Albistea entzun

EPPUR SI MUOVE

Otsoak Israelgoak, otsoak Uruguaikoak

<em>Lobo feroz</em> filma.
Lobo feroz filma. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Begoña del Teso -

2023ko otsailak 3

Bada gurean, Hegoalde gurean, balizko kritikari serioek txikitutako film interesgarri bat, Uruguai eta Espainiaren arteko ekoizpena. Lobo feroz du izenburu eta No dormirás ipuin gotiko kasik aparta aurrera atera zuen Gustavo Hernandez bertan dabil zuzendari.

Euskal jendaia majoak hartzen du parte inor gutxik ondo trataturiko pelikula honetan. Bai filmaren sostengu ekonomikoan, bai kamera aurrean.

Basque Filmseko kuadrilla ausarta aurkitzen dugu kreditu tituluetan, kasu.

Nahiz eta txapela buruan munduan ibilitakoak izan, Bilboko Zumalakarregi etorbideko 48an dute egoitza. Hortik luzatu dizkigute (jada aspaldi zaharrean) El ataúd de cristal eta El hoyo proposamen esanguratsuak.

Bilbotik bultza jasotako Lobo feroz honetan, aipua ere merezi du argazki zuzendariak. Bilbotarra bera ere, Jon Dominguez. Kataluniako ESCAC eskola sona handikoan ikasia. El Hoyo-ren leinukoa. Nasdrovia-koa ere bai. Eta eta eta... Cinco Lobitos miresgarriaren argien eta itzalen sortzailea.

Bai, Hegoalde gurean badaukagu arrazoi sendo franko besteek dedikaturikoa baino arreta handiagoa eskaintzeko Lobo feroz honi. Lehenik eta behin, otsoak baditugulako maite. Basak direnak mantsoak baino gehiago, ez pentsa. Bigarrenik eta behin, Filmax etxea baita banatzailea. Eta Filmaxek badu ibilbide luzea zeluloidezko gure horrore kutunen zabalkuntzan.

Hirugarrenik eta behin, ariketa zinematografiko eder baterako eta jolas atrebitu baterako beta zein parada ematen digulako filmak. Izugarri joko aldrebes polita izan ohi da konparazioetan hastea, jardutea, zeure burua galtzeraino ere.

Lobo feroz hispaniar-uruguaitar-basko honek 2013ko pelikula israeldar batean ditu zimenduak eta abiapuntua, Aharon Keshalesek eta Navot Papushadok sortutako Big Bad Wolves izenekoan, hain zuzen ere. Egia esatearren, Quentin Tarantinok bere estimu oso-osoa eskaini bazion ere, pantaila gutxitan estreinatu zen Hegoalde gurean. Eta ez pentsa zorte hobea izan zuenik Iparralde gurean.

Urteak joan, otsoak etorri. eta ekoizle batzuei zera otu: bazegoen Israelgo pelikula haren bertsio berria egiterik, gurera (Hegoalde gurearen hurbilean den gure horretara, hots) moldatuz, egokituz.

Gizalegez, No dormirás-en gidoia idatzi zuen Juma Foddekin jarri ziren hartu-emanetan. Kataluniako Terrasan jaioa eta zinemagintzan ikasia den Conchi del Rio filologoari ere eskatu zioten istorioaren sortze prozesuan parte hartzeko. Juma eta Conchi idazten ari ziren bitartean, Gustavo Hernandezen konplizitatea lortu zuten.

Filmin plataforman Big Bad Wolves ikusgai dagoela aprobetxatuz, Lobo feroz-en ibilitakoek egin zuten gauza bera egin dugu guk, zinemamindu garenok, bi pelikulak konparatu.

Ez preseski hobea zein erabakitzeko asmotan, baizik eta munduko bost izkina ezberdinetan zinemak hartzen dituen manera diferenteak dastatu ahal izateko. Plazerez. Harriduraz. Maleziaz.

Biak alderaturik, zera baieztatzen duzu: nire irudiko, Israelgoak arreago jokatzen du kameraz eta gidoiaz. Lehorragoa da. Desosegu handiagoa sorrarazten du ikuslearengan; hispaniar-uruguaitar-baskoak, berriz, gore estiloarekin joko (eta maiz, jolas) egiten du. Krudelagoa da, nik uste, israeldarraren bukaerako irudia, eta igual (ez dakit), esperantzarako zirrikitu estu bat uzten du Hegoalde gurean ikusgai denak.

Gero gerokoak. Norberaren identitate arazo eta traumak. Gizarte bakoitzaren mamu propioei eskainitako tarteak. Gehitu detaile kuriosoa, hizkuntzakoa bada ere, bi munduen arteko diferentzia markatzen duena. Israelgoan, neskatoak akabatzen omen dituen hori bahitu duenak legearen ertzetan dabilen polizia du konplize. Balizko psikopata galdekatzen hasi aurretik, poliziak mendeku bila dabilen aita horri zera galdetzen dio, ea polizia onaren eta polizia gaiztoaren arteko trukoa erabiliko ote duten. Jatorrizko pelikulan «hemen ez dago ez polizia onik ez gaiztorik» entzuten dugu. Gurean, aldiz, eskarmentu handikoak garenez auzi horretan, honela erantzuten du psikopata hutsa den bahitzaileak: «Polizia onak ez dira existitzen». Bageunden ba gu. Hemen, Hegoaldean zein hurbileko pantailetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.