Antsietatea, ahots arazoen iturri

Irakasleen egoera emozionalaren eta ahots arazoen arteko harremana ikertu du Ana Apellaniz Medikuntza eta Kirurgia doktoreak. Egiaztatu du estresak eta antsietateak eragina dutela hitz egiteko moduan.

Irakasle bat klasea ematen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Bilbo
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Egoera emozionalak «oso lotura zuzena» du ahots arazoekin, eta horrek desorekak eragin ditzake hitz egiteko moduan. Hori egiaztatu du Ana Apellaniz mediku foniatrak, Medikuntzan eta Kirurgian egin duen doktore tesian. Izan ere, irakasleen emozioen eta ahotsaren arteko harremana ikertu du, eta, ondorioztatu duenez, pazienteen %73,6k antsietate handia zuten ahots arazoa sortu zitzaien momentuan.

30 bat urte daramatza Apellanizek foniatra gisa lanean, eta denbora horretan guztian ikusi du emozioen eta ahotsaren artean badagoela lotura bat. Harreman hori nolabait frogatzeko asmoz abiatu zuen ikerketa, eta, horretarako, ahots arazoak zituzten—ahots kordetako noduluak 76 pazienterekin egin du ikerlana. Harreman hori orokorrean pertsona guztietan izaten den arren, irakasleengan jarri du arreta, haiek direlako errehabilitazioa gehien eskatzen dutenak, «ahotsaren profesionalak direlako; etengabe ari dira ahotsarekin lanean».

Apellanizen arabera, irakasle gazteek esperientzia gehiago dutenek baino ahots arazo gehiago izaten dituzte: «Irakasle gazteenak lehenago hasten dira ahots arazoak izaten, eta haien ahots alterazioak handiagoak dira adinekoenek dituztenak baino». Doktorearen ustez, irakaslerik zaharrenek bokalki esperientzia handiagoa dutelako gertatzen da hori, eta, ondorioz, egoerak hobeto kudeatzen dituzte.

Horrekin lotuta, ikasleen adinak ere garrantzia duela ikusi du foniatrak; izan ere, ikertu dituen 76 pazienteetatik, gehienak Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako irakasleak dira. Tentsio eta zarata egoeretan hitz egin behar izaten dute, eta, foniatrak azaldu duenez, giro zaratak deskoordinatzea eta normalean baino ozenago hitz egitea eragiten du. «Intentsitate handia da, funtsean, ahots arazo bat izateko arrisku handietako bat».

Emozioen eragin «zuzena»

Egoera emozionalaren arabera, arnasketan edo tonuan aldaketak gerta daitezke pazienteak izan ohi duen hitz egiteko moduan. Aldaketa horiek instalatu egiten dira, eta, konturatu gabe, denboran zehar mantendu. Beraz, ikerketan ondorioztatu duenez, antsietate edo estres egoerak «zuzenean eragiten du» pertsona bakoitzaren hitz egiteko moduan.

Ikerketaren arabera, hainbat faktorek eragin dezakete ahots arazoak sortzea; besteak beste, arazo pertsonalek, familiarrek, lan arlokoek, arazo psikologikoek eta digestio edota arnasketa arazoek. Apellanizen arabera, gainera, hitz egiteko betebehar sozioprofesionalak, hau da, lanera joateko betebeharrak, eta fonazio teknika desegokia izateak ere eragina du ahots arazoak sortzean.

Horiek horrela, pazienteek hasieran momentu jakin batzuetan baino ez dute nabaritzen ahotsa aldatzen zaiela, baina, arazo hori luzatzen denean, kroniko bihurtzen da, eta, ondorioz, luzera begira, haien hitz egiteko era benetan aldatzen da, eta disfonia funtzional bat sortzen da. Gainera, lesio organiko bihur daiteke.

Ahots arazo hori hobetzeko, foniatria errehabilitazioak egin behar dituzte pazienteek, eta, doktorearen ustez, horrek egoera emozionala hobetzen die. Errehabilitazioarekin, hobekuntza «argia eta nabarmena» izaten dute pazienteek: irakasleen %84,2k ahots ezintasuna zuten maila moderatuan, handian edo larrian, eta, errehabilitazioaren ondoren, ezintasun hori %24,99ra apaldu zen.

Errehabilitazioaz gain, «garrantzitsuena» prebentzioa da Apellanizentzat; izan ere, arazo emozional bat dagoenean, bokalki ondo funtzionatzen jakiteak egoera «hobeto» kudeatzen laguntzen du. Horregatik uste du «egokiena» izango litzatekeela irakasle izateko prestakuntzan ahots higieneari buruzko ikasgai espezifiko bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.