Erraustegiaren kutsadura, agindutakoaren gainetik

GHKrekin egindako kontratuan hitzemandakoa baino gehiago ari da kutsatzen Zubietako erraustegia. Hondakinak probetan erretzen ari dira otsailaren 7tik, eta errautsak Bilbora eta Espainiara eramaten ari dira

Zubietako erraustegia. GORKA RUBIO / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Martxoaren 9an eten zituzten Zubietako erraustegiko labeak, hilabete baino gehiago hondakinak errausten pasatu ostean. Bitarte horretan neurtu dituzte sistemak, eta arazo ugari dituzte kutsadura kontrolatzeko, BERRIAk obra barruko iturrietatik jakin duenez.Besteak beste, karbono monoxido ihesak izan dituzte instalazioen barruan, eta, horren harira, LKS enpresak ohartarazpena egin dio erraustegiko kudeatzaileari—Ekondakin enpresa elkartea— mezu elektroniko baten bidez. Karbono monoxido kutsadura horren iturria kontrolatzeko eskatu du, langileen osasuna ere arriskuan egon daitekeelako.

Besteak beste, instalazioen barruan ke handia pilatu da zenbait egunetan, eta itxita egoten diren ate eta leiho batzuk irekitzera behartu ditu horrek kudeatzaileak, instalazioak aireztatzeko.

Horrez gain, hondakinak erraustearen ondorioz sortutako kutsaduraren inguruko datuak jasotzen ari da Ekondakin. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin (GHK) sinatutako kontratuan hitzartutako kutsadura mugak betetzeko arazoak dituzte enpresek. BERRIAk eskuratu egin ditu otsail bukaerako hainbat egunetako datuak. Batez ere, partikulen —hautsa ere esaten diete— kutsadura kontrolatzeko dauzkate arazo handienak. Zenbait egunetan, kontratuan agindutako isurketa muga hamabost bider gainditu dute enpresek. Emaitza kaskarrak eman dituen beste kutsagai bat nitrogeno dioxidoa da (NOx). Kontratuan agindutako kantitatea metro kuboko 70 miligramokoa da, baina, kazeta honek datuak eskuratu dituen astean, egun bakar batean lortu zuten bi lerroetan kutsadura muga horren azpitik mantentzea.

Zubietako erraustegian otsailaren 7an hasi ziren hondakinak errausten lehen labean, eta otsailaren 14an bigarrenean. Tximinietako kutsadura neurtzeko gailuak jarrita badauzkate ere, hondakinak erraustu ondoren sortutako gasa garbitzeko botatzen diren gehigarriekin arazoak izan dituzte, eta, beraz, kutsadura ez dute behar bezala garbitu. Besteak beste, hauexek dira prozesu horretan erabiltzen dituzten gehigarriak: bikarbonatoa, ikatz aktiboa, karea eta amoniakoa. Dioxina eta furanoen kutsaduraren jarraipena ez da ageri kazeta honek eskuratutako zerrenda horretan.

Errautsak, Espainiara

Aurreko astean, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak Efe albiste agentziari esan zion «berririk gabe» ari direla egiten erraustegiko probak. «Dena oso ondo doa», adierazi zuen. Besteak beste, egunero 400 tona hondakin inguru erretzen ari direla jakinarazi zuen, eta instalazioa martxan jartzen denean erreko den kantitatearen antzekoa dela hori. Diputatuaren arabera, 500 tonarainoko ahalmena izango duela gaineratu du: urtean 160.000 tona inguru.

Erraustegia hilabete honetan ere probetan egongo dela iragarri zuen Asensiok. Hortik aurrera, teknikariek egokitzat jotzen dutenean, ingurumen baimen bateratuaren (IBB) efizientzia eman beharko dio Eusko Jaurlaritzak, isurketa muga eta eraginkortasun energetikoa betetzen ari dela bermatzeko. Tramite hori martxo amaieran egin ahal izango dutela uste du Asensiok.

BERRIAk jakin duenez, martxoaren 9an itzali egin dituzte bi labeak, eta halaxe egongo dira hurrengo bi asteetan. Denbora tarte horretan, zenbait doikuntza tekniko egingo dituzte, eta atzera ere labeak piztuko dituzte, ikusteko ea egindako aldaketak eraginkorrak izan diren edo ez.

Hondakinak erraustu ostean sortzen ari diren errautsak —hondakin toxiko arriskutsu gisa tratatzen dira— kamioietan eramaten ari dira Bilboko Zorrotza auzoko eta Espainiako Valladolideko bi enpresatara.

GuraSOS elkarteak duela aste batzuk ohartarazi zuen erraustegiaren ingurumen baimen bateratua iraungita dagoela. Izan ere, gehienez zazpi hilabete eta erdiko epea zuten probak egiteko, baina, apirilaren 24an hasi zirenez, 2019aren amaieran iraungi zen epea. Jaurlaritzari eskatu dio IBBa iraungitzat jotzeko, baina oraindik ez dio erantzun eskari horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.