Arima beltzaren erregina

Aretha Franklin abeslaria hil da, Detroiten, 76 urterekin. Soulean nabarmendu zen batez ere, baina, oso kantari moldakorra izanik, beste estilo batzuetara ere eraman zuen bere ahotsa

Aretha Franklin Washingtonen (AEB), 2016ko apirilean Etxe Zurian emandako kontzertuan. AUDE GUERRUCCI / EFE.
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Inoizko ahotsik bereizgarrienetako bat zuen Aretha Franklinek (Memphis, AEB, 1942 - Detroit, AEB, 2018). Soulean nabarmendu zen batez ere, baina haren kantaeraren indarrak, gospeletik jazzera eta rhythm & bluesetik popera, ez zuen parekorik. Bigarren Mundu Gerra osteko abeslaririk garrantzitsuena izan zen akaso, James Brown, Sam Cooke, Etta James eta Ray Charlesen gainetik. 60 urte baino gehiagoko ibilbide diskografikoa utzi du oinordetzan, eta emakumeen eta afro-amerikarren aldeko haren kantak ereserki dira hainbat belaunaldirentzat.

14 urterekin izan zuen lehen erditzea: Songs of Faith diskoa (1956) plazaratu zuen bere lehen semea izatearekin batera. Aita artzain baptista zuen Detroiteko eliza batean, eta bertan grabatu zuen gospel kantuen bilduma, pianoarekin kantuan. Hizlari kementsua zuen aita, C. L. Franklin, million-dollar voice [milioi bat dolarreko ahotsa] izenez ezaguna. Diru asko egin zuen Michigan osoan sermoiak ematen, eta jende asko ezagutu zuen horrela. Hala, musika —batez ere gospel— munduko jende ezagun asko igaro zen haien etxetik: Oscar Peterson, Ella Fitzgerald, Duke Ellington eta The Caravans taldeko hainbat kide, besteak beste. Dinah Washingtonek, 1950eko hamarkadako jazz eta blues abeslari ezagunak, abesten irakatsi zien Franklin gazteari eta haren ahizpei. James Cleveland artzaina ere izan zuen maisu. Gospel munduko izen handia zen hura, eta gospel akordeak nola jo erakutsi zion Franklini. Aitak piano eskolak har zitzan nahi zuen, baina alabak nahiago zuen bere kabuz jotzen jarraitu. Laguntza jaso zuen arren, bere berezko dohainetan sinesten zuen, aitaren fedeari jarraikiz: «Abeslari izatea berezko dohaina da. Esan nahi du jaungoikoak eskura jarri zidan gaitasuna ahalik eta gehien erabiltzen ari naizela. Pozik nago horrekin».

Elizatik agertokira

Berehala egin zuen salto elizatik agertokietara, eta Columbia Records diskoetxearekin hasi zen lanean. Zigilu harekin egindako lanetan, bere estiloa jazzera bideratu zuten, eta agerian geratu zen Franklinen moldakortasuna eta barnean soula zeraman artista gazte baten talentua. Sei urtez aritu zen jazz, pop eta blues bertsioak kaleratzen, baina osotasunik gabeko diskorik edo hit-ik gabe.

Respect singleak emakumeen askapenaren eta afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko aldarria garrasi unibertsal bilakatu zuen 1967an. Irauli egin zuen Otis Reddingen jatorrizko bertsioa; han, etxera dirua eramaten duen gizonak «errespetua» eskatzen dio emazteari. Franklinek erabat aldatu zuen abestiaren esanahia, eta ereserki feminista bat sortu zuen, iraultza sexualaren erdian. «Neskak nigandik hartu du abestia. Orain, ez da nirea; hemendik aurrera, berea da», esan zuen Reddingek, bertsioagatik galdetu ziotenean. Askatasun sinbolo bat sortua zen ordurako.

Columbia utzi eta Atlantic Recordsera joana zen ordurako, eta rhythm & blues sustraiak berreskuratu zituen Jerry Wexlerren laguntzarekin. Izan ere, Wexlerrek berak sortu zuen rhythm & blues etiketa, eta garai hartako artista handienen lanak ere ekoitzi zituen. Franklinek ez zuen uzten diskoetxeak bere musika hainbeste bideratu zezan, eta, 1968an, Lady Soul diskoa kaleratu zuen. Izaera handiko lana da, eta izena ere eman zion Franklini: soularen erregina. Askotariko abestiak daude diskoan, James Brownen Money Won't Change You-ren indarretik, Ray Charlesen Come Back Baby-ren pasiora. «Sekula ez dut grabatu gustuko ez dudan abestirik», zioen abeslariak, bere kantak mundu osoko artistek abesten zituzten bitartean.

