'Cabezudo auziko' epailea jadanik ez dago ikerketapean

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Beste urrats bat Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzian: instrukzio epailearen aurkako kereila atzera bota du auzitegiak, nahiz onartu egin zuen hasieran. Hainbat andrek salatua dute argazkilaria; besteak beste, eraso egitea eta haien baimenik gabe argazki erotikoak zabaltzea egotzi diote. Akusazio abokatuak auzitara eraman zuen epailea, delituak pertsegitzeko obligazioa ez zuelakoan bete: salatu zuen epaileak ez zuela egin jarraipenik Cabezudok Interneteko irudiak kendu zituela bermatzeko.

Kereila tramiterako onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta kasutik apartatu zuen Ana Isabel Perez Asenjo epailea. Eragina izan zuen aldaketak: ordezko epaileak berehala kartzelara bidali zuen Cabezudo. Orain, ordea, atzera egin du Auzitegi Nagusiak, eta ezerezean utzi du Perez Asenjoren aurkako kasua, delitu zantzurik ez dela eta. Epaileek ontzat jo dute Perez Asenjo epailearen argudioa: ez zuela deliturik egin, «akats bat» izan zela egindakoa. Delitua izateko, nahita egindakoa behar du izan, epaileen arabera.

Jadanik hamasei andre aurkeztu dira Cabezudoren aurkako kereilara. 2013ko urtarrilean jarri zuten lehen kereila. Cabezudok iruzur egin ziela salatu dute emakumeek, eta sexu erasoei buruzko salaketak ere badira tartean. Behin-behinean kartzelan dago argazkilaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.