Pastor
DARWIN ETA GU

Madril ala Markina?

2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia eta ez da azkena izango. Leku batera joan edo deitu eta nortasun agiriaren zenbakia eskatzen dizute. Zure eskaera, zalantza, kexa edo dena delakoa kudeatzeko behar dute. Zifrak esaten hasi eta karnetaren zenbakiaren bukaeran dagoen hizkia ahoskatu behar. Gaizki-ulertuak sor daitezke, letra hori zein den. Izan ere, hizki batzuek ahoskera berdintsua izan dezakete zenbait belarrirentzat. Ñabardura fonetiko txiki batek baizik ez ditu bereizten eta, ondorioz, nahasmena sor dezakete. M eta n hizkien antzekotasuna dugu horren adibidea.

«M de Madrid?», galdetzen dizute orduan. Mexiko, Mosku edo Mumbai esan lezakete. Edo Munich edo Milan —Mazar-i-Sharif beste kontu bat da—. Hala eta guztiz ere, kasu gehienetan Madril esaten dizute, berdin dio deia edo elkarrizketa Espainiako hiriburuko jendearekin egiten ari zaren edo Bilbo, Tolosa edo Lizarrako udal langile batekin. Erreferentzia espainiarrak ditugu. Hori entzun eta norbera ere joera horri lotzen zaio, nahita edo oharkabean. Harik eta egun batean beste erreferentziaren bat hartzea erabakitzen duen arte. Bertokoa.

Markina esaten hasten zara. Euskal herri baten izena esaten diozu euskal herritar bati. Mendaro, Mendibe, Mendigorria, Mendikota, Milafranga edo Milagro esan zenezake, baina Markina aipatzen duzu. Bizkaitarra izanik, Markina ateratzen zaizu, ez galdetu zergatik. Markina, ez Mallabia edo Mañaria, herri horiek Lea Artibaikotik urrun egon ez arren. Batzuetan, eguna nola duzun, ez diozu baiezko erantzuna ematen telefonoz Madril esaten dizunari. Markina botatzen duzu. Eta kito. Bestetan, hizkia esatearekin bat herriaren izena botatzen duzu, aurrekoaren ahotik Madril berba irteten utzi gabe: M, Markina.

Kontua korapilatsuagoa izan daiteke. Karnetaren zenbakiaren amaierako hizkia zein den. Oso belarri fina ez duen jendeak edozein hizkiri buruzko xehetasunak eskatuko dizkizu. Zenbait kasutan inertzia kontua baino ez da. «Z de Zaragoza?». Halakoetan bi aukera dituzu: hiri horri egindako aipamena ontzat jo edo lehen hizkia z duen euskal herri baten izena esanez erantzun. Zein, baina? Zarautz? Zeanuri? Zigoitia? Zizur?

Norberaren bizilekuaren arabera. Karneteko azken hizkia u izanez gero, zer ulertuko du hobeto bizkaitar batek: Urduliz ala Uztaritze? Zer esan nafar bati: Urdiain ala Ubide? Hurbiltasun geografikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta errazago ulertu. Dudarik ez egin: Basauri eta Basusarri ezagutza maila desberdinez jasoko dituzte bizkaitar batek eta lapurtar batek. Bermeo oso ezaguna izango da bizkaitar baten belarrietan; baxenabartar baten buruan, berriz, ez. Behorlegi herriaren izena aipatuz gero, alderantziz gertatuko da. Urruña aditu eta Urduñarekin nahas lezake Bizkaiko herritar batek eta Orduña hitza hartu eta azkenean u hizkia o bihurtu. Ederra morokila! Hobe hurbileko herriak aipatu.

Espainia aldera deitzean, ez dugu zertan Madril hitza esan edo errepikatu. Hainbat aukera daude: Manila, Maputo, Maracaibo, Melbourne, Montevideo, Montecarlo... Azken lekuak ezagunagoak dira, itxuraz. Bietako bat aukeratzekotan Uruguaiko hiriburua nahiago. Grimaldi dinastia eta kasinoak baino gustukoagoak ditut Rambla, Sarandi pasalekua, Artigasen izena eta izana —eta mausoleoa— matea eta Más Puro Verso liburu-denda ederra.

Aukera eta hautu kontua da. Dena den, ohitura zaharrak ez dira gauetik goizera galtzen. Gutxika-gutxika joaten dira. Markina aldaketaren hasiera baizik ez da. Noizbait Markina barik Maule esaten hasteko asmoa dut, baina oraindik ez naiz ausartu. Denborari berea eman behar zaio. Madril esaten duenari Markina esatea, tira. Baina Maule? «Frantzia» aldera zergatik joan naizen galdetzeko kapaza izango litzateke. Madrilgo funtzionario batek hori esatea ulertuko nuke. Galdera geure administrazio autonomikoen ordezkari edo langile publiko baten ahotik etortzea, ez. Ez dakit trauma gaindituko ote nukeen. Ez dut arriskatu egin nahi. Badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.