Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Covidosteko lehen ekitaldia

2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
2020ko irailak 10: ekitaldi batera joan aurreko tximeletak sabelean. Komuneko ispilu aurrean nagon, dutxara joan aurreko striptease-an. Etorkizuna eta iragana plano berean sentitu nahian nabilen: zelan uztartu iraganeko gomuta atseginaren ohiturak eta etorkizuneko baldintza berriak? Adibidez, bizarra egin dinat, baina ez gehiegi ere: ez dinat trabatuta geratu nahi bisaia-bereizgailuaren aurrean, nor naizen ebatzi ezinik. Ukitzea arrisku bihurtu zenetik izugarri egin din aurrera teknologiak, eta lehen teklak zapaldu edo paperak eman behar genituen kasuetan, orain irribarre txikia egin behar dinagu. Karameloak ere hartu ditinat, badaezpada, hizketa-ezagutzailearen aurreko eztulak eta marrantak saihesteko.

Etxeko atarian, errutinari jarraiki, poltsikoen errepasoa: giltzak, diru-zorroa eta zapiak, lehen bezalaxe. Sakelakoa lehengo bera dun ere, baina orain badin aldaketatxo bat: aldean eramatera behartuta gauden, horrela ziurtatzen omen dutelako ez garela ohiko ingurutik asko urrunduko. Lagun berriak: musukoa, gela eta eskularruak. Azken biak elkarren osagarri ditun, baina eskularruak apurtuz gero, ordezko lasaigarria dun gela.

Kalean, gogoratu, ez ezan ezer ukitu, eta eutsi metro biko distantziari, baita metro bat hartzeko nasan ere. Orain begi-keinuek ez diten balio elkar agurtzeko, musukoa sudurpeko burka bihurtu baitun; hobe pasaeran eskua altxatu, eta segi aurrera. Aretoen atariak lokotxetan aritzeko zelai bihurtu ditin prebentzioak: lurrean pintatutako kalexka luzeak eta elkarrengandik metro bira marraztutako geralerroak. Kalexka bakarrak ez ditin geralerroak: lurrean COVIP idatzita zeukan. Aireportuetako VIP ilarak COVIP bilakatu ditun kalean, eta gaitza pasatuta eta antigorputzak pilatuta dituzten gorputzek ez diten zertan nahastu gainerakoekin. Ilara guztien amaieran, salbuespenik gabe, langargunea zagon, langargailu desinfektatzailez hornitutako pasabidea; guztiak etorri gaitun garbi, baina ni neu lasaiago geratuko naun uztaia igaro ondoren.

Kultur ekitaldiak beti izan ditun abentura ederretarako bidaien parekoak, baina prebentzioak aireportu bihurtu ditin kulturguneak. Langargailuak segurtasun kontrola oroitarazi zidan, eta hurrengo urratsak, aduana automatikoa: aireportu handietan bezalaxe, lehen paperezko sarrera emango genukeen tokian, orain irri egin behar zionagu kamera txiki bati, mozolo aurpegia laukiaren barruan sartzeko makurtzen edo oin puntetan jartzen garen bitartean. Ez hadi asko urrundu kameratik, bestela urruneko termometroak ez din tenperatura hartuko eta ez din atetxoa zabalduko. Eta 37,3 gradu baino gehiago baditun, gurutze gorria agertuko zain pantailan, eta Gurutze Gorria aldamenean, eta langileren batek, astronautaz mozorrotuta, kanpora lagunduko hau, eta hire aurpegiaren gorritasunak ingurukoen begirada gurutziltzatzailea erakarriko din. Beraz, badakin, hobe hurrengoan termometroa etxetik irten aurretik probatzea.

Egia esan, ez ninan espero hainbeste jende animatzea covidosteko kultur ekitaldietara. Laurogeialdian hainbeste kultur eduki doan ikusi ondoren sarean, uste ninan krisi ekonomikoak gogorrago joko zituela poltsikoak (gure anaiak dioen moduan, gaurtik aurrera edukia igotzeari utzita ere, jadanik sarean dagoen guztia ikusteko eternitate bi beharko genitinan), eta Interneteko zuzenekoen kalitateak are gogorrago gutxietsaraziko zituela aurrez aurreko ekitaldiak. Eskerrak zale zintzoak izateaz gain, kultur erakundeek beherapen bereziak egin dituzten prezioetan, kulturguneetara itzultzeko pizgarri ezinhobeak.

Ixo, ekitaldia hastear zagon: «Arratsalde on eta ongi etorri Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udaberriko sailkapen fasearen lehen saiora».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.