Albistea entzun

KRITIKA. Donostiako 57. Jazzaldia

Mendebalde Urruneko cumbia

AEBetako Calexico taldea, atzo, Donostiako Kursaaleko auditoriumean.
AEBetako Calexico taldea, atzo, Donostiako Kursaaleko auditoriumean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko uztailak 22

Calexico

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: uztailak 21.

Apaingarririk ez agertokian; atze oihal beltza, eta hutsunea. Eta instrumentu mordoxka bat: bateria, teklatuak, marinba, tronpetak, akordeoia, kontrabaxua, baxua, gitarrak... Beltzez jantzi dira Calexico taldeko musikari gehienak ere, eta Joey Burns abeslari eta gitarristaren alkandora bakero marrazkiduna nabarmendu da haien artean. Koloretsuago ageri dira entzuleak, mahuka motzeko alkandora eta soineko estanpatuak nonahi; betaurrekoak oraindik soinean daramatzatela sartu dira asko kaleko giro onetik Donostiako Kursaaleko auditoriumera. Calexicok aretoa beteta eman du hango lehen kontzertua Donostiako 57. Jazzaldian.

Ordu eta erdi pasatxoko emanaldia egin dute, eten askorik gabekoa, taldearen izenak berak adierazten duen mugako espiritu horren inguruan saltoka, americanatik cumbiara. Kontzertuari festa deitu dio Burnsek, arrazoi osoz: taldea indartsu aritu da hasieratik, eta hala erantzun dute entzuleek ere. «Uste dut hemen ederki biziko nintzatekeela».

Burns Tucsonekoa da (Arizona, AEB) —han sortu zuen Calexico, 1996an, John Convertino bateria jotzailearekin—, baina, kontatu duenez, Boisen bizi da azken urteetan, Idahon (AEB). «Zuetako asko daude han». Jendeak txalo joz erantzun dio. «Hurrengorako nahasketa bat presta dezakegu, Calexico-Donostia».

Burnsez eta Convertinoz gain, Scott Colberg (baxua, kontrabaxua; erakustaldi bat egin du abesti batean), Brian Lopez (gitarra elektrikoa), Sergio Mendoza (teklatua, akordeoia, kongak), Jacob Valenzuela (ahotsa, tronpeta, marinba) eta Martin Wenk (tronpeta, marinba, gitarra) aritu dira, eta ia kontzertuko gauzarik ikusgarriena izan da azken hiru horiei begiratzea instrumentuak txandaka aldatzen.

Taldeak El mirador diskoa atera du aurten, eta izen bereko abestiarekin hasi dute kontzertua. Lehen kantetan entzun dira gero gailendu diren doinuak: tronpeta indartsuak, mariatxi hotsa, gitarra ozenak eta cumbia musika. Izan ere, pasarte lasaiak egon diren arren (Stray, Follow the River...), kontzertu dantzagarria eman dute batez ere.

Erdialdera iritsi da Cariñito, Peruko Los Hijos del Sol taldearen kantaren bertsioa, eta orduan hasi da entzuleren bat zutitzen. Giroak iraun du Flores y tamales-en, eta, azkenean, Cumbia de donde hasi denean, gehien-gehienak jaiki dira dantzan.

«'Beste bat?'. Okay». El Burro Song eta Güero canelo jo dituzte bukatzeko —azkena, Desaparecido eta El cuarto de Tula-rekin nahastuta—, eta aretotik irtenda ere dantzan hasteko keinuari eutsi ezinda utzi dituzte zaleak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, atzo iluntzean, 71. Zinemaldiko hasierako galan, Audience musika taldea atzean duela. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Animaziozko aldi baten hasiera

Miren Mujika Telleria

Animaziozko zineman ardaztu dute Donostiako 71. Zinemaldiaren hasierako gala. Hayao Miyazakik jaso du Donostia saria, eta zinegileak bideo bidez bidali ditu hura eman izanaren esker on hitzak

<em>Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron</em> filmaren irudi bat; lan horrek inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia, lehiaz kanpo. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Miyazakiren irudizko munduekin hasi dira Sail Ofizialeko emanaldiak

Ainhoa Sarasola

'The Boy and the Heron' animaziozko filmak inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia. Lehiatik kanpo eman dute zinemagile japoniarraren azken lana. Donostia saria hari eman dio jaialdiak

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Eguneroko gaiak lantzen dituen pelikula familiar bat da»

Jone Bastida Alzuru

Euskal Herri post-apokaliptiko batean kokatu du Vallmajorrek bere lehen film luzea: 'Misión a Marte'. Kamera analogikoarekin filmatu du, eta zuri-beltzean. Besteak beste, heriotzaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.