jarri niola pentsatu nuen. Horrela gogoratuko dut Ulibarrena, eskultura serie horretan irudikatutako aurpegiekin, bera baitzen Neolitotik gaur egunera lotura sortu nahi izan zuen euskal gizona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.