Brasil

«Beldur naiz zer-nolako Brasil utziko diegun bilobei»

Erakunde demokratikoei egin dizkieten eraso biolentoak ikertzen ari da Auzitegi Gorena, eta gero eta sendoagoak dira Bolsonarori eta haren ingurukoei buruzko susmoak.

William eta Kelly haren bilobarekin, Sao Pauloren aldirietako Jardim Cultura Fisica auzoan (Brasil) duten etxean. M. MAROTO.
Sao Paulo
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
William eta Keliren etxeko ateak kutxa gotor bat dirudi. Txikia da, grisa, eta oharkabean pasatzen da favelako horma koloretsuen artean. Hormigoizko eskailera piko baten atzean, ordea, Jardim Cultura Fisica auzoa dagoen muinoaren ikuspegirik onenetako bat dago. Aldirietako auzune bat da Jardim Cultura Fisica, Brasilgo hiririk handienekoa, Sao Paulokoa.

Kelik 53 urte ditu, eta etxekoandrea da. Brasilgo demokraziako hiru botereen egoitzei egindako erasoak gogora ekartzean, bilobatxoari begiratu dio: alfonbra gainean jolasean ari da umea. «Bera dut buruan: zer-nolako herrialdea utziko diegun. Beldurgarria da pentsatzea zertarako kapaz diren batzuk», esan du, uzkurturik.

Hilaren 8an, igandearekin, Luiz Inacio da Silva Lula hirugarrenez Latinoamerikako herrialderik handieneko presidente bihurtu eta astebetera, eta Brasilia hiriburua asteburuan hutsik geratu zela aprobetxatuta, Jair Bolsonaro estatuburu ohiaren jarraitzaile erradikalen aldra bat Kongresura eta Auzitegi Gorenera sartu zen, baita Planaltoko jauregira ere, hots, gobernuaren egoitzara.

Manifestariek, pankartetan, armadak esku har zezala eskatzen zuten. Bulegoak eta fatxadak hondatu zituzten, eta artelanak suntsitu. Horri guztiari begi onez begiratu zioten indar armatuetako eta Barruti Federaleko Polizia Militarreko hainbat kidek; Lula presidenteak berak gogor kritikatu du haien jarduna: «Planaltoko jauregiko atea ireki egin zuten, jendea sar zedin».

Askorentzat, jakina zen estatu kolpea jotzen saiatuko zirela. «Bolsonaroren goi kargudunek prestatu zuten gertatu zena; hark urteak daramatza gobernuan diktaduraren apologia egiten», esan du, haserre, Keliren senar Williamek —53 urte ditu, eta segurtasun zaindaria da—, eta barkamena eskatu du hitz egin ahala ahotsa ozendu duelako.

Fiskaltzaren ikerketa lerroetako batek finantzaketarekin zerikusia du: argitu nahi dute nola finantzatu ziren hiri batzuetako kuartelen aurrean hainbat astez tinko jarritako kanpaleku bolsonaristak, eta nola ordaindu ziren erasoa izandako asteburuan ehunka lagun Brasiliara eraman zituzten autobusak.

Egunak pasatu ahala, gero eta sendoagoak dira Bolsonaroren kontrako frogak. Auzitegi Gorena hura ikertzen ari da, hauteskundeak legitimoak izan ez zirelako susmoa zeukala zabaltzeagatik bideo batean. Ministerio Publikoak bankuko kontuak blokeatu berri dizkio, gerora kalte ordainik pagatu beharko balu ere. Presidente izandakoa Floridako ospitale batean (AEB) egon da duela gutxi; izan ere, bere borondatez erbesteratu zen herrialde hartara, aginte aldaketaren irudian agertu beharrik ez izateko eta, batek daki, beharbada baita kartzelara joan behar ez izateko ere, haren jarraitzaile askok dioten bezala.

