Auzitegi Nazionalak baimendu egin du Bienzobasen erakusketa

Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Jon Bienzobas euskal presoaren lanekin Galdakaon (Bizkaia) jarri duten erakusketak. Astelehenetik dago ikusgai, Torrezabal kultur etxean, Ziegako leihotik izena duen margolanen eta eskulturen bilduma, eta urriaren 18ra arte egongo da zabalik.

Covite izan da lehena erreakzionatzen. Bienzobasen erakusketa debekatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari, baina horrek, oraingoz behintzat, baimendu egin du. Alejandro Abascal epaileak dioenez, erakusketa ez du «legez kanpoko» talde batek antolatu, eta, gainera, ez ditu biktimak «mespretxatzen». Hala ere, poliziei erakusketaren argazki eta bideo erreportajeak egiteko eskatu die, baita jarraipena egiteko eta «terrorismoa goratzea edo justifikatzea» eragozteko ere.

Auzitegi Nazionalaren erabakiaren berri jakin, eta Covitek errekurtsoa aurkeztu zuen atzo. Dioenez, erakusketak «kalte larria egiten die terrorismoaren biktimei».

Eusko Jaurlaritzak ere erakusketa bertan behera uzteko eskatu du «biktimentzako iraingarria delako eta terrorismoa goraipatzen duelako». Josu Erkorekak eskatu du «biktimekin sentikorrak izateko eta haien eskaerei jaramon egiteko». Aldi berean, gogorarazi du horrelako ekintzak ezin direla legez debekatu, baina «biktimekiko gizatasunari, hurbiltasunari eta sentsibilitateari» erreparatu behar zaiola. Gaineratu du gisa horretako adierazpenei babes publikoa ematea ez datorrela bat «iraganaren irakurketa kritikoarekin», eta garai batean erabilitako indarkeria eta urratutako giza eskubideak «ezereztu eta arinkeria balira bezala» tratatzen dituela.

EH Bildurentzat, legezkoa

EH Bilduk ez du uste «biktimen aurkako eraso bat» denik. Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak esan du «iraganera itzuli nahi duen jendea» dagoela, Bienzobas jada zigortuta dagoen preso bat dela eta «inori minik egiten ez dioten margolanak» egiten dituela. «Ez dut ulertzen zein unetan erakusketa bat, gai artistiko bat, biktimen aurkako eraso bihurtzen den», gaineratu du Aizpuruak. «Gauzak testuingurutik atera nahi dira, eta hauteskunde kanpainan gaudela nabari da», azpimarratu du.

Eudeleko lehendakari eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere erakusketa legezkoa dela esan du, baina gogorarazi du Bienzobas «terrorista» izan dela, giza eskubideak «urratu» dituela eta «hilketak egin» dituela. PSE-EEk, berriz, erakusketa bertan behera uzteko eskatu du, «lotsagarria» delako. Ildo beretik, PPk gaineratu du «terrorismoa goratzen duela» eta «biktimentzako umiliazioa» dela.

Galdakaoko Udalak nabarmendu du erakusketa Bienzobasen lagunek antolatu dutela eta kultur etxeko gela herritar guztien eskura dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.