Mundu sakon eta zuri-beltza

Juxe argazkilariak 'Zu barik eztau' izeneko erakusketa egin du. Erretratuekin osatu du, eta askotariko munduak biltzen ditu. Orain arteko lanik «pertsonalena» dela azaldu du

J. A. ARETA GOÑI JUXE.
Nagore Arin.
Zarautz
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Musikarik gabe ezin dut ez lanik egin, ez bizi eta ez ezer». Horrela mintzo da J. A. Areta Goñi Juxe argazkilaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1968) musikari buruz. Juxe goitizenez sinatzen ditu bere argazkiak, eta bi hamarkada pasatxo daramatza musikaren munduaren printza ugariak «kamera zahar» baten bitartez harrapatzen. Zu barik eztau izena du haren erakusketa berriak: Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseum museoan dago. Asteartean inauguratu zuten, eta otsailaren 23ra arte egongo da ikusgai.

Musikaren eskutik ikasi zuen argazkiak ateratzen: «26 edo 27 urte daramatzat horretan lanean. Gazte nintzela hasi nintzen, baina iritsi zen momentu bat hori guztia erretratatu nahi izan nuena. Beti izan dut argi erretratuak egin nahi nituela». Hala, kontzertuetan sortutako uneak harrapatzetik erretratuak egiten ditu orain. Azkenengo hamar urteetan eginiko hainbat erretratu biltzen ditu erakusketa berriak: 60 bat, gutxi gorabehera. Argazkilariak esan duenez, ez da musikariei buruzko erakusketa bat: «Margolariak, antzezleak, soinu eta argi teknikari zenbait, kontzertuetan lehenengo ilaran dagoen jendea, lagunak... guztiak biltzen ditu. Musikari dezente agertzen da, baina helburua ez da izan musikarien erakusketa bat egitea».

Erretratatu dituen pertsona horiei guztiei egiten die keinu izenburuak: «Agertzen den jende guztiari eskerrak ematea izan da izenburuaren helburu bat. Gero,fonetikoki zein esanahi aldetik indar asko duela iruditu zait». Orain arte egin dituen lanetatik «pertsonalena» dela aitortu du, erretratu bat egitea bere horretan ere «zerbait pertsonala» delako. Horixe da ibilbide profesionalean egin dituen kontzertuetako argazkiekin alderatuta ikusten duen bereizgarri bat: «Argazki horien kasuan, unea harrapatzen saiatzen zara, argia harrapatzen... eta ez dago zure esku. Erretratuak egiteko garaian, desberdina da;zuk jartzen duzu argia, hondoa... askoz ere gehiago kontrolatzen duzu prozesua». Estudioan egindako argazkiak dira gehienak, eta, haren hitzetan, orduan sortzen den konexioa «berezia» da: «Trago bat hartzen duzu haiekin, komentatzen diezu nola izango den, estudiora etortzen zara, eta musika jartzen duzu... Denbora bat eskatzen du argazkiak atera aurreko momentuak. Lehenengo mota oso lan bat-batekoa da; eta bigarrena, aldiz, pausatuagoa».

Prozesua, mimo handiz

Argazkia atera aurreko bideari ez ezik, argazkia atera ondorengo prozesuari ere mimo eta magia handiz erreparatzen dio: «Neuk egiten dut kopien prozesu guztia, eta bi arrazoirengatik egiten dut hori. Lehena, prozesu guztiaren ardura eta kontrola duzulako; eta, bigarrena, luzatu egiten delako azken emaitza lortu arteko bidea». Era horretan, argazkiaren bideaz gozatu gura du argazkilariak: bide hori ahal bezainbeste disfrutatu. «Gaurerretratu bat egiten badut, agian kopia bi hilabetera lortuko dut. Oso polita eta oso erakargarria da laborategiko lana».

Hain justu, prozesu horren xehetasunez hitz egingo du gaur argazkilariak: hitzaldi bat emango duPhotomuseumen, 18:00etan. Martxel Altuna museoko zuzendariaren arabera, ikuslea testuinguru horretan kokatzeko baliatuko dute solasaldia.

Juxeren aburuz, «erretratu bat egitea ez da pertsona bat kamera aurrean jartzea eta kliskagailuari ematea»; horren atzean lan bat dagoela adierazi du. «Pozik» azaldu da erretratatu duen jende guztiaren jarrera eta inplikazioa direla eta. Agian, horregatik du erakusketa osatzen jarraitzeko helburua: «Prest dagoen jende gehiagoren izenekin osatutako zerrenda bat dut, eta aurrerago 90 edo 100 erretratu izatea espero dut». Hala ere, badu bestelako ideia bat buruan: «Erretratuekin izango da proiektu hori ere, baina teknika zaharrago bat erabiliz egingo dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.