Lehengo Justizia ministro eta Brasiliako segurtasunaren arduraduna, berriz, atxilotu egin dute: Anderson Torres. Etxean dekretu bat gordea zeukan salbuespen egoera ezartzeko eta bitarte horretan prozesuan eta Hauteskunde Auzitegian esku hartzeko eskumenak emateko.

Azkenean ez zen aplikatu, baina hori argitara atera izanak iritzi publikoari erakutsi dio Bolsonaroren gobernua prest zegoela prozesu demokratikoa eteten saiatzeko.

Torresen aktiboak ere blokeatu dituzte, baita Brasiliako gobernadore kargutik kendutako politikariarenak ere, Ibaneis Rocharenak.

«Orain, maskara kendu dute, eta munstroa agerian geratu da; mundu guztiak ikusi du zer egin nahi duten pertsona horiek benetan herrialdean. Ondorioak ordaindu behar dituzte; kartzelara joan behar dute», esan du Williamek, beren lau seme-alaben erretratuz betetako egongelan.

Kelik, oraindik ere uzkurturik, baietz dio. Bikotearen ondoan, berriz, Cesar Kaab dago, favelako ekintzaile komunitario bat, Brasilgo diktadurako Berun Urteetan jaioa, 1964tik 1985era bitartean. Aldiriko kalexketan bizi zela ezagutu zuen Kaabek, nerabetan, erregimenaren azkena, Poliziaren indarkeriak eta narkotrafikoak dozenaka gazte banan-banan txikitu zituen garaian. «Hura zer izan zen dakien inortxok ere ez luke eskatuko orduko Brasil hartara itzultzea», adierazi du, ahots larriz.

Bolsonarismo erradikala

Kalea bare dago orain, baina inkestek zenbait datu kezkagarri eman dituzte. Brasilgo demokraziaren kontra izan den atentaturik larrienak bitan banatu du herrialdea, eta biztanleen %38k heinen batean babesten dute kolpe saialdia, Atlas Intel institutuak erasoa izan eta egun batzuetara argitaratutako galdeketa baten arabera. Eta horien %10,5ek uste dute kolpea guztiz justifikatua zela.

Inkesta horrek berak dioenez, Bolsonaroren boto emaileen %38 daude kolpearen alde. Datafolhak, herrialdeko kazetaritza talderik boteretsuenetako baten inkesta etxeak, galdera bera egin du, eta datu hori apalagoa dela esan du: %10. Bolsonarismoaren barneko zatiketa horrek, beharbada, nolabaiteko elkarrizketa nahia piztuko du kolpeari bizkarra eman diotenen artean, baina, era berean, berretsi du multzo gotor bat dagoela, inolako erreparorik ez daukana esku hartze militar baten alde agertzeko.

Favelaren atarian, Wellingtonek ez du gogorik prentsarekin hitz egiteko, eta galderei galderen bidez erantzunez saihesten du zuzenean ihardetsi beharra. Sakelako telefonoen zorroak saltzen dituen denda familiar baten jabea da. «Lapur baten eta polizia baten artean, zein aukeratuko zenuke? Lulak baino, nahiago armadak hartzea boterea», esan du.

Sao Pauloko eskualde hori ia alderik alde zeharkatu behar da Tatuape auzora iristeko; erdiko eta goiko klasekoen auzo bat da, azken urteetan hazi egin dena, bai hiriaren erdialdean dagoelako, bai garraio zerbitzuz ondo hornituta dagoelako. Urriko bozetan, hautesbarruti hartan izan zen Bolsonaroren aldeko botoen indizerik handiena.

Goizean goiz denez, oso zaila da hemen bizi den inor aurkitzea, jende gehienak urruti lan egiten baitu. Marianek 21 urte ditu, eta Tatuapeko parkeko garbitzailea da. «Nire ustez, bidezkoa da Planalton sartu izana, erakusteko jendeak ere baduela ahotsa», esan du.

