Aisialdian ere euskara aise ari dadin

Urruñako biztanle talde batek antzerki eskola bat sortu du, euskarak aisialdian dituen hutsuneei erantzuteko gisan. Proiektuaren diruztatzeko, Ixabel Etxeberria eta Garbiñe Ubeda liburuxkak argitaratzen hasi dira.

Urtaroak eta Bi etxe, maitasun bera liburuxketako irudiak. URRUÑAKO ANTZERKI ESKOLA.
Ainize Madariaga
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Urruñak (Lapurdi) baditu antzerki tropa ez ezik, antzerki eskola ere. Badu urtea literatura eta antzerki mundukoherritar batzuk juntatu zirela aisialdia eta euskara uztartzeko asmoz. Gogoetak fruituak ekarri ditu, Urruñako antzerki eskola martxan baita.

Gastuei aitzi egin ahal izateko, liburuak argitaratzen hasi da. Lehena Urtaroak da; Ixabel Etxeberria idazle eta Garbiñe Ubeda ilustratzaile. Lehen liburuxka hain den ongi saldu, non bigarren edizioa abiatu baitute. Are, bikoteak bigarrena ere labean du: Bi etxe, maitasun bera, ondoko egunetan karrikaratuko dutena.

Antzerki eskolak nola liburuek, euskara eta euskal kultura akuilatzea dute xede. Eskolez kanpoko euskara hutsezko espazioen gabeziaren betetzeko asmoz baitzuten ireki Urruñako antzerki eskola, 2020ko otsailean.

Baina aitzin, elkarte bat sortu behar izan zuten, zeinaren lehendakaria baita Unai Villacorta:«Ohartu ginen euskarazko aisialdiak guti zirela Urruñan. Horregatik, euskarazko aisialdi bat gehiago proposatzea bikaina da. Gainera, antzerkiak badu garrantzi berezia euskal kulturan. Eta, irakasle gisa, ohartzen naiz antzerkia irakaskuntzaren gehigarri bat dela, emozioak eta euskara kudeatu eta askatzeko balio baitu. Euskara praktikatzeko haurrek badute euskarazko aisialdiaren beharra».

Murrizteari muzin

Ixabel Etxeberriak ere beharrezkoa dakusa antzerki eskola, euskararen maparen mendratzeari erantzuteko: «Ikastola asko bada ere, ikusi dugu ez dela erraza, euskal mundua hertsitu baita: gizartean, karrikan, lan munduan, aisialdian... Donibane Lohizunen normala zen euskaraz egitea, eta ikusi dut salbuespena bilakatzen. Denak euskararen alde badira ere, konkretuki ideia franko ez da gauzatzen. Tresnak behar dira euskaraz aritzeko. Behar ditugu eremu batzuk indartu: aisialdia, adibidez. Bakoitzak bere eremutik egin behar du ahal duena». Momentuz, hamabortzeko haur taldea juntatzen da. Osagarri krisiak ez baitie baimendu bigarren baten sortzea. Astean oren bat eta erdiz animatzen du tropa Patata Tropikala konpainiako Iker Etxarri irakasleak. «Aurten zaila da; antzerki errepikak egiten ditugu baina ikusgarririk ezin», gehitu du Etxeberriak.

Errepika horiek Berttoli elkarteak uzten dien lokalean egiten dituzte momentuz, herriko etxeak deus egokiagorik atzeman artean. Villacortak tokiaren garrantzia aldarrikatu du: «Instituzioei eskatzen diegu pauso bat egitea euskal kulturaren eta hizkuntzaren alde: lokala behar dugu. Ez baitzait normala egiten euskarazko hiru aisialdi egotea eta hirurak toki pribatuetan. Oso garrantzitsua da haien bultzada eta baliabideak aurkitzea gu laguntzeko». Proiektuaren finantzatzeko, elkartean berean dauden idazle eta ilustratzaileen eskuez baliatu dira lehen liburuxkaren jalgitzeko: Urtaroak.

Hizkuntza soil bezain sotila

Hizkuntza sinplea baliatu dutela azpimarratu du Etxeberriak, hain zuzen ere, euskara ikasten ari diren gurasoek seme-alabekin parteka dezaten: «Irakurterraza da, gurasoek haurrekin gozatzeko. Urtaroak da lehena, baina ideia da gehiagoren ateratzea. Ipuina eta bertsoa proposatzen dugu. Sinplea da, baina hurbilpen bat da bertsolaritzara. Askotan uste dute konplikatua dela, sinplea izan daitekeela ikus dezatela».

Garbiñe Ubeda idazle gisa ezagunagoa bada ere, ilustratzaile talentuak ezarri ditu dantzan aldi honetan: «Beti maitatu izan dut diseinua, eta horrekin hasi nintzen, gainera, Aiurri aldizkarian».

Etxeberria hurbildu zitzaion laguntza eske, testua orrazteko. Hartan, kontatu zion marrazten hasi zela, baina alaba trufatu zitzaiola. «Orduan nire laguntza eskaini nion ilustraziorako. Oso pozik nago emaitzarekin. Oso sinplea da, baina ongi egina. Ez baita beti erraza biak lortzea. Bere xumean, dirua biltzeaz gain, helburua du euskara etxeetara sartzea,nola antzerki eskolaren propaganda egitea».

Haurrei egokitu gaiak ekarri dituzte bietan: izenburuak salatzen duen gisan urtaroak ditu hizpide lehenak. Ubedak asmatu txakurtxoak josten du liburua. Bigarrenak, berriz, dibortzioa du ardatz, gaiak haur anitz hunkitzen duelakoan. Lehenak 4 euro balio du, eta bigarrenak, 5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.