Koronabirusa. Kutsadura

Aire guztiak ez dira berdinak birusarentzat

Aire kutsatua arnastera ohitu direnak kalteberagoak dira COVID-19aren aurrean. Horixe ondorioztatu dute munduan zehar azkenaldian egin diren hainbat ikerketak.

Europako Aire Espazioaren mapa bat, erakutsiz NO2 kutsadura pandemia aurretik eta ondoren.
Europako Aire Espazioaren mapa bat, erakutsiz NO2 kutsadura pandemia aurretik eta ondoren. ESA HANDOUT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2020ko apirilak 24

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aspaldi ohartarazia du: aire kutsatua arnastea behar baino lehenago hiltzeko arrazoi bat da. Kalkulatu du urtero 4,5 milioi pertsona hiltzen direla munduan aire kutsatua arnasteagatik. Gaixotasun kardiobaskularren eta arnas aparatuko gaitzen eragile zuzena da poluzioa, eta, ikusita zer hiritan eragin dituen heriotza gehien orain mundua erasaten ari den koronabirusaren pandemiak, gero eta aditu gehiago bat datoz: COVID-19ak kutsadura gehien duten hirietan du eraginik latzena.

 

Harvardeko Unibertsitateko T.H.Chan Osasun Publikoko Sailak egindako ikerketa baten arabera, PM 2,5 partikulen kutsadura gehien duten Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hirietan ari da koronabirusa jende gehien hiltzen. PM2,5ak jatorri antropogenikoko partikula kutsatzaileak dira, hirien kasuan, gehienbat autoen erregaietatik eratorriak.

Ikertzaileek lotura zuzena ikusi dute birusaren eraginaren eta hiri horietako kutsaduraren artean. 2020ko apirilaren 4ra arte AEBetan koronabirusagatik izandako heriotzen %90 jazo diren tokietako datuak aztertu dituzte ikerketa horretan, eta hauxe ondorioztatu dute: «AEBetan azken 15-17 urteetan kutsadura maila altuagoak jasan dutenek heriotza maila nabarmen altuagoak izan dituzte».

Kopuru bat ere eman du ikerketa horrek, aztertutako datuei erreparatuta: «Batez besteko esposizioaren unitate bateko igoerak COVID-19aren hilgarritasun tasaren %15eko hazkundea dakar». Ikertutako eskualdeen artean egon daitezkeen ezaugarrien aldaketak ere aintzat hartu dituzte hazkunde horretan, besteak beste, biztanle dentsitatea eta pertsona erretzaileen kopurua.

Ikerketa horrek gune kutsatuetan koronabirusaren pandemiak izandako eragina eta beste patologia batzuek iraganean izandakoa ere konparatu du, eta ohartarazi dute are handiagoa dela COVID-19arena. Izan ere, PM 2,5 partikulen unitate bateko hazkundeak %0,7ko hilgarritasun tasaren igoera ekarri ohi du beste gaitz batzuetan. Hala frogatu zuen Harvardeko ikerlari talde horrek berak 2017an egindako beste lan batean. Koronabirusaren kasuan, berriz, %15ekoa da hazkundea; beraz, hogei aldiz handiagoa.

Europan ere antzera

Antzeko ondorioetara iritsi dira Europan bertan egin diren beste hainbat ikerlanetan ere. Halle-Wittenbergeko (Alemania) Martin Luther unibertsitateak egindako azterlan batek ohartarazi du lotura eduki dezaketela nitrogeno dioxido (NO2) kutsadura handia izateak eta COVID-19ko hilkortasun tasa handiak edukitzeak. Batez ere trafikoaren eraginez izaten da hiri batzuetan NO2 kutsadura handia, eta hiri horietako kutsadura datuak aztertu dituzte, koronabirusak eragindako heriotza kopuruarekin erkatuz. Tartean Europako zenbait hiri industrialetako egoerak aztertu dituzte, Italian, Alemanian, Espainian eta Frantzian.

