Euskararen aurkako epaiak

«Ez dugu ezer aldatuko»

Aste honetan zabaldutako epaietako batek mugatu egingo du udaletan euskara erabiltzea. Erabakia irmoa ez den heinean, udalerri euskaldunek orain arte bezala jarraituko dute.

Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Oraingoz, bere horretan. Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren hainbat artikulu bertan behera utzi ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, baina helegitea jartzeko tartea dagoenez, euskara teknikariek orain arte bezala lanean segituko dute, udalen hizkuntza politikak mugatzen dituen epai bat baldin badago ere. Atzoko epaiaren berri izan aurretik hitz egin du BERRIAk bi euskara teknikarirekin, epaiak nola eragin dezakeen jakiteko. Maite Etxaniz Zarauzko Udaleko (Gipuzkoa) euskara teknikariak argi du: «Ez dugu ezer aldatuko». Epaia irmoa ez den heinean, momentuz orain arte bezala funtzionatuko dute: euskaraz.

Ikusi gehiago:Udalek EAEn euskara sustatzeko araudia berriz kimatu dute

Zarauzko administrazioan euskara da gehien erabiltzen duten hizkuntza, UEMAko gainerako udalerrietan bezala. Hala ere, beren lan hizkuntza euskara izateak eta euskarari lehentasuna emateak ez du erran nahi gainerako hizkuntzetan mintzo diren herritarren arreta kaskarragoa izanen denik. «Errespetatzen ditugu herritarren hizkuntza eskubideak, eta elebitasuna presente dago gure egunerokoan», azaldu du Etxanizek.

Ikusi gehiago:Eudelek dio udal legearen epaia «toki autonomiaren aurkakoa» dela

Sententzia irmoa balitz, baina, guztia nahitaez ele bitan egin beharko luketela erran du Etxanizek, eta horrek lana bikoizten diela. «Hori ez da euskara normalizatzeko bide bat, euskarak euskara nagusi den guneak behar baititu, eta toki administrazioa da horietako bat», borobildu du. Egungo egoerara iristeko «lan asko» egin behar izan dute, bai arlo politikoan eta baita administrazioko langileek ere —anitzek euskaraz ikasi behar izan baitute bertan lan egiteko—.

Ongi daki hori Jabier Zabaleta Orioko Udaleko (Gipuzkoa) euskara teknikariak, epaiak «zailtasun gehigarri bat» ezartzen diela baitio. «Euskararen arloan lanean urteak daramatzagunok euskarari lehentasuna emateko hainbat proposamen egiten ditugu. Baina, bat-batean, euskararen normalizaziorako bidea zein den inporta ez zaion epaile batek hartu ditu erabakiak», gehitu du. Egoera hori izatea zerbait «gaizki dagoen seinale» dela dio.

Epaiak dio udaletan euskara lehenesteak «baztertu» egiten duela gaztelania. Zabaletak ez du ulertzen planteamendu hori: «Epaiaren arabera, ez da baliagarria telefonoko erantzungailu automatiko batek euskaraz hitz egitea lehenengo. Baina nola egin daiteke bestela? Bi aukera soilik daude: euskaraz lehenik edo gaztelaniaz lehenik». Ildo horretatik, «garbi dagoena da gaztelaniak de facto lehentasuna duen toki pila bat daudela Euskal Herrian, baina euskara lehentasuna den toki administrazioak gutxi batzuk direla». Hala, euskara nagusi den leku bakan horietan euskarari lehentasuna ezin eman izatea «bidezkoa ez den egoera bat betikotzea» dela adierazi du Zabaletak.

Istiluaren iturria

Etxanizek dio UEMAko udalerrietan indarrean dagoen hizkuntza politikak ez duela inolako gatazkarik sortzen herritarren artean: «Euskararen normalizazioa eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea ez daude kontrajarrita». Hala, uste du existitzen ez den istilu bat sortzea dela epaiaren helburua.

Hortaz, albistea «kezkaz» hartu dutela dio, hainbertze urtez egindako lana «hankaz gora» jarri izana «oso larria» delako. «Eztabaida eta lan handi baten ondoren sortu ziren udal legea eta hori garatzen duen dekretua, eta administrazioan lan egiten genuenoi aterpe bat ematen zigun», adierazi du. Euskararen kontrako azkeneko epaiak ikusita, argi du euskararen kontrako «oldarraldi bat» dagoela.

Hizkuntza politika horiek bideratzeko erabiltzen dute udalek euskararen erabilera plana, eta bertan zehazten da administrazioak zer irizpide beteko dituen lau urtez. Zabaletak dio ezen, testuingurua zein den jakinda, planean formulazioak egiteko «direnak eta ez direnak» egiten ibili beharko dutela orain. «Ezingo dugu egin benetan egin nahi genuen bezala; beldurrez gabiltza pentsatuz hori guztia botako digun norbait etorriko dela gainetik», biribildu du.

Esan du Orioko Udalean «hausnarketa sakona» egin dutela gaiari buruz, eta momentuz behintzat euskara erabiltzen jarraituko dutela. «Orain arteko neurriak aplikatzen jarraituko dugu», erran du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.