Albistea entzun

«Konponbide duin bat» sortzaileei

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Kultura Ministerioak kulturaren sektoreko lan baldintzak hobetzeko hartu dituzten neurrien berri eman dute Donostian. Langile asko joan da azalpenak aditzera.
Ezker-eskuin, Mari Jose Telleria, Adriana Moscoso del Prado eta Denis Itxaso, atzo, Artistaren Estatutuaren aurkezpenean.
Ezker-eskuin, Mari Jose Telleria, Adriana Moscoso del Prado eta Denis Itxaso, atzo, Artistaren Estatutuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko otsailak 7 - Donostia

Askotariko alorretako artista eta sortzaileak elkartu ziren atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Artistaren Estatutuak jasotzen dituen neurri berrien gaineko azalpenak aditzeko batu ziren han. Izan ere, kultura sektorean lan baldintzak hobetzeko hartu diren erabakiei buruzko argibideak emateko asmoz, informazio saio bat antolatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin lankidetzan.

Hiru lagun aritu ziren hizlari lanetan: Kulturako diputatu Maria Jose Telleria; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Espainiako Gobernuak duen ordezkari Denis Itxaso eta Kultura Ministerioko Kultura Industrietako eta Lankidetzako zuzendari nagusi Adriana Moscoso del Prado.

Itxasok hartu zuen lehendabiziko hitza, eta berak egin zuen hitzaldiaren sarrerako azalpena. Nabarmendu zuen sortzaileen lan baldintzak zaindu eta babestu behar direla; haren hitzetan, beste edozein lan bezain beharrezkoa den lanbide batean lan egiten dutelako. «Ezinbesteko gremioa da, beti garrantzitsua izan dena, eta orain inoiz baino beharrezkoagoa dena».

Moscoso del Pradok egin zien segidan jarraipena Itxasoren hitzei. Estatutuaren beharrezkotasunaz ohartarazi zuen lehen-lehenik: «Bistan da pandemiak agerian utzi dituela kultur sektorearen eta sortzaileen prekaritatea, eta, hain zuzen, horien baldintzei konponbide duin bat eman nahi die Artistaren Estatutuak». Horretan jasotzen diren hainbat neurri azpimarratu zituen ondotik; besteak beste, langabezia prestazioa, jarduera artistikoaren aldizkakotasunera egokitutako iraupen mugatuko kontratua, eta jardun artistikoa bateragarria izatea erretiro pentsioarekin zein jabetza intelektualeko eskubideak jasotzearekin.

Gaineratu zuen, halaber, lanaren aldizkakotasunak markatzen duela sektorea, eta, hain justu, egoera horretan dauden profesionalak erdigunean jarri eta lan horrek «merezi duen aitortza jasotzea» duela xede Artistaren Estatutuak.

Esate baterako, azaldu zuen estatutuari esker murriztu egingo dela kotizatutako egunen betekizuna; hain justu, langileek langabezia prestazioa jaso dezaten. Zehazki, hemezortzi hilabetean 60 egunez lan egin izana egiaztatzea nahikoa izango da prestazio hori jasotzeko. Moscoso del Pradok jakinarazi zuen iraupen luzeko lanaren emaitza direla hartutako neurri horiek. «Laurogei bilera baino gehiago egin dituzte estatutua eratu duten lantaldeek. Administrazioaren eta gizarte zibilaren arteko lan eta elkarrizketa dinamika oso aberasgarria izan da, eta, zalantzarik gabe, funtsezkoa izan da lortutako erreformen arrakastarako». Horrenbestez, uste du, «oraindik bide luzea geratzen den arren» helburuak betetzen ari direla. Hitz baikorrez mintzatu zitzaien parean zituen artistei: «Artistaren Estatutuak esan nahi du Espainian lehenengo aldiz arau esparru espezifikoak sortuko direla kultur jarduerarako, eta horrek esan nahi du, behingoz, kulturaren salbuespena onartuko dela».

Sortzaileen zalantzak

Galderetarako txanda ireki zuten saioaren amaieran, eta bertan izan ziren sortzaile batzuek azaleratu zituzten hitzaldiak sortutako zalantza batzuk. Estatutuak sortzaile autonomoentzat zer konponbide aurreikusten duen: horixe izan zen saioak utzitako zalantzetako bat. Moscoso del Prado: «Kuota berezi bat aurreikusten da ordainsari oso txikia jasotzen duten autonomoentzat, eta erabateko bateragarritasuna ezartzen da erretiro pentsioaren eta jardun artistikoaren artean».

Zalantzak zalantza, baina, Artistaren Estatutua «itxi gabeko arau zerrenda bat» dela jakinarazi zuen. «Bidaia ez da hemen amaitzen, kultur langileen beharretara gehiago egokitzen ahaleginduko gara, baina bide hau elkarrekin egin behar dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...