mikel elorza
ARKUPEAN

Asaba berrien bila

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Asko dira etxean ditudan liburuak izenburuan historia hitza daukatenak. Hangoa eta hemengoa, hango eta hemengo jendearena —gizonezkoena gehienetan, gizonezkoek kontatuta; gizonezko zuriena gehienetan, gizon zuriek kontatuta; eta emakume edo gizon beltzena denean, gutxiagotan, hori ere gehienetan gizonezko zuriek kontatuta—. Jende edo herriena ez ezik, jarduerena, objektuena, krimenena, ideiena, hainbat arte moldeena... Gustukoa dut historiaz irakurtzea, iragana ezagutzea. Gogokoa dut eta garrantzitsua iruditzen zait, non eta nola gauden konturatzeko baliagarria zait. Eta ez dut bat egiten historia ez errepikatzeko kontu horrekin; bere historia ezagutzen ez duen herria hura errepikatzera kondenatua dagoela dioen mantra hori okurrentzia baino gehiago denik ez nuke esango, areago, gero eta konbentzituago nago alderantziz dela, bere historian hainbeste arakatzen duena delahura errepikatzen duena, eta errepikatzen, eta errepikatzen, eta ez duela eboluzionatzen. Atzerantz murgil egiteko modu asko baitaude.

Iraganera begira jartzekoa den telebista-programa bat estreinatu berri dute ETBn, baina ez da hain zuzen horren harira artikulua egitearena. Irudipena dut saio horrek nondik joko duen ez dela izango nik hemen salatu nahi dudanetik. Hala espero.

Kezkagarria iruditzen zaidana da atzera begiratze konpultsibo hori, detektibe-saioetako forentseen modura jartzen gaituena dagoeneko asmaezina bihurtu den gure iraganean aztarrika, mugarrien bila. Turismoa gure jardun eta antolakuntzaren gunean jarria dugu, eta hor historia makulu ezin prestuagoa bilakatu da. Lehen epika eta tragediaren olatuetan nabigatzen ginen, eta orain hura ahaztu gabe txikiagora ere jotzen dugu, bazterretan borda zahar baten bila, gazta egiteko manera bakan baten xerka, gutun galduren bat, ofizio antigoalekoa, pertsonaia historiko noski humanistak itzaletik atereak... eta horiek jartzen ibilbide, gida, oroitarri eta publizitateetan. Eta bakanka, asaba arrengan oinarritzen diren arbola genealogikoak egiten.

Gure ondarea da, eta zaindubehar dugu, eta ezagutarazi eta... baina hainbeste ere ez. Izan ere, ene uste harroan, momiaz betetzen ari gara gure paisajea. Hautsa kendu eta makillatu ditugu, baina momiak dira, eta haiekin batera gu geu ari gara momifikatzen. Aurrera begira jartzen ere probatu beharko genuke, ez baitu larregi inporta behar XVI. mendean errege-erreginarik izan ote genuen, ameriketan eta filipinetan euskal abizenak lokalizatzeko radarrak huts egiten duen, edo erromatarren garaiko txanpon gutxi aurkitzen ote dugun. Pentsa, ostraken afera banderizoen moduan jokatu eta auzitara eraman duen herria da gurea. 500 urte barru gu ere ostraka huts izango ote garen kezkatu behar dugu, eta batez ere horra iristeko 30 urte barru zertaz jardungo dugun, nolako hiri eta herriak izango ditugun, zein koloretako biztanlez osatuta, zein gailutan heziko garen, zer margotuko dugun, nolako bertsoak kantatuko —eremu horretan jakin izan dute atzera baino aurreranzko begirada edukitzen, iruditzen zait— eta abar. Iragana aurreikusteari utzi eta etorkizuneko historia egiten hasi.

Baina aurrekoa ahaztuta? Ez, noski. Historia berridatzi beharra dagoela uste dut, ezpata eta isipuak ezabatuz, betaurreko morez begiratuz, gizon handiak bilatzeari utzi eta jende txiki abizen gabeekin akordatuz... Letra (eta gertakari) larriz idatzi ohi direnak bakean utzi, eta aurrera begira jarri, atzeranzko begiradan normalean baliatzen ez den tresna ezinbestekoa erabiliz: memoria. Historia gutxiago, memoria gehixeago, eta eguna biziz geroa eraiki, tortikoli arbasotar larri batek jota ez bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.