KRITIKA. Donostiako 57. Jazzaldia

Emakume japoniarren gaua

Miho Hazama Musikeneko Summer Big Band zuzentzen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Donostia
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Hiromi eta Miho Hazama & Musikene Summer Big Band

Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 22a.

Bitxia da Jazzaldiaren barruko Trinitate plazako lehen kontzertuan bi emakume japoniar izatea protagonista. Lehen zatian, Miho Hazama (1984, Tokio) Musikeneko goi mailako ikasle musikarien zuzendari gisa azaldu zaigu. Ez zuzendari gisa bakarrik, baita musikagile eta moldatzaile gisa ere. Taldea zehaztasun osoz aritu da; batasun ikaragarria erakutsi dute Musikeneko Summer Big Bandeko kideek. Solo bikainak eta interpretazio orekatu eta dotoreak. Aldaketa musikalak bikainak izan dira, mozketa zehatzak, makineria ikaragarria martxan Hazama anderearen eskutik. Ellinton, Herbie Hanckok eta Thelonius Monk musikarien doinuen moldaketa ederrak, sendoak. Heavy metala ez zen heavy metalean oinarritutako pieza jo dutenean irabazi dute publikoa. Alex Haro saxo tenorra bikain; oso indartsu azaldu zaigu jazzean ezohikoa den estiloan murgilduta. Hazamaren moldaketak ederrak eta konplexuak dira. Plazer handiz entzun dugu Japoniakoaren lana.

Bigarren zatian heldu da Hiromi (Shizuoka, 1979). Pandemian kontzerturik apenas izan ez, eta musika konposatzera bideratu zuen bere talentua. Esperantzari abagune bat, itxaropenari zirrikitu bat zabadu nahi izan dio Silver Linning Suite izeneko konposizioarekin. Hiromi handiari ukitu klasikoa eta onirikoa duen musika atera zaio, baina, ertz txikienean, baita inprobisazioa, jolasa, eta swinga ere. Eklektikoa iruditu zaigu hasiera batean bere kontzertua. XX. mendeko Europako musikagileen lurrinak ditu haren musika saltsak, baina eragin amerikarra du; esango nuke jazz amerikarraren eragina dela garrantzitsuena bere osagaien artean.

Lau musikari ekarri ditu lagun, itxura erabat klasikoa duten bi biolin jotzaile (Rakhvinder Singh eta Shlomy Sobrinsky), biola jotzaile bat (Meghan Cassidy) eta biolontxelo jotzaile bat (Gabriela Swallow). Hiru emakumeak lurreraino iristen diren soineko luzeekin jantziak, eta gizasemeak ttattar bat lotuta lepoan.

Gabriella Swallow irlandarrak txeloa jotzean, hasieran, beste garai batetik azaldutako musikaria zirudien; apurka joan da hausten itxura hori, eta jazzeko baxuen lineak arazorik gabe jo ditu. Nork dio hori jazza ez denik? Biolarekin, plazera eta teknika orea berean izan daitezkeela erakutsi digu Cassidyk; musika, etiketatik at, musika dela, alegia. Dobrinsky bikain bolinarekin, formalidadeak hautsi nahian—neurri batean, bederen—. Soloekin bere jatorria agerian utzi digu, Israelgo klezzmer melodien ukitua emanez. Singhek, biolin jotzaile buru gisa, teknika, sofistikazioa eta apaltasuna nola uztartu daitezken erakutsi digu. Baina nola ez, denen gainetik Hiromi, denak bere umore bereziz, bere indarrez, bere doinu pertsonalez kutsatzen. Hain zehatz jotzen du pianoa, eskala miresgarriekin; notak airean eta, azkar baino azkarrago, sendo baino sendoago, garbi baino garbiago, ez dago sinisterik... Eta ez da teknika hutsean geratzen, arima lehertzeraino ateratzen ditu doinuak. Sakon bezain umoretsu, ostinato errepikakorrak batzuetan, gero bat-batean eten, eta atmosfera hunkigarrienetara eraman gaitu entzuleok. Beatlesen Black Bird pianoarekin bakarrik jo duenean erabat hunkitu gaitu. Maisulan ederra Hiromirena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.