Artearen lekuak. Izturitzeko harpeak

Ezin erantzunezko galderak paretan

80.000 urte baino gehiago dituzten giza aztarnen lekuko dira Izturitze eta Donamartiriko harpeak. Geologia aldetik, naturak sortutako elementuak ikusgarriak dira. Historiaurreko artearen lekukotasunak ere badira.

Ikatzarekin marrazturiko zaldi bat, Georges Laplace galerian, Otsozelaiko harpean, Izturitzen (Baxenabarre). GAZTELU ELKARTEA.
Joana Ibargarai Leritza.
Izturitze
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bisita berezira doazenak orain hurbil daitezela harpe aitzinera», erran du mikrofonoak. Batzuk museoan egon dira, eta beste hamar pertsona metatu dira burdinazko ate handien aurrean. Igande goiza da, historiaurreko artea ikusteko bisita bereziaren eguna, eta udako beroa jada senti da Izturitzeko mendixkan (Baxenabarre). Harrerako langileak errandakoari segi; denak beroki jantzirik jin dira. Izkina batean, haur bat pleini: baizik eta beroegi dela eta paltoa kendu nahi duela. Baina Florian Berrueta gida agertu orduko isildu du zinkurina.

Agurtu eta, hasian hasi, hartu beharreko neurrien zerrenda egin du Berruetak. Harpea ahal bezain ontsa mantentzeko neurriak, eta, nola ez, koronabirusari loturikoak. Horiek horrela, has bedi bisita. Ateak ireki, eta beste mundu batera sartzea bezala da, atariko heina. Lehen urratsetatik hasi da ikusgarria. Ilunpea, hotza, hezetasuna, isiltasuna. Denak dira adi, eta aitzinatu ahala piztu dira argiak, han-hemenka. Izturitzeko harpean hasi da bisita, eta,informazioa entzun ahala, denboran jauzika dabiltza ikusle eta entzuleak. Historiaurrean aditua da Berrueta, eta iraganera daramatza bisitariak, gehien-gehienak aho zabalik.

Aurignac aldiko gizakiez ari da: garatu zuten ekonomiaz, landutako objektuez eta inportatzen eta esportatzen zuten materialez. Horrez gain, harpean atzemandako apaingarriak ditu aipagai: zertarako balio zuten, zer gustatzen zitzaien eta nola antolatuak ziren. Bideari jarraikiz, beste areto batera gidatu ditu bisitariak, Madeleine aldiko Homo sapiens-ak bizi izan ziren aretora, hain zuzen, Aurignac aldiko gizakiak han egon eta 30.000 urtera. XX. mende hasierako miaketetan, areto horretan milaka objektu aurkitu zituzten, animali hezur eta artelan. Horietatik gehienak Saint-Germain-en-Lay Frantziako Arkeologia Museoan daude gaur egun. Areto nagusi horretan, Madeleine aldiko gizakiek zutabe batean zizelkatutako animaliak ikus daitezke: oreinak, zaldiak eta izokin bat, besteak beste. Zizelkatutako zutabe bakarra da. Gainera, ikerlariek Madeleine aldiko gizakien egunerokoa nolakoa zen irudikatu ahal izan dute; esaterako, lan eremu batzuk aurkitu dituzte, eta horietako hainbat, gainera, sutondo bati lotuta. Eta han da taldea, so.

Otsozelaiko artea

Izturitzeko harpeko areto nagusi hartatik, Otsozelaiko harpera joateko erran du gidak. 90 eskailerak jautsi, eta hamabost metro beherago, bide artifizialetik iristen da bigarren harpera. Han, eskuin aldean, Georges Laplace galeria ikusten dute bisitariek. Izen bereko ikerlariak aurkitu zuen harpearen zati hori 1953an; batez ere, horren berezitasuna: bertan marraztuak izan diren animalia andana.

Zaldiak dira gehien marraztuak, ikatzarekin. Denak ezkerreko paretan, eta, bat erakutsi ondoan, sorpresaz sorpresa aitzinatu da taldetxoa. Zaldi bat, beste bat, ahuntz txiki bat, bisonte bat... Duela 11.000-12.000 urte inguruko gizakiek egindako margolanak dira, Goi Paleolito bukaeran egindakoak —Goi Madeleine deitzen zaio aldi horri—. Eta horren inguruan, hainbat galdera: zergatik zaldi buru bat marraztu, gorputzik gabe? Zer irudikatu nahi zuten? Ez bazen ikusia izateko artea, zergatik marrazten zuten? Berruetak argi utzi du: «Hemen, erantzun baino galdera askoz gehiago dugu».

Batzuk marraztuak, besteak paretetan grabatuak; batzuk argi erakutsiak, besteak interpretatu beharrak. Harriduratik artelanenedertasunak txunditzera igaro dira ikusle gehienak. Eta segitu dute, beste galerietara. Han nahasten baitira naturak urteen poderioz sortutako dirdira, gizakien artea, eta bien arteko batasun ikaragarria. Estalaktitak, estalagmitak eta gortinak ikusten dira alde orotan. Eta gortina horiek jotzean sortzen diren notetatik, melodia bat entzunarazi du Berruetak. Ilunpean argitu duenak eta isilean sortu duen musikak sortu du bisitarien artean: hotzetik beroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.