Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Konfinamenduaren hitz berriak

2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Aspaldiko (euskaraz): azken boladan ikusi gabeko pertsona, ezustean topatzen dena. Age-otori (japonieraz): ile mozketa itsusia egin osteko piura. Fahrvergnügen (alemanez): ibilgailu bat gidatzearen plazerra. Firgun (hebraieraz): beste norbaiti zerbait ona gertatzeko nahia, inolako geurekoikeriarik gabea. Flâner (frantsesez): helburu jakinik gabe, kale artean ibiltzearen gozamen hutsarengatik ibiltzea. Gökotta (suedieraz): txorien lehen txorrotxioa entzuteko asmoz goizean goiz jaikitzea. Hygge (danieraz): maite ditugunekin zerbait jan eta edan bitarteko denbora atsedentsua. Ikigai (japonieraz): egunero ohetik jaikitzeko motiboa. Iktsuarpok (inuiteraz): norbait etxera bidean dela, zain egon ezinda leihora ateratzeko premia. Jijivisha (hindiz): betiko bizitzeko gogoa. Parea (grezieraz): pentsamenduak eta bizipenak partekatzeko gozamen hutsarengatik elkartzen den lagun taldea. Pisan Zapra (malaysieraz): platano bat jateko behar den denbora. Ré nao (txineraz): guztiok egon nahiko genukeen leku zoragarri hori, izan mendia, hondartza, eskola edo jatetxea. Saudade (portugesez): urrun dugun lagun, leku edo gauza batekiko sentitutako malenkonia edo nostalgia, ziurrenik, munduko kulturema ezagunenetakoa. Tartle (eskozieraz): pertsona, leku edo gauza bat ezaguna dugula zalantza egitea. Tsundoku (japonieraz): erosi arren, apalean irakurri gabe geratzen den liburua. Uitwaaien (nederlanderaz): egurasteko asmoz landa girora edo mendira egiten den txangoa. Utepils (norvegieraz): eguzki ederreko egunetan etxetik kanpo hartzen den garagardoa. Voorpret (nederlanderaz): ekitaldi atsegin baten bezperan sentitzen den emozioa. Ya'aburnee (arabieraz): gure ondorengoak gu baino lehen ez hiltzeko desira. Zapoi (errusieraz): egun biko parrandaren bestondoa, gehienetan bidaia bat eta ezusteko lekuan esnatzea ezaugarri izaten dituena.

Egun soil bateko albisteei begira, zein gogorra egin zaidan lehenengoz ya'aburnee-a sentitzea alabaren ondoan, familia eta lagunekiko saudade-z bihotza mingosturik! Etxeratze-aginduak ikusarazi digu agian ez dugula benetako ikigairik, eta are indartsuagoa egin du gizakion jijivisha txoroa. Zorionez, garai latzak erakutsi digu ere gutxien espero dugun bihotzetan lora daitekeela firgun-a. Eta, lasai, konfinamendu hasierako age-otori-a ez bada alarma egoera amaitu aurretik konpontzen, hobe tsundoku-ak irakurtzen jarraitu parear-engana joan baino lehen.

Egun soil bateko albisteei begira, amesgaiztoarenak egingo du eta irudituko zaigu berrogeialdi luzea pisan zapra laburra baino ez dela izan. Egunsentiarekin jaikitzeko asmoz oheratuko gara, baina voorpreta-k ez digu lo egiten utziko, eta ohean bueltaka, iktsuarpok-ak azken aldiz balkoira irtenaraziko gaitu, setioaren bukaera bandoz iragarriko duten ustean. Errepideari begira, Seat Panda-rik txatxuena Lexus bikain baten pare gozaraziko digun fahrvergnügen-az oroituko gara, eta geure burua irudikatuko dugu beti bisitatu nahi izan eta beti bisitatzeko denborarik izan ez dugun herri txiki horretarako uitwaaien zirraragarrian. Maindire artera itzulita, loak hartu gabe, amets egingo dugu hamaika ré nao-rekin: zoratzekoa izango da Bilboko zazpi kaleetan presarik gabe flâner egitea; ziur lehen egunero gurutzatzen genuen aurpegi askorekin tartle sentsazioa izango dugula. Eta imajinatu, nolako hygge zoragarriak Bilbo Zaharreko Agapen, Zumaiako Urberun edo Etxebarriako Olaian... eta, zelan ez, utepils batzuk aspaldiko lagunekin hondartzan, oharkabean zapoi mortala izatera hel litekeena... eta azkenean, indarrak ahituta, loak bahitu egingo gaitu, eta berandu esnatuko gara, biharamunerako utziz gökotta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.