1970eko hamarkada ez zen erraza izan Franklinentzat. Bide gorabeheratsua egin zuen, norabide zehatzik gabea. Pop abesti arrakastatsuen bertsioak egiten zituen, eta gospelera ere itzuli zen, baina ez zuen asmatu. Dance musikaren iritsierak haren lana itxuragabetu zuen, eta, ahotsa oraindik berbera zuen arren, produkzioak eta konposizioak ez zuten zerikusirik. Bere diskoen salmentak ere asko jaitsi ziren; dozenaka mila saltzen zituen, ehunka mila saldu beharrean. The Blues Brothers filmak (John Landis, 1980) eman zion bultzada komertziala artistari, Franklinek zerbitzari baten rolean Think abestia kantatzen duen eszena ezagunarekin. Dena den, filmeko lantaldeak kontatu ohi zuen behin eta berriro errepikatu behar izan zutela harraldia, Franklinek ez zekielako playback egiten. Aldiro ezberdin abesten zuen kantua, etengabe berrasmatuz.

Franklinek ez zuen sekula bere osasun arazoez hitz egin, baina 2010ean kontzertu batzuk bertan behera utzi behar izan zituen premiazko ebakuntza bat zela eta. 2017an, 74 urterekin, musika utziko zuela iragarri zuen. Bilobekin denbora gehiago igaro nahi zuela esan zuen, eta egindako ibilbidearekin «oso pozik» zegoela. Halere, bazuen azken proiektu bat egiteko nahia: «Ez naiz eserita geratuko ezer egin gabe; hori ere ez da ona». Iaz Stevie Wonderrekin disko bat aterako zuela esan zuen, baina, grabaketarik egin ez bazuten behintzat, ez da plazaratuko Franklinek desio zuen azken proiekturik.

Ikonoa

Ikusgarritasunera eta botereguneetara iritsi zen Franklin bere musika ibilbide luzean. Feminismoaren eta beltzen eskubideen aldeko ikono bilakatu zen. Respect singlearekin bi Grammy sari irabazi zituen, eta bigarren emakumea izan zen saria jasotzen; Time aldizkariko azalean agertu zen lehen emakume beltza izan zen; lehen emakumea izan zen, 1987an, Rock-and-Rollaren Ospearen Aretoan sartzen; baita 2005ean ere, Rolling Stone aldizkariak inoizko 100 artista onenen artean aukeratu zuenean. Ondoren, 2008an, inoizko abeslaririk onena izendatu zuen aldizkariak, Ray Charlesen, Elvis Presleyen, Sam Cooken eta John Lennonen aurretik, hurrenez hurren. «Zeruko indar bat... Jainkoaren opari bat», aldizkariaren esanetan.

Hainbat borrokaren ikono bilakatu zen manifestazioen buruan ibili gabe. Gaztetatik etxean bizi izan zuen arrazaren auzia, aita afro-amerikarren eskubideen aldeko aktibista ere bai baitzen; Martin Luther King lagun mina zuen. Franklinek Precious Lord abestu zuen haren hiletan, 1968an. Bi urte geroago, Angela Davis ekintzaile presoa askatzeko bermea ordaintzeko prest agertu zen: «Aske ikusi behar dut, eta ez komunismoan sinesten dudalako, baizik eta emakume beltz bat delako eta jende beltzarentzako askatasuna nahi duelako. Dirua daukat, jende beltzak emanda, eta gure jendeari laguntzeko erabili nahi dut».

2009an, AEBetako lehendabiziko presidente afro-amerikarraren, Barack Obamaren kargu-hartze ekitaldian abestu zuen Franklinek.

Izaera zakarra zuela esan izan da hari buruz. Arazoak izan zituen beste hainbat abeslarirekin, eta diva jasanezin etiketa ezarria zioten. Horretarako ere bazuen erantzuna: «Diva izateak ez du zerikusirik zeure musikarekin, baizik eta zeure gizartea eta komunitatea hobetzeko egin duzun lanarekin».

Atzo hil zen, Detroiten, hurbilekoez inguratuta. 76 urte zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.