Ainara Castellanos-Rubio.
ARGI ALDIAN

Gure barneko erloju biologiko txikiak

2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Estatu Batuetako hiru ikertzailek Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria irabazi dute gure gorputzaren 24 orduko argi-iluntasun zikloa, edo erritmo zirkadianoa, kontrolatzen duen makineria biologiko ñimiñoaren inguruan egindako aurkikuntzei esker.

Erloju txiki horiek, Lurreko errotazio-higidurari asoziaturiko argi zikloetara adaptazioa baimentzen dutenek, funtzio biologiko ugari kontrolatzen dituzte. Izaki biologikoak garen heinean, ezin gara egun osoan energia piko maximoan egon. Batzuetan, azkar erreakzionatzeko gai izan behar dugu; besteetan, ordea, jan, deskantsatu eta lo egin behar dugu energia berreskuratzeko. Gure gorputzeko erlojuek fase horiek erregulatzen dituzte, eta. horregatik. gutariko gehienak gauean lo egoten gara, eta egunean zehar esna. Argi dago, orduan, gizakiok egun-gau esna-lo ziklo bat daukagula, baina nola funtzionatzen du?

1970. urtean topatu ziren lehen «barneko erlojuaren mutanteak» fruta euliekin egindako esperimentuei esker. Mutagenoen aurrean jartzean, zenbait eulik esna-lo ziklo desorekatuak erakusten zituzten, eta kasu guztietan sortutako mutazioa gene berdinean agertzen zela ikusi zen; gene horri «period» izena jarri zioten.

Period geneak PER proteina ekoizten du. Proteina hori gauean egonkorra da, eta, horren ondorioz, gure barneko erlojuen orratzak geldoago doaz. PER proteinak egonkortasuna galtzen duenean, orratzak azkar mugitzen hasten dira. Nobel saridunek PER proteinak bere sintesia autokontrolatzen duela ikusi dute, bere erritmo propioa etengabe eta modu ziklikoan erregulatuz. Berez, gautxoria edo goiztiarra izatearen errua gure PER proteinaren egonkortasunari esleitu diezaiokegu. Eta ez hori bakarrik, PER eta berari asoziaturiko beste zenbait gene eta proteinek gure barne erlojuaren funtzionamendua, eta ondorioz odol presioa, hestearen aktibitatea, bihotzaren taupadak, hormonen mailak eta beste hainbat prozesu kontrolatzen dituzte. Ziklo biologiko horrek azaltzen ditu ordutegi berri batera egokitzeko ditugun zailtasunak, gure gorputzaren zelula bakoitzak bere ordularia egoera berrira doitzeko denbora behar baitu.

Horren inguruan, noski, eztabaida hasi da, eta ordutegiak ez ote diren pertsona bakoitzaren erloju biologikoara egokitu behar iradoki da. Bakoitzaren esna-lo zikloak desberdinak dira, eta ordutegi finkoak ezartzeak etenaldi zirkadianoak eta ondorioz, osasun arazoak eragin ditzake. Nobel saria irabazi duen ikerketari esker, badakigu gure zelula guztiak garaiz heltzeko gaitasuna dutela, bai eta lanera berandu heltzeko aitzakia ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.