Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Nori ardura zaio zaharren egoera?

2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Telebista piztu, eta hortxe daude bigarren olatuaren berriak. Zahar etxeetako berriakere olatuetan datoz. Informazio agertze eta desagertze horien inguruan asko pentsatu dut. Bat-batean, egoitza guztiek beren hormen artean koronabirusa omen zeukaten, eta hurrengo egunean ez zegoen batere berririk. Sare sozialetan murgiltzean efektu berbera dago, zahar etxeak trending topic dira gaurkoan, eta bihar ez dago komentario gehiagorik. Zer dela eta efektu hau?

Nire ustez, badago faktore garrantzitsu bat: interesa.

Hasteko, alderdi politikoak, orokorrean, nahiko isilik daude zaharren egoitzen egoerari buruz. Hasieran alderdi batzuek besteen kontra egiten zuten hauen autonomia-erkidegoan gertatutako kasuak salatuz. Egun batzuk pasa eta gero, haien guztien jarrerak alderantziz zihoazen, oraingoan arazoa beste taldekoek baitzuten. Eztabaida politikoak zabaldu ziren, adibidez, zahar etxeak pribatuak edo publikoak izan behar diren, baina pandemiaren egoerari konponbiderik eman gabe.

Pena handiagoa ematen dit zenbait familia-elkarteren jokaera. Bai Euskal Herrian bai estatu mailan, badaude familia-elkarteak presio handia egiteko ahalmenarekin. Komunikabideetan behin eta berriz ikusten ditugu arazo larriak salatzen, baina ondo aztertuta, oso erraz ikus dezakegu batzuek alborapen politikoa daukatela. Espainian zahar egoitza ugari daude pandemiak jota, baina elkarte jakin batek (ez dut izendatuko) pribatuei edo eskumako gobernuak kudeatutako egoitzei bakarrik eraso egiten die. Ez dut uste zaharrek zerbitzu egokiak edukitzeko familia-elkarteek «politika» egin behar dutenik. Zerbitzu hobeak, inspekzioak, ratioak, formakuntza eta abar exijitzea izan behar dute helburu, modu transbertsal batean egin behar dute familia guztiak barneratzen, eta egoitza guztien hobekuntza eskatuz. Baina, momentuz, jarraitzen dute gaurko egoera hobetzeko benetako konponbideak iradoki gabe.

Beste informazio eragileak zahartzaroarekin lotutako enpresak dira eta aldi berean haien inguruan dauden adituak. Enpresa bakoitzak bere zaintzeko eredua defendatzen du kutsatze datuak euren nahietara moldatuz. Adituek ikerketei heltzen diete euren eredua defendatzeko, baina gehienetan beste herrialdeetako datuak dira non kultura, zahartze era, ekonomia eta familia mota ezberdinak diren. Horiek ere, gaurko egoerari konponbiderik ez.

Amaitzeko, alderdi politikoek, familia-elkarteek, komunikabideek, enpresek eta adituek pandemia erabiltzen badute etekina lortzeko, nori ardura zaio benetan zaharren egoera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.