Etxeko langile migratzaileek salatu dute «diskriminatuta» daudela

Martxoaren 8ko grebarekin bat egingo dute, lanean pairatzen duten «bidegabekeria» salatzeko

Etxeko Langileen Taldeko zenbait kide, Donostian egindako agerraldian, atzo. BERRIA.
Donostia
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Etxeko langile gisa aritzen diren emakume migratzaileak «esplotatuta eta diskriminatuta» daude, SOS Arrazakeria elkarteko Etxeko Langileen Taldeak ohartarazi duenez. Sektore horretako langile gehienak emakume migratzaileak dira. Taldeko kideek adierazi dute Martxoaren 8ko greba feministan parte hartuko dutela, zaintzaileak diren heinean egun «garrantzitsua» delako haientzat: «Greba egiteko eskubidea dugu, aldarrikapenak egiteko eskubidea».

Nabarmendu dute euren lana ez dela behar adina aintzat hartzen, ez sozialki eta ez ekonomikoki: «Milaka familiaren arazoak konpontzen ditugu: milaka beso ditugu, baina ez dugu aurpegirik». Salatu dute «oso egoera prekarioan» lan egiten dutela, eta lan baldintza «bidegabeak» dituztela, emakume horietako askok ez baitaukate «bidezko kontraturik» ere: astean 40 ordu baino gehiagoz egiten dute lan, ez dute eskubiderik dagozkien jai egunak hartzeko, ez eta langabezia sariak kobratzeko ere. «Lan kontratuan zehazten ez diren aparteko lanak ere egin behar izaten ditugu».

Ohartarazi dute, gainera, erakunde publikoen aldetik ez dutela babesik jasotzen: «Babesik gabe gaude. Erakunde publikoek alde batera uzten gaituzte. Ez gaituzte ikusi nahi; ikusezinak gara haientzat». Hori dela eta, beharrezko neurriak martxan jartzea eskatu diete erakundeei, langileen egoera administratiboa erregulatzeko eta lan baldintzak hobetzeko.

Bestalde, salatu dute zenbait langilek tratu txar psikologiko eta fisikoak pairatzen dituztela lantokian: «Emakumezkoak garenez eta lan kontraturik ez daukagunez, kontratatzen gaituenak uste du behartuta gaudela lan prekarioak eta gogorrenak egitera; bestela, honelakoak esaten dizkigute: 'Nahi baduzu, alde egin dezakezu'». Arazo hori konpontzeko, adierazi dute erakundeek bere gain hartu beharko luketela lan egiten duten etxeen egoera aztertzeko ardura: «Ez daukagu baliabiderik laguntza behar duten langileei behar bezala laguntzeko».

«Esklabotzaren» mugan

Nabarmendu dute zaintzen duten pertsonarekin harreman «berezia» sortzen dutela, eta sarritan bestelako beharrak ase behar izaten dituztela: «Batzuetan, zaindu behar dugun pertsona guztiz abandonatuta dago, familiak ez diolako behar adinako arreta eskaintzen; horrelakoetan, gure gertutasuna behar izaten dute, ez baitaukate besterik». Baina nabarmendu dute lanari hainbeste denbora eskaini beharrak ondorio «larriak» izaten dituela euren bizitzetan: «Lan egiten dugun familiaren esklabo bihurtzen gara; isilpeko esklabotza hori amaitu nahi dugu, lehenbailehen».

Hilabetean behin biltzen dira euren arteko sareak sortzeko eta informazioa emateko. «Sentsibilizazio kanpaina bat jarri dugu abian; herriz herri joaten gara, etxeko langileei euren eskubideak zein diren azaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.