Paulo, denetik pixka bat saltzen duen lurrindegi baten jabea, harro dago bizilagunez: «Bolsonaroren alde bozkatu genuen zorrotza delako legeekin eta jendearen alde erabiltzen dituelako, ez lapurren alde, ezkerrak bezala». Eta erantsi du: «Kongresuan manifestazioa egin zutenen alde nago, baina ez indarkeriaren alde; PT Langileen Alderdiaren jarraitzaileen kontuak dira horiek. Hauteskundeak, argi eta garbi, lapurtu egin zituzten, eta horregatik piztu dira protestak».

Tatuapen, Sao Pauloko bolsonarismoaren muin-muinean, Enriqueren gisako jendea ere bizi da, hots, Txina eta Venezuela esaldi bakarrean lotzeko gai den erretorika bat daukan jendea, igande hartako erasoari «PTkoen aldra» esaten diona, eta diktadura berrezartzea nahi ote duen galdetuz gero saiheska erantzuten duena: «Bolsonarorekin geneukan demokraziaren gisako bat nahi dut nik; horregatik joan ziren batzuk kuarteletara, militarrei eskatzera esku har zezatela».

«Bandalismoa eta lotsa»

Erasoa gertatu zenean, milaka manifestarik Sao Pauloko kaleak hartu zituzten, eta, oihuz, diktaduraren nostalgikoak arbuiatu eta demokraziaren alde egin zuten. Beraz, gutxi batzuk kenduta, jende gehienak «vandalismo e vergonha» hitzak darabiltza, «bandalismoa eta lotsa», igande hartan gertatua deskribatzeko.

«Hondamedi hutsa izan zen. Guztia suntsitu zuten, eta okerragoa dena: guztiona dena suntsitu zuten», ekin dio Felipek. 82 urte ditu, eta, Tiete ibaitik gertu dagoen parkean paseoan ibilirik, atseden hartzen ari da orain. Urteak dira ez hark eta ez haren emazteak botorik ematen ez dutela, zaharregiak direla uste dutelako. Nahiz eta aitortu duen ezen Bolsonaro, «emakumeen kontrako iruzkinak eta beste oker batzuk alde batera utzita», presidente ona iruditu zitzaiola, irmo gaitzetsi ditu bandalismo ekintzak: «Horrek sufrimendua baino ez digu eragin denoi; herrialde gisa ez digu aurrera eginarazten».

Protesta hauetako leloa, brasildarrek gehien aipatzen duten esaldia, erantzukizunak eskatzekoa da. «Espero dut zigortu egingo dituztela, bai parte hartu zutenak eta bai dena prestatu zutenak», esan du Robertak. Lehen hezkuntzako irakaslea da, 51 urte ditu, eta, haren ustez, «Brasilgo herriaren eta demokraziaren kontrako ekintza biolento eta errespeturik gabea» izan zen erasoa.

Gutxienez 1.500 pertsona atxilotu eta galdekatu dituzte Brasilgo instituzioei eraso egiteagatik, demokraziaren aurkako ekintzak egitea leporatuta. 50 bat aske utzi dituzte, pertsona «zaurgarriak» izateagatik, hots, adinekoak, haurrak dituzten amak, eta abar.

Gainera, gutxienez hamabost militar ikertzen ari dira kolpe saialdiarekin lotura izateagatik, eta Lulak berrogei lagun baino gehiago kaleratu ditu, tartean militarrak eta Alvoradako jauregiko segurtasunarekin zerikusia duten kargudunak. Errepublikako presidentearen egoitza ofiziala da Alvorada, eta Lula ezin izan da oraindik hara joan, ustez aurreko maizterrak hankaz gora utzi duelako etxea.

Iritzi publikoa adi dabil, baina bareago, eta herrialdeko prentsa, berriz, lekua ematen hasia zaie beste gai batzuei. Lularen gobernuak, dena den, desafio bat dauka: hitz egiteko prest dauden gizarte eragileekin hitz egiten hastea. «Bolsonaroren alde bozkatu nuen, baina orain Lula da nire presidentea, eta otoi dagit gobernaldi ona izan dezan», esan du, irmo, Matteo merkatari ebanjelistak kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.