Inaki Galdos
ARKUPEAN

Neurria

2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gertatu izan zait kanpotik etorritako bisitariekin zizerone lanak egin eta harrituta geratzea. Azkena duela hilabete batzuk izan zen, adiskide batek Argentinako senideekin pasa behar zuen egunean lagun egiteko eskatu zidanean. Hemengo gauzekiko jakin-min handia zuten, eta gustura ibili ginen laurok, galdera, erantzun, azalpen eta gogoeta pila medio. Eguna bukatu eta biok bakarrik geratu ginenean, ezin izan nuen lagunari galdera egin gabe geratu: zein zen bere ustez gure benetako egoera, senide haiei egunean zehar azaldutako bukoliko samarra, edo eguna joan eta eguna etorri WhatsApp eta sare sozialen bidez marrazten digun apokaliptikoa? Berarentzat beti zipaioak izan diren ertzainekinargazkia ateratzear ere egon zela gogoratu nion ironikoki. Irribarrea ahoan, maltzurra ez izateko erantzun zidan, garagardo bana eskatzen zuen bitartean.

Aspaldion buruan bueltaka dabilkidan galdera da hori, baina adiskideren bati broma antzean egina izan beharrean, gizarteari buruz serio asko egina. Posible al da gure artean gertatzen ari denaren inguruko hain irakurketa muturrekoak izatea, batez ere egiten dituztenetariko pertsona asko toki eta egoera bertsuan bizi direla kontuan izanda? Benetan al dago gure gizartea hain polarizatua? Eta, batez ere, nork egiten du irakurketa egokiagoa, nor hurbiltzen da gehiago jendartearen iritzi orokortuenera? Hegoaldeko hiru lurraldek osatutako erkidegoaz ari naiz, argi dezadan lehenbailehen.

Ukaezina da birus hau etorri zaigunetik bizi dugun egoera katastrofikoa kudeatzea benetan dela zaila munduko gobernu guztientzat. Ezustean harrapatu eta gaindituta ikusi ditugu sarri. Baina horrekin batera jabetzen ari gara ez dela erraza oposizioa egitea ere, neurria hartzea. Horregatik gaude onartu beharrean harriduraz ikusten ari garela batzuk aipatu erkidegoan oposizioa oro har erakusten ari den jarrerarekin. Urkullu lehendakariak eta bere gobernuak krisi honetan zehar hartutako hainbat erabaki (eta ez hartutako beste hainbat) publikoki kritikatu izanak ematen duen lasaitasun eta zilegitasunak babestuta egiten den gogoeta da.

Deigarria gertatu zaigu zergatik kritikatu zaion gehiago eta gogorrago Gasteizko gobernuari horrek hartu ez zuen —eta hartu ezin zuen— erabaki batengatik, benetan erabaki hori hartu zuen Madrileko gobernuari baino. Harrigarria da ikustea zer tonu ezberdinak erakusten ari diren batzuk Iruñean eta Madrilen, Gasteizen erakusten ari direnekiko, oso hitz eta akusazio potoloak tarteko. Ez dakigu hauteskunde giroan egoteak duen eragina, baina begien bistan dago erabaki bat egon dela giroa toki batzuetan besteetan baino gehiago gogortzekoa. Geroak esango du nori egiten dion kalte edo mesede, baina oso luzea izango da krisi hau, eta dinamikoa bezain aldakorra jendearen umorea. Adibidez, jarduera ekonomikoari berriz ekitea aldarrikatzen zutenek hasieran higadura izan bazuten ere, denboraren poderioz gero eta jende gehiagoren babesa izan dute; eta kontrakoa ziotenek agian ikusi dute lanera itzuli nahi izatearena ez zela soilik enpresaburu maltzur gupidagabekoen egarria. Bihar, nork daki.

Ezkuta —eta ekidin— ezina den borroka honetan, hiru gauza izan beharko dituzte garbi batzuek zein besteek. Bata, garai ilun hauetan jendeak batasuna eskatzen duela eta batasuna oztopatzen duena —edo itxura hori ematen duena— zigortuko duela gizarteak. Bigarrena, gobernuan egote hutsa ezin dela izan aitzakia oposizioa ezkutatu eta egoeraren larritasunak eskatzen duen leialtasunaren izenean isilarazteko. Hirugarrena, oposizio batentzat ez dela nahikoa gobernuaren hutsegiteen zerrenda behin eta berriz errepikatzea; gauzak hobeto egiteko gai izan zitekeela ere erakutsi behar duela, arrakasta izan nahi badu.

Oposizio ororen zereginetako bat gobernuen autokonplazientziak mugatzearena da, baina ez da erraza gobernuen autokonplazientziaren eta gizarteen autoestimuaren arteko muga ezartzea. Iruditzen zait sarri lehenengoa higatzeaz gain (edo higatu beharrean) bigarrena higatzen dutela hainbat oposizio moldek. Autoestimurik gabeko herriek aurrera egiterik nekez dutenez, autoestimua bermatzen dietenen aldeko hautua egin ohi dute normalean herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.