Ohar batean, Yaron Ogen ikerketako egile nagusiak jakinarazi du «hasierako zantzu bat» dela ikerketan ondorioztatu dutena. Hau da, airearen kutsaduraren, haren mugimenduaren eta koronabirus agerraldien artean egon daitekeen lotura. Baina nabarmendu du ikerketa toki gehiagotan egin behar dela, testuinguru zabalago batean kokatzeko. Ikerketa Science of the Total Environement aldizkarian publikatu dute, eta ondorio nagusia da aire kutsadura kopuru handiak modu iraunkorrean dituzten tokietan «nabarmen» heriotza kopuru altuagoak dituztela koronabirusarengatik. Nitrogeno dioxidoak arnas traktua kaltetzen du, eta koronabirus berriak ere organo horretan eragiten ditu desmasiak: «Beraz, arrazoizkoa da onartzea harremana egon daitekeela airearen kutsaduraren eta COVID-19ak eragindako heriotza kopuruaren artean».

Hiru datu mota erabili dituzte ikerketa horretan. Batetik, Europako Espazio Agentziaren Sentinel 5P sateliteak jasotako kutsadura datuak. Besteak beste, nitrogeno dioxidoaren urtarril eta otsaileko datuak, koronabirusaren krisia Europan hasi aurrekoak, hain zuzen ere. Gero, datu horiek erkatu dituzte AEBetako Atmosfera eta Ozeanoetako Administrazio Nazionalaren (NOAA) aire fluxu bertikalei buruzko datuekin. Airea mugitzen bada, lurzorutik gertuko kutsagaiak ere mugitzen dira, eta gehiago zabaltzen dira. Baina airea lurzorutik gertu geratzen bada, kutsagaiak ere hor geldituko dira, eta gizakiek gehiago arnastuko dituzte. Horrek osasun arazo gehiago eragiten dizkie, ikerketa egin dutenen arabera.

Datu horiek jaso eta beste aldagai batekin josi dituzte. Hots, koronabirusak eragindako heriotza tasarekin. Emaitzari buruz hauxe esan dute ikerlariek: «heriotza asko izan dituzten eskualdeek nitrogeno dioxidoaren kutsadura tasa handiak dituzte, eta aire eraldaketa bertikaleko mugimendu txikia. Italia iparraldera, Madrila eta Hubeira (pandemia hasi zen Txinako hiria) begiratzen dugunean, ohartzen gara ezaugarri bat dutela denek: mendiz inguratuta daude. Horrek errazten du airea egonkorra izatea, eta kutsadura kopuruak, handiagoak», adierazi du Yaron Ogen ikertzaileak.

Ildo horretan, ikerketa egileek susmatzen dute aire kutsatu horrek kalte egin diola bertan bizi direnen osasunari, eta horrek kalteberago egin dituela birusaren aurrean.

OMEren arabera, biriketako zilioei ongi funtzionatzea galarazten die poluzioak. Ile moduko batzuk dira zilioak, biriken lehen lerroko babesa egiten dutenak patogenoen erasoen aurka. Zilioek behar bezala funtzionatu ezean, biriketako gaitzak garatzeko aukera handiagoa da.

Italia iparraldeko kasua

Azterketa hori bat dator Danimarkako Aarhusko eta Italiako Sienako unibertsitateek egindako beste ikerketa baten ondorioekin. Martxoan egin zuten azterketa hori, eta Environmental Pollution aldizkarian argitaratu zuten. Besteak beste, frogatu nahi zuten ea Italia iparraldeko kutsadura mailak loturarik ote zuen inguru horretan izandako heriotza tasa handiarekin. Daniel Caro Aarhusko Ingurumen zientzialariak eta unibertsitate bereko osasun arloko bi ikertzailek egindako lanak nabarmendu du Italia iparraldeko Lombardia eta Emilia Romana eskualdeetan (Europa osoko kutsadura handienetakoak dira) koronabirusagatiko heriotza tasa Italiako gainerako tokietan baino handiagoa dela batez beste: %12koa eskualde horietan, eta %4,5 gainerako tokietan.

Bestalde, Madrilgo Carlos III.a Institutuak ere frogatutzat jo du meteorologiak eta kutsadurak eragina dutela COVID-19aren transmisioan. Institutu horrek frogatutzat jo du kutsadura eta partikulen kontzentrazio handiak «okertu» egin dezakeela gaixotasuna. Carlos III. Institutuak oraindik ez du amaitu horren inguruan egiten ari den ikerketa, baina ondorio batzuen berri eman zuen aurreko astean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Mikel P. Ansa

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

Ander Perez Zala

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Adinekoen aldeko mezua. ©L. J / FOKU

Eguneko zentroak berriz martxan ipiniko dituzte

Berria

Orain bi aste, COVID-19aren kasuen igoerak arduratuta, eguneko zentroak ixtea komeni zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna