Koronabirusa New Yorken

Bi minutuan behin, anbulantzia hotsa

COVID-19ak munduan kalterik handiena egin dion hiria da New York. Ia 12.000 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz. Osasungintzaren eta ekonomia ereduaren gabeziak pairatzen ari dira txiroenak.

Emakumezko bat New Yorkeko Queens barrutiko Calvary hilerriaren ondoan paseatzen, joan den apirilaren 9an. JUSTIN LANE / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ezin zaratatsuagoa da New York. Egunero,24 orduz. «Orain, aldiz, hiri fantasma bat da kasik», Luis Foncillas Koitz iruindarraren esanetan. Azken asteetan anbulantzien sirena hotsa gailentzen da beste ezeren gainetik. Maria Contelen (Iruñea, 1970) arabera, «bi minutuan behin» aditzen du bat etxetik. «Eta aditzen duzunean badakizu paziente bat daramala, ziurrenik larri, ia seguru koronabirusa duena», nabarmendu du Koitzek. COVID-19aren munduko epizentroa bihurtu da hiria. Azken datu ofizialek diotenez, 123.000 bat lagun kutsatu ditu gaitzak, eta ia 12.000 hil. Konparazio bat egiteko, Madrilgo erkidegoan 51.000 bat dira kutsatuak, eta 7.000 inguru hildakoak.

AEBetan biztanle gehien duen hiria da —8,3 milioi—, eta biztanle dentsitate oso handia du: 10.200 biztanle kilometro koadroko; hau da, Madrilen bikoitza. Epidemiaren hedapena azaltzeko orduan hori «arrazoi oso argia» dela iruditzen zaio Conteli. 2006tik bizi da han, eta kimika departamentuko burua da CUNY New York Hiriko Unibertsitatean. «Kontuan hartu behar da, gainera, nahiko pobrea den jende asko dagoela hemen, eta baldintza jakin batzuetan bizi dela». Adibidez, hainbat familia apartamentu bat partekatzen. Bestetik, «osasungintzaren» egoerari erreparatu behar zaio. «Pribatua denez, eta ez denez pertsona guztiengana hedatzen, herritar askok, txiroenek batez ere, beltzek, osasun eskasagoa dute». Datua urte hasierakoa da: New Yorken 600.000 bat lagun daude osasun asegururik gabe.

Koitz argazkilari, kazetari etaViacomCBS komunikabideen multinazionaleko kolaboratzaileak «beti» esaten duena azpimarratu nahi du: «AEBetan osasungintza ez da eskubide bat, negozio bat baizik». 26 urte daramatza hirian bizitzen. «Osasun asegururik eduki gabe ospitaleratua izanez gero, bizi osorako hondoratu zaitezke. Baliabide ekonomiko gutxikoak ez dira medikuarengana joaten ezin dutelako ordaindu». Zehaztu du AEBetan enpresek ez dietela zertan osasun aseguru bat egin kontratatutakoei. Ahalegintzen da estatubatuarrei beraiei azaltzen herrialdeko osasun sistemaren gabeziak: «Esaten dizute munduko osasun sistema onena dutela. Erantzuten diet ordaindu baldin badezakezu onena dela; bestela, txarrena dela».

Desoreka horiek askoz ere nabariagoak dira duela zenbait astetik. Andrew Cuomo New York estatuko gobernadoreak martxoaren 7an ezarri zuen alerta egoera, baieztatutako kutsatuak 76 baino ez zirenean. Bi aste geroago heldu zen konfinatzeko agindua, kasuak 7.000 pasa zirenean, eta hildakoak, 35. «Europako beste herrialde batzuetan bezala, hemen ere berandu hartu dira neurriak», adierazi du kimikariak. Pentsatzen du kasu handiagoa egin zaiela «politikariei-eta», zientzialariei, epidemiologoei eta birologoei baino. «Nire ustez, konfinamendua oso leuna da. Jendea, zoritxarrez, paseatzera eta kirola egitera ateratzen da. Etxe ondoko parkean, batzuetan egun normal batean gaudela dirudi». Prebentzio neurriak hartuz gero, ez dago debekatuta paseoan ateratzea edo kirola egitea. Contelek etxetik lan egiten du, eta astean behin ateratzen da, «erosketak egitera».

Asteburuetan «haizea hartzera» ateratzen da Koitz kazetaria. Bestela, etxetik ari da lanean, nahiz eta, «burua prestatzeko», lantokira joan beharko balu bezala prestatzen den. «Ez nuke esango konfinamendua leuna denik». Iruditzen zaio baietz, badaudela herritarrak kalean, baina, «oro har», arretaz jokatzen dutela. Hori egitera deitu du Contelek: «Lagunei esaten diet soldata finkoa dugunok etxean gelditzeko obligazioa dugula». Baina jende askok ez du horretarako aukerarik. «Arazoetako bat da jende batek soldata guztia ateratzen duela beltzean lan eginez. Umeak zaintzen dituztenak, etxeak garbitzen dituztenak... Jende asko etxetik ateratzera behartuta dago bizimodua atera ahal izateko».

Gaitzaren garapenarekin lotuta udalaren osasun zerbitzuak egunero argitaratzen duen iragarpenean, hildakoak arraza aintzat hartuta sailkatu zituzten joan den igandean: hildakoen artean %62 ziren latinoak edo beltzak, nahiz eta New York hiriko herritarren %51 ordezkatu. Herritarren %42 zuriak dira, eta hildakoen %27 ordezkatzen dute. «Koronabirusaren eraginak hamarkadetan hirian ikusi ditugun desberdintasun sakonekin du harremana, zentzu askotan, », aitortu du Bill de Blasio alkateak. Koitzen iritziz, ez da arraza kontua, «klase, ekonomia» kontua baizik. Gaitzak klase apalekoei zergatik egin dien kalte gehien ulertzeko beste arrazoi bat da zein «lan mota» duten, oro har, horiek. «Deliak [janari denda moduko bat], supermerkatuak eta janaria etxera eramaten duten jatetxeak irekita daude. Afro-amerikarrek eta latinoek lan egiten dute horietan».

OMEren azterketa hura

Administrazioaren erantzunarekin oso kritikoak dira Contel eta Koitz. «Iazko urriko OMEren [Osasunaren Mundu Erakundeak] ikerketa batek esaten zuen koronabirus bat egoteko aukera zegoela, eta adierazten zuen zer egin kasu horretan. AEBek eta Europak ez zioten kasurik egin», kexu agertu da Contel. «Inpotentzia» sentitzen du. Halere, itxaropena du gertatutakoak mundua «pixka bat» aldatuko duela. «Zientzialariei eta gazteei entzun behar zaie auzi planetarioari dagokionean».

Koitzek uste du osasungintza sistemaz eztabaidatuko dela. «Baina zerbait aldatuko da? Pentsatu nahiko nuke baietz, baina herrialde hau ezagututa, ezezkoan nago. Armen erabileraren auzian ere ez da aldatzen». Bitartean, «erabateko ezinegonak» janda dago. Hori bai, itxaropen bat dauka, «baikorra» izan nahi du: «desastretik» zerbait ona aterako dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.